Argiak ilun daude Bergarako Errege Mintegiko biltegian. Plastikoz estalita daude apalak; piezak babesean dituzte, lekualdatuak izateko bidean. Lehen begiratuan ikusi ez arren, kalkulaezina da eraikinak biltzen dituen istorioen eta historiaren balioa: XVIII. eta XIX. mendeetan Euskal Herriko hezkuntza eta zientzia erakunde garrantzitsuena hartu zuen Errege Mintegiak, eta orduko laborategietan erabilitako elementuetako asko gaur egunera arte mantendu dituzte. Mineralak daude, fosilak, giza anatomiaren modeloak, kimika eta fisikako tresneria, zoologia bilduma. Ekain erdialdetik, Laboratorium museoan ikusgai izango dira horietako zenbait —seminarioan zegoen Laboratorium Chemicum laborategitik dator izena—.
Iñaki Irizar eta Rosa Errazkin udal teknikariek eta Arianne Kareaga zinegotziak gidatu dute bisita. Errazkinek mahai gainera atera du giza eskuin begiaren modelo bat, baita eskailera sugeak dituen pote bat ere. Mahaia bera ere ez da nolanahikoa: Bergarako Besarkada sinatu zuten hor gainean Rafael Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak, 1839an. Panthera pardus XIX. mendeko lehoinabarra ere gelan gordea dute; koadro batean, biltegiko ganbaran aurkitutako balearen eskeletoa seinalatu du Irizarrek.
Bergaran hezkuntzaren eta zientziaren alde egindako apustuak material mordoa utzi zuen bi mendetan. Balioaz ohartu eta ondarea zabaltzeko asmoz, museo bat egitea erabaki zuen udalak 1981ean, baina luze jo du proiektuak. Batetik, bildumen eta erakundearen historian sakontzen jardun dute, eta, bestetik, bilduma berreskuratzen joan dira. “Bildumen egoera oso kaskarra zen: piezak apurtuta zeuden, eraikinaren zenbait gelatan sakabanatuta…”, dio Irizarrek. XVIII. mendeko hainbat tresna gorde arren, material gehiena XIX. mendekoa da, Parisen erositakoa —Berlin eta Londrestik ekarritakoak ere badira—. Elementuak sailkatzea ere ez da lan erraza izan: “Antzinako tresneria zientifikoari buruz gaur egun hasi da informazio asko azaleratzen, artxiboak digitalizatzen joan diren heinean, baina orain dela 10-15 urte oso zaila zen”.
Gizarte museoa
Errege Mintegitik Errekalde jauregira doa bisita, benetako museora. Han egongo da Laboratorium. Eraikinaren aurrealdean jarriko duten panela ere iritsi berri zaie: “Hau badoa aurrera, beste pauso bat gehiago”, dio Errazkinek, pozik. Museoa izango denaren atarian, gizarte museo kontzeptuaz ari da Irizar: “Gizarte museo batean ezinbestekoa da museoaren eta inguruko eragileen artean lotura oso handia egotea, eta museoaren jardueraren zati bat beraiekin egitea”. Dioenez, aldi berean bildumekin eta lurraldeko ondarearekin lan egitea lortu behar da; bisitariekin lan egitea, baina baita herritarrekin ere. Gainera, museoa “gizartearen garapen iraunkorrerako tresna” izan dadin nahi dute, “tresna bizi eta ireki bat”. Horretarako, udalak museo arloko teknikariak, tokiko garapenekoak eta parte hartze sailekoak elkartu ditu, eta, era berean, bisitak egiten ari da herritar eta eragileekin, haien ekarpenak jasotzeko asmoz.
XIX. mendekoa da Errekalde jauregiaren eraikina. Kanpotik ez ezik, ikusgarria da barrutik ere. Beira leihoak paretetan, egurrezko egitura, espazio zabalak. Berri usaina dario. Lurra aldatu dute, baina jatorrizkoa da egurra.
Harrera gunea prest da. Bi funtzio izango ditu, gainera, turismo bulegoa ere han jarri baitute. Beheko geletako bat aldi baterako erakusketen tokia izango da. Eskailerak igota, berriz, erakusketa iraunkorra bisitatu ahalko da. Ehun pieza inguru jasoko dituzte horretan: “Gainerako materiala jarduera didaktikoetan erabiliko dugu, eta baita aldi baterako erakusketetarako ere”.
Solairuko buelta osoa hartuko du erakusketa iraunkorrak. “Duela 250 urte pertsona batzuek ilusio handiarekin proiektu oso handia martxan jarri zutela kontatzen da hemen, eta horrek izan duen eragina ezagutzera gonbidatzen ditu bisitariak”, dio Irizarrek erakusketa hasiko den guneari seinalatuz. Lehen bi guneetan, Ilustrazioan egindako apustuak eta emaitzak jasoko dituzte, hau da, kalitatezko hezkuntza eta zientzia Euskal Herrira ekartzeak izan zuen eragina. Garapenari ere jarriko diote arreta: fisikaren garapenak, industrializaziora aplikatuta, nolako aldaketak sortu zituen XIX. mendeko gizartean. “Tresna berriak hasten dira sortzen, mugitzeko moduak aldatu egiten dira…”.
Natur zientziei ere egingo diete tokia. Irizarren arabera, XIX. mendean natur zientziek sekulako garapena izan zuten, eta horiei esker, mende bukaeran asko aldatu zen pentsatzeko modua. “XVIII. mendean gizarteak pentsatzen zuen: ‘Gu kreazio berezi baten emaitza gara, mundua infinitua da eta gure zerbitzura dago’. XIX. mende bukaeran, berriz, garapenak bestela pentsatzera eraman zituen: ‘Gu bat gehiago gara, homo sapiens, eta mundua finitua da’. Ordurako planteatzen zen lurraldea ez dela agorrezina, erabiltzen den moduaren arabera”. Historia orokorra izan arren, ardatz gisa erabiliko dituzte Errege Mintegia eta haren bilduma.
Ibilbidearen bukaeran, ikus-entzunezko batek agurtuko du bisitaria, eta bi hausnarketa proposatu: “Batetik, planteatuko zaie ea beren ustetan datozen aldaketei aurre egiteko kalitateko hezkuntza eta zientzia baliagarriak diren, eta, bestetik, XVIII. mendean bezala eliteen esku utzi behar ote diren aldaketak, edo denon artean egin”.
Jarduera didaktikoak
Ikusiz ikasteaz gain, egiten ikasteko aukera ere eskainiko du museoak. Horretarako, jarduera didaktikoak antolatuko dituzte, bai alde humanistikotik, baita arlo zientifikotik ere. Datozen asteetan hasiko dira jarduerak diseinatzen, ekarpenak jaso ondoren. Besteak beste, zientzia laborategi bat jarriko dute museoan. Gela prest dute, eta hilaren 15ean hasiko da muntatzea; jarduerei, berriz, hurrengo ikasturtean ekingo diete. “Publiko ezberdinekin lan egingo dugu. Gure nahia da gazteekin lan egitea, gaurko arazoak ondo identifikatu eta zientziaren bidez soluzioa ematea”.
ESPERIMENTU ESPERIENTZIADUNAK. Errege Mintegia aitzindaria izan zen fisikan, kimikan zein zoologian. Europa osoko puntako zientzialariak hartu zituen XVIII. eta XIX. mendeetan. Elhuyar anaiek wolframa aurkitu zuten mintegiko laborategietan, eta François Chabaneauk platinoa purifikatu zuen lehen aldiz. Jarraitu irakurtzen, HEMEN.
Leave a Reply