Euskal Herria, XVIII. mendea. Gain behera zihoan ekonomia; hura suspertzeko nahia, berriz, pil-pilean zegoen. Horretarako, bat egin zuten eliteek, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten 1776. urtean, Frantzisko Xabier Munibe Peñafloridako kondeak bultzatuta. Europan ikusten zituzten mugimendu berriak ekarri nahi zituzten Euskal Herrira; tartean, goi mailako hezkuntza eta zientzia landuko zituen zentro indartsu bat egitea zuten buruan. Frantzian ezagutzen zituzten zentroen estilokoa. Leku bila hasi, eta Bergaran hutsik zegoen Errege Mintegia. Munibek eta beste zenbaitek herrian ernetako ideiak muga guztiak gaindituko zituen: seminarioa Europako ikastetxerik eta ikerketa zentrorik garrantzitsuenetako bat bilakatu zen XVIII. eta XVIII. mendeetan.
Argien Mendea zen, Ilustrazio garaia. Momentu hartan sortzen hasi zen Europan zientzia modernoa izenez ezagutzen dena; kimika modernoaren sorreran lanean ari ziren Frantzian, Suedian, Alemanian eta Erresuma Batuan. Euskal Herrian, aldiz, inork ez zuen zientzia ezagutzen, eta irakasleak kanpotik ekarri beharrean zeuden.
Hori horrela, kontratatze politika jarri zuten martxan: Parisen-eta irakasle lanetan zebiltzan zientzialariak erakarri zituzten. Bergaran bildu ziren, hortaz, Joseph Louis Proust, Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiak, Pierre François Chabaneau, Anders Nicolaus Thunborg… Horiez gain, puntako beste hainbat zientzialarirekin ere harremanetan izan ziren Errege Mintegiko zuzendariak: Antoine Lavoisier, Joseph Black, Tobern Oloff Bergman eta Carl Wilhelm Scheelekin, besteak beste.
Seminarioak lehen mailako kimika laborategia hartu zuen, Europako hoberenetariko bat. Horren erakusle Thunborg kimikariak esanak. Uppsalako (Suedia) unibertsitatetik zetorren, Europa mailan mineralogia eta kimika arloan leku nabarmenetako batetik. Bergaran zegoela, eskutitz bat idatzi zien hango kideei, kontatzen nola herri txiki batera iritsi zen, eta nola topatu zuen Uppsalako laborategia baino lau aldiz handiagoa zen beste bat: “Laboratorium Chemicum eraikin oso handia da; ez dira gailu eta material baliotsuak falta. Inbentarioa egin zutenean, harrituta geratu nintzen”.
Mintegiko laborategiak ekarpen unibertsala egin zion zientziari. Tartean, elementu berri baten aurkikuntza. Elhuyar anaiek 1783. urteko uda osoa laborategian eman zuten wolframa aurkitzeko. Garai hartan 24 elementu kimiko ezagutzen ziren bakarrik; orain, 118 elementu dira.
Wolframa aurkitzea, ordea, ez zen lorpen bakarra izan: platinoa xaflakor egitea ere lortu zuten Errege Mintegiko pareten artean. Ezpurutasunak kentzeko metodo erraz eta eraginkorra topatu zuen Chabaneau kimikariak 1786an, eta, horrela, platinozko lehenengo lingotea lortu zuen. Ordurako, platinoa ezagutzen zen, baina hondakindegira joaten zen meatzeetan, ez zirelako gai beste mineraletatik bereizteko. Laborategiaz gain, lorategi botaniko bat ere sortu zuten 1850eko hamarkada hasieran seminarioan, eta ondo hornitutako behatoki meteorologiko bat ere bazuten.
Irakasle ez ezik, espioi lanetan ere aritu ziren mintegiko zientzialari batzuk. Industria espioitzako proiektu bat martxan jarri zuten, eta Elhuyar anaietako bat, Juan Jose, espioi gisa aritu zen Europan, Ignacio de Montalvo nafarrarekin batera. Jauntxoek zuzentzen zuten proiektua Bergaratik, eta helburua zen ingelesek-eta kanoiak nola egiten zituzten topatzea. Horrela, Karlos III.a Espainiako erregeak zuen arazo bati irtenbidea eman nahi zioten: bere kanoiak lehertu egiten ziren hainbat tiroren ondoren. Hala, proiektua garatzeko dirua jartzeko eskatu zioten erregeari, eta, trukean, Bergaratik espioiak bidali zituzten Karlos III.aren kanoiak hobetu ahal izateko.
Hezkuntzan, gorenean
“Herriarentzako baliagarri izango ziren gizonak” hazten zituzten seminarioan —horregatik deitu zioten seminario, haztegi gisa, eta ez apaiztegi modura—. Hezkuntza arloan, zientziari lotutako gaiez gain, beste hainbat irakasgai ere bazituzten: Latina, Erlijioa, Filosofia, Matematika, Frantsesa, Ingelesa…
Errege Mintegiaren hasierako bultzadak XIX. mendean ere jarraitu zuen. Ospe zientifikoa hain handia ez izan arren, hezkuntza mailan nabarmendu egiten zen oraindik. Lehen Karlistadaren ondoren, adibidez, hezkuntza berritzeko hainbat saio egin zituzten estatu mailan, eta Bergarak erreferente izaten jarraitu zuen. Bigarren Hezkuntza bultzatzeko, probintzia bakoitzean institutu bat jartzea erabaki zuten, hiriburuetan normalean; Gipuzkoakoa, baina, Bergaran jarri zuten.
Garai bertsuan, industrializazioa heldu zen. Europarekin alderatuta, ekonomia nahiko atzeratuta zegoen, eta gainerakoen mailara iritsi ahal izateko, ingeniariak formatzeari ekin zioten. Eskolak sortu zituzten Bartzelonan, Sevillan, Madrilen…Eta Bergaran. Euskal Herrian bakarra zen, eta, beraz, han ikasita bakarrik lor zitezkeen zenbait titulu: ingeniari mekaniko edo ingeniari kimiko izateko tituluak, esaterako. Arazo ekonomikoak zirela eta, ordea, ikasle kopurua gutxituz joan zen, eta 1860an itxi egin behar izan zuten industria eskola.
Eraikinaren erabilera, hala ere, ez zen bertan behera geratu. Telesforo Monzon Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Bergarako alkate izandakoak Errege Mintegiaren zuzendaritza hartu zuen 1860ko azaroan. Eraikina berritu eta handitu zuten, Mariano Jose Laskurain arkitektoaren laguntzarekin. Gerora, beste hainbat pasadizok inguratu dute eraikina: 1873an tropa karlistek mintegia konfiskatu zuten, eta, ondorioz, bertan behera geratu zen Bigarren Hezkuntzako institutua. XX. mende hasieran, berriz, Aita Domingotarren ikastetxea egon zen han, 1972ra arte. Errege Mintegia UNEDen egoitza da 1976az geroztik.
Leave a Reply