Haurren sormena museoan

Haurrentzako tailer ugari antolatu ditu San Telmo museoak egunotarako. Apirilaren 7tik 11ra, Natura sortzen haurrentzako programa prestatu du Mendia eta Japoniar lorategi bat aldi baterako erakusketekin lotuta. Saio guztiak 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatu dituzte, eta bi orduko iraupena izango dute.

Asteartean, 11:00etan, Japoniako lorategi bat sortzeko aukera izango dute Japoniar lorategi bat sortzen tailerrean. Hainbat material erabili ahal izango dituzte horretarako: ondarra, harriak, landareak… Asteazkenean, ordu berean, Mendian lar artean saioa egingo dute museoko hezkuntza tailerrean. Mendia erakusketan azaltzen diren zenbait kontzeptu landuko dituzte sormenaren bitartez. Erakusketa horrek euskal mendizaletasuna kirol, giza eta kultur ikuspegietatik aztertzen du. Ez ditu, ordea, mendizaletasunaren une historikoak bakarrik azaltzen: balioekin sortzen den identifikazioa, irrika kolektiboa, alderdi kulturalak, erlijiosoak, sozialak… ere kontuan hartzen ditu erakusketak.

Ostegunean, 11:00etan, haurrek lorez egindako mapa bat sortuko dute, Esther Pizarrok Japoniar lorategi bat instalazioan egin duen moduan. Hurrengo ostiral eta larunbaterako ere, hilaren 10 eta 11rako, beste bi tailer prestatu dituzte: Paisaiak sortzen lehen egunean, eta Gure paisaiak bigarrenean.

Sarrerak hiru euro balio du egun baterako erosiz gero; bi egunetarako txartela hartuta, bost euro dira. Museoko leihatilan eskura daitezke.

Haurrentzako tailerrak

Apirilaren 7tik 11ra bitarte, 11:00etan, San Telmo museoan (Donostia).

Leave a Reply

Your email address will not be published.