Etxeko lanekin ezin lagundu, euskaraz direlako

Andrei Bustosek —kolonbiarra, 32 urte— semea eramaten du Hazi eta Ikasira. Bidebietako Mendiola ikastetxera joaten da Ismael astean bitan, eta aita pozarren dago han jasotzen duen laguntzarekin. “Semea ez zen bere gelakoen mailara iristen. Eta animoa apalduta zebilen. Ikaskideen mailara iristen ez zela ikusten zuen, eta batzuetan ez zuen eskolara joan nahi. Besteak gai ziren irakurtzeko, idazteko, batuketak eta kenketak egiteko, eta bera ez. Horrek lur jota zeukan”.

Ikasturte honetan hasi da Ismael laguntza eskolak jasotzen, eta aldaketa handia nabaritu dute gurasoek. Ikastetxean eman zieten Hazi eta Ikasiren berri, eta semea haiengana eramatea proposatu zieten. “Bi hilabeteren buruan, aldaketa handia egin zuela esaten etorri zitzaigun irakaslea. Guk ere ikusten dugu; gusturago dago eta pozik joaten da eskolara. Etxean ere lanak jartzeko eskatzen dit”.

Hizkuntza du arazo nagusi Bustosek. Semeak D ereduan ikasten du, “dena euskaraz”, eta berak ezin dio ia ezertan lagundu. Hazi eta Ikasik laguntzen dituen ume gehienen arazoa da hori. Jaione Jimenezi ere gauza bera gertatzen zaio. “Ni hemengoa naiz, baina beti gazteleraz ikasi dut. Orain, ezin diot semeari eskolako lanak egiten lagundu”. Bi urte daramatza Jimenezen semeak Hazi eta Ikasiko irakasle boluntarioen eskolak jasotzen.

Irakurtzeko eta irakurtzen duena ulertzeko ditu arazoak Jimenezen semeak. “Nik esaten diot buruketak itzultzeko, baina, noski, berak ez du irakurritakoa ulertzen, eta ezin du itzuli. Nahita ere, ezin diot lagundu”.

Bustos eta Jimenez “oso gustura” daude Hazi eta Ikasik eskaintzen dien laguntzarekin. Umeei eskolako martxa eramaten laguntzen diete, eta etxeko lanak eginda itzultzen dira etxera. “Laguntza izugarria da”, dio Jimenezek, “horrelako eskola gehiago egon beharko lirateke”. “Ikastetxe guztietan egon beharko lirateke laguntza eta sostengu eskolak, inork ez dezan martxa galdu”, gehitu du Bustosek.

Semeei ezin laguntzeak pena ematen die guraso biei. Halere, ezinbesteko ikusten dute umeek euskaraz ikastea eta euskaraz egitea, eta ez dira kexu. Alderantziz. “Noski, euskaraz ikasi behar dute. Nik nire umeek euskaraz egin dezaten nahi dut. Gaur egun euskara ezinbestekoa da, gero eta gehiago eskatzen dute, toki guztietan”, esan du Jimenezek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.