Zuten guztia —edo zuten gutxia— utzi, eta milaka etorkin iritsi ziren Euskal Herrira 1940, 50 eta 60ko hamarkadetan. Andaluzia, Gaztela eta Leon, Extremadura eta Errioxatik (Espainia) zein Galiziatik oldean iritsi ziren garai hartan. Etorkizun oparoago baten bila heldu ziren. Euren herrietako soro handietan bizkarra okertu arte lan egiteari irtenbidea bilatu nahi zioten, eta askok Gipuzkoan topatu zuten bide hori. Soroetan okertu beharrean, Gipuzkoan indartsu sortutako industria sektorean okertu zuten bizkarra haietako askok… Eta hemen gelditu ziren bizitzen, eta hemen sortu zuten familia, eta hemen jaio ziren euren seme-alabak, hemengoak dira haien bilobak.
Bihar, Gipuzkoako urrezko plaka emango die etorkin haiei Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kursaalean egingo duen ekitaldian. Aldundiak ezinbesteko jotzen ditu gaur egungo Gipuzkoa ulertzeko eta etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko. “Gure herria aberastu dute”, esan zuen Larraitz Ugarte foru aldundiko eledunak, urrezko plaka nori emango zioten iragartzeko prentsaurrekoan. Haien lanak eta esfortzuak aberastu du Euskal Herria, eta eurekin ekarritako kulturak aniztasuna eman dio Gipuzkoari.
Zaila da herri horietatik Euskal Herrira eta, zehatzago, Gipuzkoara etorritakoen kopuru bat ematea. Ez dago halako erroldarik. Baina, Gaindegiak 2013an argitaratutako datuen arabera, Euskal Herrian %71,5 dira bertan jaiotako herritarrak, %19,5 Frantzia eta Espainiako estatuetan jaioak eta %9 beste toki batekoak.
Leave a Reply