A hmed. 12 urte. Lehen Hezkuntzako seigarren maila. Matematikekin ari zaizkio laguntzen, eta euskaraz erantzun dio kazetariari. Aurten hasi da laguntza Hazi eta Ikasiko boluntarioekin eskolak jasotzen. “Orain arte anaia zaharrenak laguntzen zidan etxeko lanekin, baina orain ez dauka denborarik. Gurasoek ezin didate lagundu, ez dakite euskaraz”. Jatorri arabiarreko hainbat ume daude Hazi eta Ikasiren Bidebietako eskoletan. Guztira 29 umeri ematen dizkiete eskolak Mendiola ikastetxearen geletan; horietatik 14 etorkinen seme-alabak dira, eta beste 15 bertakoak. Neskak 12 dira eta 17 mutilak. 22 irakasle boluntario daude.
Genesis. 8 urte. LHko bigarren maila. Ipuin bat irakurtzen ari da. Ikastolan euskaraz irakurtzen duela dio, baina gazteleraz erantzun dio kazetariari. “Gurasoek ezin didate lagundu, eta gustura etortzen naiz. Baina, batzuetan, haserre ere bai, gehiago gustatzen zait parkera joatea”. Hazi eta Ikasik 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilak hartzen ditu, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila bitartekoak. Amara, Atotxa eta Bidebieta auzoetan (Donostia) hartzen dituzte umeak, eta 120 ume inguru ari dira beraiekin guztira. Boluntarioak, berriz, 100 inguru dira. Astean bitan ematen dituzte eskolak, ordu eta erdi egun bakoitzean. Boluntario batzuk bi egunetan joaten dira, beste batzuk, berriz, egun bakarra egiten dute.
Valeria. 11 urte. LH 6. Gurasoak ukrainiarrak dira; bera hemen jaiotakoa da. Eskolan emaitza onak lortzen ditu, baina gurasoek ezin diote lagundu etxeko lanekin. “Hemen egiten ditut lanak, eta etxera itzultzean dena eginda izaten dut”. Hainbat ume eskolara etxeko lanak egin gabe joaten zirela eta ikastetxean ezarritako erritmoa ezin zutela jarraitu ikusita, 2008-2009 ikasturtean jarri zuten martxan Hazi eta Ikasi, ume horiei laguntzeko. Luz Olmedo (Cuenca, 1949) da sortzaileetako bat, eta egun Bidebietako eskolen arduraduna da. “Gutako asko irakaskuntza mundutik etorritakoak gara. Argi ikusten genuen bazirela umeak etxeko lanak egin gabe etortzen zirenak, egun bat bai eta bestea ere bai. Etxean ezin zieten jarraipen egokia egin. Eta, noski, eskola partikularrak ere ez ziren irtenbidea: egoera ekonomikoagatik, txikiegiak zirelako umeak…”.
Diana. 8 urte. LH 2. Aitarentzat marrazki bat egiten ari dela azaldu du, euskaraz. Ikastolan zer gustatzen zaion galdetuta, “ezer ez” erantzun du, lasai-lasai. Ikasleak ikastetxeetatik —publikoak zein kontzertatuak— bideratzen dituzte Hazi eta Ikasira. “Ikastetxeekin harremanetan jartzen gara, eta maila bakoitzean zenbat ume har ditzakegun esaten diegu. Ikastetxeek badakite zein ikasle mota bidali guri, etxean jarraipen egokia jaso ezin duten umeak dira, arrazoia edozein dela ere”, azaldu du Olmedok. Hala, ikastetxeak erabakitzen du nork behar duen eskolaz kanpoko laguntza, eta zentroak jartzen ditu kontaktuan gurasoak Hazi eta Ikasirekin. “Inoiz etorri zaigu amaren bat bere umea hartzeko eskatzera; baina, hori ezin dugu egin, zentroak erabaki behar du nor etortzen den guregana”. Ikastetxeak fitxa bat betetzen du umeak laguntza zein arlotan behar duen zehazteko.
Bi ume, irakasle bat
Ismael Bustos, 6 urte; bere aita Andreirekin joaten da. Txikienetako bat da. Kolorezko erregeletak erabiltzen ari da, zenbakiak ikasi eta batuketak egiten trebatzeko. “Gustura etortzen naiz, gauza asko ikasi ditut hemen. Gauza zailak ere bai. Orain dena dakit”. Ismael eta beste ume bat lan bera egiten ari dira, andereño batekin. Mutikoak asko hobetu duela dio irakasleak. “Normalki, irakasle bat bi umerekin egoten da, edo bakarrarekin. Ratio ona da, eta jarraipena, oso pertsonalizatua. Inoiz, boluntarioren bat falta bada, irakasle batek hiru ume izan ditzake, edo lau, baina normalean bi dira”, azaldu du Olmedok. Txikienekin bakarkako tratu hori oso garrantzitsua dela uste du Olmedok. “Txikienak irakurtzen eta idazten ikasten ari dira, eta oso lan nekaza da. Ume batzuek berehala harrapatzen dute, baina beste batzuekin… Lehen unetik ez bazaude gainean, galdu egiten dira, eta gainditzen oso zaila den atzerapen bat hartzen dute. Badakigu gure ekarpena ez dela oso handia, baina gure umeekin prebentzio lana egiten dugu”.
Omar. 13 urte. Marokon jaioa. B ereduan dabil, eta, boluntarioek euskaraz hitz egiteko gai dela esaten dioten arren, berak gazteleraz egiten du. “Ez, nik ez dakit euskaraz”, erantzun du. 3 urte zituela etorri zen Euskal Herrira. Ikasturte hasieratik ari da eskolak jasotzen. Olmedok dioenez, azken urte honetan jauzi handia egin dute irakasle boluntarioekin: “Gaur egun, euskararen kontua konponduta daukagu. Lehen arazo gehiago genituen. Gutako batzuk gai ginen euskaraz egiteko, baina beste batzuk ez. Orain, jende berria ari zaigu iristen, eta gero eta gehiago euskaldunak dira. Euskaraz ez dakitenek, halere, galdetu egiten dute, eta kito; izan ere, hemen ez ditugu gauza konplexuegiak ematen”. Boluntario batzuei, beraz, aspaldian ikasitako euskara freskatzeko aukera ematen die Hazi eta Ikasik. Gobernuz kanpoko erakundeak bideo bat egin zuen iaz (www.hazietaikasi.org), eta, zabaltzearekin batera, boluntario dezente heldu zaizkiela azaldu du Olmedok, pozik. “Laguntza guztia da ongietorria”.
Asier. 7 urte. LH 2. Genesis du aldamenean, eta Mari Karmen andereñoa ari zaie lanak egiten laguntzen. “Matematikak ikasten ari naiz. Biderketak. Taulak oso zailak dira”. Lantzen duten materiala ikastetxeetan lantzen duten bera dela nabarmendu du Olmedok. “Hala ere, guk gehien lantzen duguna etxeko lanena da. Etxeko lanak dauzkatenean, egiten ditugu. Ulertu ez dutena berriz azaltzen diegu, eta lanak egiten dituztela ziurtatzen dugu”. Olmedoren iritziz, etxeko lanak beti egin gabe eramaten zituen umearentzat “gauza handia” da eskolara lanak eginda joatea. “Motibazioan asko irabazten dute. Irakasleak lanak nork egin dituen galdetu eta eskua altxatzea, ‘nik eginda ditut’ esatea, beraientzat inportantea da”. Baina etxeko lanak ez dituztenerako materiala ere badu Hazik eta Ikasik. “Txikienekin, adibidez, Cuisenaireren erregeletak erabiltzen ditugu matematiketarako, eta idatzi eta irakurtzen ikasteko testuak ere prestatuta ditugu”.
Alberto Ancin. 68 urte. Irakasle boluntarioa. Irakaskuntza munduan inoiz ibili gabea. Bost urte daramatza Hazi eta Ikasin. “Hazi eta Ikasi martxan jarri zutenetako batzuk lagunak nituen, eta haien bidez etorri nintzen”. Valeriari ari zaio laguntzen. “Ahal dudan moduan laguntzen dut. Askotan galduta etortzen dira, eta ez dute lanerako gogorik izaten. Gure lana da euren gogoa piztea, motibatzea, baina ez hain modu akademikoan”. Ancinentzat, “esperientzia polita” da umeekin lan egitea. “Nik ere asko ikasi dut”.
Leave a Reply