“Zenbat eta maila baxuagoa, hainbat eta irain gehiago”

Eskola kirolean beste kirol batzuekin batera probatu, gustatu eta jokalari izateaz gain, Xabier Larrañaga (Zarautz, 1989) laster hasi zen saskibaloiko entrenatzaile eta epaile lanetan ere. Ikasketaz kazetaria da, baina, horretan lan finkorik ez duenez, zaletasunari eusten dio, eta entrenatzaile zein epaile lanetan dihardu gaur egun. Espainiako txapelketan arbitratzeak ateak irekiko dizkiola uste du, eta lanak ongi egiteko gogoz dago.

Ikasketaz kazetaria zara. Zer egiten duzu saskibaloiko epaile lanetan?

Kazetaritza ikasi aurretik ere saskibaloiko epaile lanetan aritzen nintzen asteburuetan. Orain ere, aste barruan kazetari lanak egiten saiatzen naiz, eta asteburuak arbitro lanarentzat gordetzen ditut. Saskibaloia betidanik gustatu zait, eta epaile lanetan ikusten nuen neure burua. Umetatik izan dut lotura saskibaloiarekin; eskola garaian hiru kirol praktikatu nituen, baina kadetetara heldu eta aukera egin beharra izan nuenean, saskibaloia hautatu nuen. Hamar bat urte izango dira saskibaloiari erabat lotuta nagoela. Uste dut epaile lanetan ere buelta horretan hasi nintzela, 2005ean edo.

Baina esan daiteke lan horretatik bizi zarela?

Ba, gaur egun nire diru sarrera handiena epaile izatetik lortzen dudana da.

Saskibaloiko jokalari, entrenatzaile, epaile… denetarik izan zara. Zein duzu nahiago?

Hasten garen guztiok jokalari bezala hasten gara; klubean esaten digute eskola umeen partidak arbitratzen hasteko, eta epaile lanak egin nahi ez dituztenei buelta horretako umeen talderen bat entrenatzeko. Ni, hasieratik, entrenatzaile eta epaile lanetan hasi nintzen, eta urte batean hiru gauzatan aritu nintzen: jokatzen, entrenatzen eta arbitratzen. Senior mailara iritsi nintzenean, jokalari bezala lagun artean soilik joka nezakeen; entrenatzaile bezala ez nintzen erabat beteta sentitzen; aldiz, arbitratzen nahiko pozik nabil. Esan dezaket hori dela saskibaloian gustukoena dudan atala.

Zein mailatako edo adinetako jendea arbitratzen duzu?

Aurten, Euskal Herriko G4 epaile multzoan nago, Euskal Ligak deritzona izango litzateke, eta Euskal Saskibaloi Federazioan bi maila daudela kontuan izanda, baxuenekoan nago ni. Gipuzkoan edozer arbitra dezaket, kimuetatik hasi eta senior maila arte. Euskal Herrian, berriz, azken bi kategoriak: bigarren mailako emakumezkoena eta gizonezkoena; eta Euskal Ligak.

Saskibaloi partidak ikusita, irudipena dut arbitroek ia keinu hizkuntzan hitz egiten dutela.

Mundu guztiak esaten du, denek galdetzen dute ea hainbeste keinurekin ez garen nahasten. Azken batean, keinuena gure artean komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza da. Guk barneratuta daukagu, ez da konplikatua. Bi edo lau keinu dira, etengabe aldatzen doazenak.

Zer prestakuntza eskatzen dizue epaileoi zuen lanak; fisikoki-eta asko zaindu behar al duzue zeuen burua?

Euskal Herri mailan ardura batzuk baditugu, eta ni nagoen multzoan hiru hilean behin-edo azterketa teorikoak egin behar izaten ditugu. Horrez gain, urte hasieran proba fisikoak ere gainditzen ditugu. Denboraldian zehar, bakoitzak ikusten du zer egin nahi duen. Nik astean bizpahiru orduz korrika egiten dut, sasoi onean egoteko egin daitekeena horixe delako. Baina bai, aste barruan entrenatu egin behar da, asteburuetan sasoian egoteko.

Futbolean badago ohitura epailea ia denaren erantzule egiteko, hari txistuak jotzeko, hura kritikatzeko. Saskibaloian antzera izaten da, edo errespetu handiagoa dizuete?

Badago beste errespetu bat gurekiko, baina zenbat eta maila baxuagoa izan, hainbat eta irain gehiago jasotzen ditugu, gurasoen aldetik eta. Baina seniorretan badago nahikoa errespetu gure lana lasaitasun handiz egiteko. Lan hori ongi egiten badugu, ez dugu normalean arazorik izaten; gaizki eginez gero, gerta daiteke irainak-eta jasotzea.

Gurasoak, haurrei eredua eman ordez, arbitroa kritikatu.

Gure bileretan beti hitz egiten dugu gurasoen rolaz. Denek uste dute beren seme-alabak direla munduko jokalaririk onenak, eta saskiratzea lortzen ez badute, kanpo faktoreengatik izaten dela pentsatzen dute: defentsaren falta bategatik, adibidez. Orduan, errua ez diote botatzen beren haurrari, ezta beste umeari ere, errazena arbitroa kritikatzea da. Hala ere, badakigu hori beti egongo den zerbait dela, eta horrekin bizitzen jakin beharra daukagula.

Une gozo eta gaziren bat kontatzeko eskatuta, zer erantzungo zenuke?

Momentu txarra esango nuke 2012ko urte amaiera aldera-edo hasi zela. Garai horretan, arazo pertsonalengatik erabaki nuen arbitratzea urtebetez alde batera utziko nuela. Eta faltan sumatzen nuen, baina aldi berean ez nuen faltan sumatzen… Nahiko txarra izan zen bolada hori. Momentu ona, berriz, bihartik aurrera etorriko zait, lehen aldiz Espainiako Txapelketa arbitratuko dudalako.

Bihartik apirilaren 1era egongo zara bertan; urduri al zaude?

Urtarril erdialdean-edo esan ziguten Errenteriako kide bati eta bioi hara joango ginela, eta itxaronaldia nahiko luzea egiten ari zait; aste hau, bereziki, gogo handiz pasa dut. Beraz, eguna iristeko gogoa dut, baita lanak ongi egitekoa ere.

Aurrera begira eragina izango al du horrek?

Halakoek beti zabaltzen dituzte ateak, Espainiako jendearekin lan egitea beste maila bat da. Bertan aurkezpen egoki bat egiten badut, aukera gehiago izango ditut aurrera egiteko. Presio kutsua ere badut, baina azken hamar urteotan egindako lanaren sari moduko bat dela ere iruditzen zait. Gauzak ondo joango diren lasaitasunarekin nago, bereziki txapelketaz gozatzea nahi baitut.

Beraz, saskibaloi epaile izan nahi duzu aurrerantzean ere?

Oraingoz, ez dut beste lan finkorik, eta mundu honetan jarraitzeko aukera dudan bitartean eutsi egingo diot. Azkenean, hamar urte daramatzat honetan, eta nire bizitzako zati garrantzitsua da. Noski, lan aukera polit bat iristen bazait, eta asteburutan libre egotea eskatzen badit, ateak ezingo dizkiot itxi arlo pertsonalari ere.

Hamar urtetan, une xelebreren bat ere izango zenuen.

Bai, dezente daude. Izan daiteke epaileoz ahaztu eta kiroldegia gu barruan geundela itxi izana; izan daiteke kirolariren batzuekin izandako harremana… baina esango nuke mundu honetan ezagutzen ari naizen jende horrekin guztiarekin geratzen naizela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.