Arraun Elkartea sortu zeneko 50. urteurrena ospatzen ari da Orio. Ospakizun ekitaldien barruan, biharko, aulki mugikorreko Orioko XVI. Nazioarteko Estropadak antolatu dituzte. Egun guztirako jarduerak antolatu dituzte. Estropadan parte hartuko duten taldeen aurkezpena 11:00etan izango da, eta 16:15ean hasiko da kirol ekitaldia Oria ibaian. 700 metroko ibilbidea dute lerroan, Arraunetxetik Orioko plaza bitarteraino. Gizonezkoak zortzikoan ariko dira eta emakumezkoak laukoan.
Orioko aulki mugikorreko seniorretako gizonezkoen entrenatzailea da, 2012tik, Miguel Angel Millares (Ribadeo, Lugo, Galizia, 1980). Arraunlaria ere bada, bai mugikorrean, eta baita finkoan ere. 2003an iritsi zen Oriora arraun egitera, eta 2006tik bertan bizi da.
Orioko nazioarteko estropada jokatzeko gogoarekin al dago taldea?
Bai, oso gogotsu eta estropada eguna etortzeko zain. Aurten, estropada asko geratu dira bertan behera eguraldi txarragatik, eta lehiatzeko gogoarekin gaude. Bi txapelketa bakarrik jokatu ditugu aurten, eta gainontzeko ia guztiak ez dira egin eguraldiagatik. Horregatik, Orioko Nazioarteko Estropadara gutxi lehiatuta gatoz. Baina, beno, gu egunero ari gara ondo entrenatzen, eta estropadarako egin dugu lana bereziki. Orain, apirilaren 4ko [biharko] Orioko Nazioarteko Estropada dugu helburu bakarra.
Caminhense, Molesey, Cambridge, Bordele, Banyoles, Amposta, Tui-Miño, Labradores, Nautico de Sevilla, Aviron Baiona eta Santiagotarrak taldeak izango dituzue estropadako aurkariak.
Cambridge eta Molesey Ingalaterrako taldeak dira, eta horietatik arriskutsuena Molesey dela esango nuke, nolako mailarekin datozen ikusita. Gero, Labradores eta Nautico de Sevilla ere aurkari gogorrak izango dira; Labradores azken lau urteetako Espainiako txapelduna da. Baina, hala ere, lan pixka bat ematen saiatuko gara, eta baita irabazten ere. Irabaztea beti da ederra, baina etxean irabaztea are ederragoa da.
Irabazteko aukera bai, orduan?
Bai, bai. Talde guztiek izango dugu irabazteko aukera, 700 metroko estropada bat da eta. Hau da, hiru minutu baino gutxiagoan jokatuko den estropada bat izango da, eta elkarren artean egongo den aldea gutxienekoa izango da. Aldea, askotan, azken metroetan erabakitzen da, eta askotan photofinish-ean ikusi behar izaten da. Denok izango dugu irabazteko aukera, eta detaile txikien arabera erabakiko da estropada: gehiago den talde batek ontzia zuzentzeko orduan akats txikiren bat egin, eta horrek estropadaren bukaeran eragin dezake. Orioko taldea irabazteko ahalegin guztiak egiteko prest dago.
Seniorretako taldea nola dago osatuta?
Talde nahasia da. Alde batetik, Imanol Garmendia eta Ander Zabala daude, iazko 23 urtez azpiko munduko txapeldunak, eta baita Jon Carazo ere; 25 urte ditu eta absolutua da. Hirurak Espainiako aulki mugikorreko taldearekin ari dira lanean egun. Gero, gainerako taldekideok egunero Orion entrenatzen dugu: 20-22 urte arteko 3-4, eta beste bi beteranoak garenak. Beraz, denetik dago taldean: Espainiako selekzioarekin lanean ari direnak eta klubean bertan ari garenak eguneroko lanean gogoz.
Urte batzuetan jokatu gabe egon ondoren, aurten berreskuratu egin da Orioko Nazioarteko Estropada.
Hala da, estropada hau egingo zela esan zigutenetik, oso gustura gaude taldekook. Orion, etxean, oso gustukoa den estropada da, Oria ibaian, herri barruan egiten da. 2009tik ez da egin, eta orain berreskuratzea ederra da. Nik orain dela hamar urte hartu nuen parte Orioko nazioarteko estropadan. Arraunlari gisa jarduteko ederra da, eta ikuslearentzako ikusgarria da lerroko lehia. Aurten telebistak emango du eta pantaila handi bat ere muntatuko dute. Egun eder bat izango delakoan gaude.
Estropada honek aulki mugikorra bultzatzeko balioko al du?
Hala nahi dugu izatea. Batik bat hemen, Gipuzkoan, aulki mugikorra bultzatzeko eta ezagutarazteko balioko du, jendeak ikus dezan zortziko estropada bat zeinen ikusgarria den. Jendeak ikusi behar du arraunaren mundua ez direla bakarrik Kontxa eta TKE liga; arraunean badaude beste modalitate batzuk ere kontutan hartzeko modukoak.
Orion bertan nola dago aulki mugikorra?
Nahiko apal dago gaur egun: Orio Arraun Elkartean aulki mugikorrean lanean 8-9 pertsona gabiltza, eta finkoan 34-35 pertsona. Hor ikusten da garbi zein nabarmentzen den gehiago. Euskal Herrian finkoak du garrantzi gehiago, eta aulki mugikorra bigarren plano batean gelditzen da. Espainia hegoaldean, berriz, alderantziz da, han aulki mugikorrak indar gehiago du. Garai batean, Orio aulki mugikorrean erreferentzia zen, mugitzen zuen jende kopurua kontutan hartuta, baina, klubera etorri nintzenean, ohartu nintzen TKE, KAE zirela garrantzitsuenak. Baina, beno, azken urteotan egiten ari garen lanarekin emaitza politak lortzen ari gara, eta horregatik pozik nago.
Orio Arraun Elkartea sortu zeneko 50. urteurren honetan, aulki mugikorrari ere garrantzia ematen ari zaio, ezta?
Elkartea beti nabarmendu da aulki mugikorragatik. Gaur egun, haurrekin eta harrobiarekin lan oso ona eta txukuna egiten da, fitxa asko ditu klubak eta jende asko dabil arraunean. Niri gustatuko litzaidake haur horiek seniorretara iristen direnean aulki mugikorrean ere segi dezatela. Mugikorra eta finkoa biak batera egin daitezke, garai batean halaxe egiten zen. Gauzak ondo eginda eta ondo antolatuta biak uztartu daitezke, eta bai batean zein bestean emaitza onak eduki.
Nolatan hasi zinen Orioko zortziko aulki mugikorreko taldea entrenatzen?
2011ko denboraldia bukatuta zegoen, eta Orio Arraun Elkarteko zuzendaritza berritu zen. Zuzendaritza talde berriak aulki mugikorreko entrenatzaile postua eskaini zidan, onartu egin nuen, eta gaur arte.
Aulki mugikorreko taldea hartu zenuenean, nahiko apal zegoen, ezta?
2012an hartu nuen nik seniorretako taldea. 2011n hala-hola ibili zen; orduan aulki mugikorra gainbeheran zegoen herrian. 2012an lagun batzuekin lanean hasi nintzen, eta 2013an mailan jauzi bat eman genuen gora. Iaz, berriz, kirol emaitza aldetik urterik onena izan genuen: distantzia luzeko eta lerroko Euskadiko Txapelketak irabazi genituen, eta Espainiako Txapelketan bigarren gelditu ginen zortzikoa lemazainarekin mailan. 2012tik mailaz maila gora egin dugula esan dezakegu, eta Oriok aulki mugikorrean izandako maila lortuta gaudela. Goi mailan aurrean dabiltzan taldeekin lehiatzeko mailan gaude, Nautico de Sevilla edota Labradores de Sevillaren kontra.
Leave a Reply