Gaur egun zabaldutako kontsumo ereduaren aurrean, alternatiba gero eta gehiago existitzen dira Euskal Herrian. Urteak dira Gipuzkoan talde ugarik lan egiten dutela beste era bateko kontsumo baten alde, “arduratsuagoa” bultzatzaileen arabera; talde horien topagunea da Basherri Sarea.
Orain dela bi urte sortu zuten Basherri Sarea Gipuzkoako hainbat kontsumo taldek. Uztaro Kooperatiba sortu zenean, Biolurrek eta EHNEk bultzatutako ereduari jarraiki eratu zuten topagunea. “Batzarretan 10-12 taldetako ordezkariak biltzen gara normalean, baina, ahal dugun heinean, guztiei ematen diegu laguntza”, azaldu du Leo Argotek. Errenteriakoa da Argote, eta Azabaratza taldean kontsumitzaile gisa parte hartzen du. Azabaratza taldea Basherri Sarean dagoenez, horren kide ere bada.
Gipuzkoan agroekologia sustatzea da sarearen helburu nagusia, baita ekonomia eraldatzailea bultzatzea ere. Hala, nekazaritza abiapuntutzat hartuta, “gizarte eredu berri bat sortzea” nahi dute sareko kideek, Argotek azaldu duenez. Izan ere, baserritarrak desagertzen ari direla da nekazaritzaren arazoa harentzat: “Gaur egun, Gipuzkoan, %1,02 dira nekazariak; hau da, 3.000 lagun daude izena emanda nekazari gisa”.
Nekazari kopurua hain murritza izatea kasualitatea ez dela sinetsita dago Basherriko kidea. Merkatua “bost enpresen artean” kudeatzen dutela uste du. Produkturik merkeenak aurkitzeko urrutira jo behar dutenez, “horrek ekoizleak gizartearengandik gero eta urrunago egotera eraman ditu”. Ondorioz, baserriak desagertzen ari dira, sareko kideen iritziz. Beraz, galera hori saihestea da haien beste helburuetako bat. Gizartean, halere, bertako produktuen eskari handia egoteaz gain, “errespetua ere dago, eta azken bost urtetan 65 baserri sortu dira”.
Egoera horren aurrean, bertako ekoizle txikiak eta herritarrak elkartzeko beharra dagoela uste du Argotek. Hala ere, ekoizle txikiak aipatzen direnean ez dira soilik baratzezainak kontuan hartu behar. Kontsumo taldeek bultzatutako dinamikari esker, sasoiko barazkiekin osatutako saski bat jasotzen dute parte hartzaileek astero, eta saskia beste produktu batzuekin osatzeko zailtasunak dituzte. Antolaketa edo koordinazioan ikusten du akatsa Argotek: “Haragia ez da astero jasotzen, edo jende guztiak ez ditu esnekiak kontsumitzen”.
Oier Fuentes Bidazi elkarteko kidea da. Lesakan (Nafarroa) dute egoitza, eta haien taldean saskia beste produktuekin osatzeko urratsa egitea erabaki zuten orain gutxi. “Lokal bat dugu, eta, ekoizleei erosi eta gero, gure bazkideen artean produktu gehiago eskaintzen ditugu, ez bakarrik baratzekoak: haragia, esnekiak… Guk denetarik egiten dugu”.
Urrats hori egin zutenean, euren jarduna Bidasoaldera zabaldu zuten, eta bertako kontsumo taldeei saskia osatzeko aukera eskaini zieten: “Guk badugu azpiegitura bat denek baliatu dezaketena”. Kontsumitzaileen artean erabakiak harrera “izugarri ona” eduki zuela aipatu du Fuentesek; uste du baliabideak eta pertsona bat horretarako lanean edukitzea izan direla gakoak. Izan ere, auzolana eta lan profesionala uztartzen ditu elkarteak, “irabazi asmorik gabe eta gardentasunez”.
Basherriko kide ez diren arren, sarearen batzarretan parte hartzen dute. Haien kasuan ere, “agroekologia eta ekonomia eraldatzailea” bultzatzea dute helburu, baina “ikuspegi osatuago batetik”. Horrez gain, kontsumo ohituren eta horien ondorioen gaineko hausnarketa bultzatzen saiatzen dira herritarren artean, eta hori abiapuntutzat hartuta kontzientzia hartzea: “Zer eta zergatik egiten dugun, zein eragin sortzen duen hautu batek edo besteak…”. Gizarteari informazioa eta formazioa eskainiz gero, eta “aukera erreal” bat emanez, jendeari bide hori erraztu egiten zaiola iritzi du Fuentesek.
Hori horrela, Argotek bezala, Bidaziko kideak uste du merkatuak ezarritako baldintzek baserrien “gainbehera” ekarri dutela Gipuzkoan. Are gehiago, Gipuzkoan izandako industrializazioaren ondorioz, baserritik bizitzea “anekdotikoa” bihurtu dela uste du. Arrazoiak argi dauzka: “Elikadura kanpotik ekartzen da, kristoren dependentzia dago alde horretatik, prezioa etengabe igotzen da…”. Hala, herritarrek horren atzean zer nolako lana dagoen ikusten ez dutela uste du; lan baldintzak eta esfortzua aintzat hartzen ez direla pentsatzen du, eta, horrekin hausteko, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko “enpatia” berreskuratzea eta “gardena” izatea beharrezkoa dela deritzo. “Baserritarrari burujabetza bueltatzea alde horretatik, hark ere zer erein nahi duen eta nola aukeratu ahal izateko. Gaur egun hori ezinezkoa dela uste dut, horretatik bizi nahi duenarentzat behintzat”.
Biak bat datoz esatean kontsumo taldeek eskainitako ereduak elikadura burujabetzaren bidean jartzen duela gizartea. “Orain dela hamar urte Amigos de la Tierra elkarteak egindako ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan kontsumitzen genituen produktuak batez beste 5.000 kilometroko distantziatik zetozen”. Horrekin hausteko beharraz ohartarazi du Argotek: “Ez da soilik horiek ekoizteko behar izan duten energia fosila, baita horrek behar duen garraioa ere”.
Leave a Reply