Arrantzaleen festetako oihalak soinean, urdin-urdin jantzita, kalean gora kalean behera ibiltzeko sasoia heldu da Zumaian: gaur hasiko dituzte festak, San Telmo egunaren aurreko asteburuan, eta zernahi topatuko dute bertakoek nahiz kanpokoek. Astelehenean izango da, berriz, egun handia, eta nahikoa izan ez dutenek, datorren asteburuan izango dute jarraipena.
Gaur 18:00etan hasiko ditu jaiak San Pedro Txiki abesbatzak, kofradian, eta handik herrian zehar kantuan ariko dira kalejiran. Gauean, berriz, bertso saioa izango da, Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Jon Maia eta Fredi Paiarekin, 22:30ean, Aita Mari aretoan. Ordu berean kontzertua ere bada beste doinu batzuk nahiago dituenarentzat: Suaia eta Lahaine, Patrol Destroyers taldeak eta DJ Matta izango dira txosnetan.
Biharko egunera, berriz, honako hauek daude iragarrita: Udal Txistularien Bandak joko du 11:00etan, eta 12:00etan txupinazoa izango da, jaiei hasiera ofiziala emanez, SanTelmo ermita inguruan. Dantzen ikuskizuna, herri bazkaria, haurrentzako jolasak eta jaialdiak, txarangak, buruhandi eta erraldoiak, eta beste hamaika egiteko egongo dira. Gauean, berriz, Zartako, Skakeitan eta Bilbomatiks taldeek kontzertua emango dute txosnetan, eta Bide Batez taldeak kofradian.
Etzi, goizean goizetik hasiko da festa: Zumai Txarangako gazteak aterako dira kalejiran , 09:30ean, eta hortik aurrera scalextric tapelketa, hamaiketakoa eta haurren danborrada izango dira, besteak beste, goizean. Arratsaldean, berriz, 18:00etan, Trikitxas bikotea kalejiran aterako da, eta Joxe Mendizabalen kantu kalejirak jarraituko dio. Txosnetan ere ez da musikarik faltako Skaleak eta Guri 5 taldeen emanaldiekin, eta kofradian, berriz, Dindots taldeak joko du. Bi emanaldi horien artean egingo dute Danborrada Berezia.
Egun handia
Urtero bezala, 10:15ean prozesioan joango dira herritarrak San Telmo ermitara, eta meza eta gurtzea izango dira. Horren ondoren, hamaiketakoa eskainiko zaie gonbidatuei, kofradian.
Incansables txarangak ekingo dio festa giroari, Ondartxon hasita, 12:00etan, eta handik ordu erdira Gorritiren saioa egongo da Eusebio Gurrutxaga plazan. Arratsaldean, haurrentzako txokoa irekiko dute, 17:00etan: Kulkirekin jolasak izango dituzte, eta baita Industriaren Kirol Parkea eta xakearen jolasa ere.
Pilota partiden eta Incansables txarangaren emanaldiaren ondoren, Lotxo taldearen dantzaldiarekin amaituko dute eguna, kofradian.
Leave a Reply