Adinekoen lau udal egoitza kudeatzen hasiko da diputazioa

Gipuzkoako Aldundiak kudeatuko ditu aurrerantzean Elgoibar, Azkoitia, Villabona eta Zumaiako adinekoen udal egoitzak, Kabia erakunde autonomoaren bitartez. Batzar Nagusietako osoko bilkurak onespena eman dio proiektuari aste honetan, eta, hori hala, azken pausoa eman dute aldundiak zentro horien kudeaketa bere gain hartu aurretik. Diputazioak ziurtatu du ez dutela aldaketarik egingo egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean, ezta baldintzetan ere. Gainera, blindatu egin ditu zentroetako langileen lan baldintzak; klausula bat gehituko du udalekin sinatutako hitzarmenetan, lanpostu guztiak eta lan eskubide guztiak berdin jarraituko dutela bermatzeko. Diputazioko ordezkariek datozen egunetan bisitatuko dituzte egoitzak, erabiltzaileei eta langileei “lasaitasun mezu bat” helarazteko.

Aldundiak iaz aurkeztu zuen Kabia erakundea, lurraldeko adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa pixkanaka bereganatzeko. Lehen lau herriotako egoitzak eskualdatu eta gero, Lasarte-Oriakoa gehituko zaio jarraian. Bost egoitza horietan 250 erabiltzaile eta 150 lanpostu inguru daude. 2016rako beste sei egoitza kudeatuko ditu Kabia organismoak: Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiakoak. 2017 eta 2018ra bitartean, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak pixkanaka pasatuko dira aldundiaren eskuetara.

Kabiaren sorrera urrats garrantzitsutzat jo zuen Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak erakundearen aurkezpenean. Gogorarazi zuen urte luzeetan aldundiak “azpikontratazioan oinarritutako zerbitzu publikoen kudeaketa eredua” diseinatu duela, eta, haren arabera, egungo gobernua zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzenaren alde dago. Hori horrela, erakunde autonomoak etorkizunean gizarte zerbitzu mota guztien kudeaketa hartzeko asmoa adierazi zuen diputatuak; horien artean daude adinekoen egoitzak, adingabeen zentroak, gizarteratzekoak, desgaitasunekoak eta beste.

Leave a Reply

Your email address will not be published.