Garagardo Azokak hartua du Zarauzko Munoako karpa asteazken iluntzetik. Gaizka Garitano Eibar futbol taldeko entrenatzaileak eman zion hasiera aurtengoari, eta, astelehenera bitarte, askotariko ekintzak prestatu dituzte, jan-edanetatik haratago.
Egunero 12:00etatik 01:00etara egongo da zabalik azoka. Barra ingurutik aparte, musean ariko dira gaur arratsaldean. Parte hartu nahi duenak, izena emateko aukera du oraindik. 15:30ean hasiko da txapelketa, eta 15:00ak arte izena eman ahalko da azokako leihatilan. 25 euro ordaindu beharko da bikoteko; jokoa hiru usteletara izango da.
Bihar eguerdiko otordua BEERtso bazkari bilakatuko da. 14:30ean elkartuko dira, eta bazkariaren ondotik, bertsotan jardungo dute Andoni Egañak eta Amets Arzallusek. Bazkarirako txartelak 20 euroan eskura daitezke azokako leihatilan, gaur gauera arte. Haurrek ere beren txokoa izango dute. Egunero, 13:30etik 15:30era, begiraleak egongo dira, askotariko jarduerak egiteko: eskulanak, margolanak, ipuinak…
Musika gauero
Kontzertuei dagokienez, eskaintza zabala izango da gauetan. Gaur, esaterako, Eibarko The Vartools rock and roll taldea ariko da. Bihar, Gari Dz disko jartzailearen txanda izango da; igande gaua, berriz, Hiru Gabe taldeak girotuko du.
Hamabosgarren aldia du aurten azokak. Urtero bezala, Zarautz Rugby Taldeak antolatu du, festa giroa sortu eta, bide batez, taldea diruz laguntzeko. Antolatzaileek diotenez, lehen alditik asko aldatu da azoka. Hasieran sukaldea oinarrizko karparen barnean zegoen eta janari prestaketa guztiak jende aurrean egiten ziren; ordutik, ordea, karpa handiagotu, sukaldea jende artetik atera, eta barra luze bat jarri dute.
Astelehenera bitarte, 12:00etatik 01:etara, Munoako karpan (Zarautz).
Leave a Reply