Herrietan, denok hezitzaile

Herri edo hiri solidario, libre eta justuagoak, munduari irekita daudenak dira herri edo hiri hezitzaileak; halaber, ezberdintasunen gainetik, elkarbizitza hobesten duten gizarteak eraikitzeko egitasmoak ere badira. Esparru irekiagoan kokatutako ikaskuntza komunitateak dira; herria bera hartzen dute ikaskuntzarako espazio, eta hezkuntza dimentsioak ematen dio zentzua komunitatearen bilakaera eta garapenari. Gipuzkoan badira horietako hainbat; Donostia, Zarautz eta Ordizia, kasu.

Mugimendu berria da hiri hezitzaileena. Edonola ere, 1970eko hamarkadan jada agertu zen Unescok egindako txosten batean. Izaten ikasi goiburupean kaleratu zuen argitalpenean, hezkuntzarako hiria kontzeptuak heziketaren eginkizuna zabaltzearen beharra nabarmendu zuen.

“Eskolaz harago, denok gara hezitzaile”. Hala dio Joxe Garmendiak, EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakasleak. “Udala ere hezitzailea da, eta, konturatu gabe, lan asko egiten ari da. Ohartu gabe askotan. Udaltzaina ere hezitzailea izan daiteke, eta kontu hartzailea ere bai”.

Filosofia eta Heziketa Zientzietan lizentziatua, hiri hezitzaileen egitasmoak ikertzen ditu. Duela zortzi urte ekin zioten, orri zuri baten gainean, Ordiziarako heziketa egitasmoa lantzeari. Herritarrak eta erakundeak elkarlanean jarri dituen proiektua diseinatu zuten orduan. EHUko irakasleen babesean, lehen lan ildoak zehaztu zituzten. Hiri hezitzaileen eredu teorikoaz aritu ondoren, eragileekin herriko diagnostikoa egin eta lehen oinarriak finkatu zituzten. Lau izan ziren helburu nagusiak: elkarte eta eragileen arteko harremana hobetzea, lankidetza eta trukaketa indartzea, ekintza batzuk elkarrekin antolatzea, eta ekintza horien zeharlerrotasuna lantzea. Hainbat urteko ibilbidearen ondoren, sustraiak bota eta oinarri sendoak ditu egitasmoak.

Egindako lanaren erakusgarri dira, esate baterako, 2013-2014 ikasturtean Ordizian egin zituzten 32 ekintzak. Belaunaldien arteko hartu-emana sustatzeko egitasmoak dira batzuk, euskara eta euskal kultura indartzekoak besteak, baina badira, halaber, emakumeak eta genero berdintasunaren ingurukoak, gazteak eta partaidetzari buruzkoak, eta gizarte inklusioa eta integrazioa lantzekoak.

“Ikuspegia da denok izatea pixka bat hezitzaile, bai erakundeak, eta baita eskola guneak nahiz herriko elkarte eta eragileak ere”. Hortik abiatuta, Euskal Herrian lan asko egin dela dio, egiten ari dela, eta ikuspegi hezitzailea badagoela. Ordizian lanean hasi zirenean, galdera bat egin zioten beren buruei: “Ba ote dago Gipuzkoan besterik?”. Eta baziren batzuk. Bakoitzak bere kontura lan egiten zuela ikusi zuten. Zenbait urteko ibilbidearen ondoren, ordea, hiri hezitzaileak saretzen dituen mugimendua badago. Bakoitzak bere nortasuna du, proiektu bakoitza ezberdina da. “Ez da erraza mataza hori osatzea. Baina bakoitzak egiten duen ekarpenarekin, bakoitzaren abiadurarekin, aleka-aleka denon artean aurrera egitea da kontua”.

Batez ere aisialdiaren bueltan, Gipuzkoako hainbat herritako aisialdi elkarte nahiz ludoteka ere bide horretan ari dira. Horren haritik, Garmendiak HikHasi egitasmoak egindako lana aipatu du. “Ildo bat definitzen ari da, lan molde bat, bereziki aisialdiarekin lotutakoa”.

Herri curriculumak

Udala, herri eragileak eta ikastetxeak osagarriak direla dio EHUko adituak. Ikuspegi horrekin, Gipuzkoan gero eta udal gehiagok ekin diote Herri Curriculuma diseinatzeari. Eskoletako curriculuma osatzeko, erakundeek eta tokiko eragileek abiatutako egitasmo hezitzaileak dira, hezkuntza formala eta ez formala uztartzen dituztenak. Ordizian, esate baterako, herriko historia jaso dute, nondik datozen jakinda nora joan nahi duten jakiteko. Argazki zaharren bilduma ere osatu dute garai bateko Ordizia ulertu ahal izateko.

Euskal curriculumaren itzalean, Orion ere historia, tradizioa eta nortasuna biltzen dituen proiektu pedagogikoa osatu dute. Orioko Curriculuma Sortzen taldea Gipuzkoako zenbait herritan egon da esperientzia elkarbanatzen, Oñatin edo Hernanin, esate baterako. Hala, Oñatiko Herri Curriculuma sortu dute, herriko ondarea ezagutu eta, belaunaldi berriei transmititzea helburu, bitarteko egokiak prestatu ahal izateko. Erroetara jotzea da gakoa, etorkizunera begira jartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.