Urola aldeko kontu eta komerixek liburua atera berri dute Gurutz Garmendiak (Azkoitia, 1972) eta Josu Arrietak (Azkoitia, 1961). Euskal mitologiarekin eta Urola eskualdearekin lotutako hamar ipuin osatu ditu Garmendiak, eta Arrietak irudiak sortu ditu. Mitologiarekin lotutako eskualdeko ipuinak, kontakizunak eta elezaharrak ezagutaraztea dute helburu. Horregatik, ipuin kontaketak eta gaia lantzeko tailerrak ere egin nahi dituzte herriz herri; Azkoitian eta Azpeitian egunak lotzen hasita daude.
Nondik nora sortu zitzaizuen liburua egiteko ideia?
GURUTZ GARMENDIA: Urola eskualde inguruko kontakizunak jaso eta horren inguruan liburu bat atera edo lantxoren bat egiteko asmoa nuela komentatu nion Josuri. Nik betidanik eduki dut gai honekiko interesa, eta aspalditik nabil horrelako kontuekin. Josuk baietza eman zidan, eta, hala, orain dela hiru urte eskualdeko mitologia eta kontakizunak lantzeko proiektua hasi genuen.
Nola egin duzue biltzeko lana?
G. G.: Hiru iturri nagusi izan ditugu: alde batetik, bertako adinekoei galdetu diegu ea ipuinak, kontakizunak ezagutzen zituzten. Gero, orain arte argitaratutakoa begiratzen ibili naiz; bereziki, Jose Migel Barandiaranen Enciclopedia de la mitologia vasca. Hark sekulako lana egin zuen, baserriz baserri ibili eta dena jasoz. Horrek aukera eman zidan Urola eskualdeko sorta bat biltzeko. Gero, jasotako materiala borobiltzeko lan bat egin dut, zatiak lotu eta neure sormen lana gehituz. Josuk egindako irudiekin lagunduta, hamar ipuin bildu ditugu liburuan.
Orduan, ipuin horiek zure sormen lana ere badute?
G. G.: Bai, zati motzak lehengoko kontakizunetatik jasotakoak dira, baina gero horiei neure sormen lanaren bidez forma bat eman diet. Gero, Aitor Puik dezente lagundu zidan zuzenketa lanak-eta eginez.
Bilketa lan horretan aurkitu al duzu oraindik kontakizunak gordetzen dituen jendea?
G. G.: Galduta daude gehiago. Horregatik, ipuin gehienak Barandiaranek egindako lan horretan oinarritu ditut, orain dela 50 urte edo aitona-amonek kontatutakoak eta hark jaso zituenak. Gaur egun, kalean ez dira ezagutzen ipuin horiek; galduta daude. Bestela gehiena ezagutzen diren guneak baserriak eta auzuneak dira.
Eta Urola aldean nabarmentzeko izaki mitologikoak zeintzuk dira?
G. G.: Amuteko Dama aipatuko nuke nik. Durangaldean Mari bezala ezagutzen dena. Euskara herriz herri eta bailaraz bailara aldatu egiten den bezalaxe, ipuinak, kontakizunak eta pertsonaia mitologikoak ere aldatu egiten dira. Azkoitia aldean, Amuteko Dama deitzen zitzaion Mari bezala ezagunagoa den horri. Orain dela urte batzuk, Izarraitz azpian, Olaso aldeko Aizpuru baserrian ibili ginen. Han baserriaren izkina batean harrian landutako emakume irudi bat dago: emakume baten aurpegia da, eta buruaren inguruan ilargi betearen ertzak bezala ditu irudikatuak. Lanketa bat egin genuen, eta bertako baserritarrek sorgina deitzen zioten. Atera genuen iritzia izan zen Amuteko Damaren irudia ere ba ote zen. Liburuan jaso dugun ipuinetako bat horren ingurukoa da.
Amuteko Damaz gain, Sanson jentila-eta aipatzen dira ipuinetan.
G. G.: Askotan pentsatzen dugu jentilak bakarrik Aralarren bizi izan zirela, baina badirudi inguru hauetan ere izan bazirela. Adibidez, Aitzan [Azkoitia], Izarraitz aldean eta Elosuan bizi izan zirela esaten da, eta kontakizunak badaude; ipuin bat horietako batetan oinarritutakoa da. Ipuin horren kasuan, Barandiaranek jasotako pasarte txiki batetik abiatuta osatu nuen.
Eta irudi mitologiko horiek irudikatzeko nola moldatu zara, Josu?
JOSU ARRIETA: Erraza izan da, oso ipuin politak direlako, eta erraz irten zaizkit, berehala. Kaleko jendeari ere erreparatu diot; bateren baten irudia Amuteko Damarena izan zitekeela pentsatu, eta tankera horretan egin dut.
Orduan, kaleko jendea izan duzu inspirazio iturri?
J. A.: Bai, bai, baten eta bestearen traza hartu eta egin ditut irudi batzuk.
Urteak daramatzazu margotzen. Inoiz landu al duzu mitologia?
J. A.: Ez, aurretik marrazkietan inoiz ez dut landu gai hau. Baina gaiaz irakurri izan dut, bai lehendik eta baita lan hau egiten jardun bitartean ere, gai polita iruditzen zaidalako. Horregatik, Gurutzek proposamena egin zidanean berehala esan nion baietz.
Margotzeko zer estilo erabili duzu?
J. A.: Beti egin dudan estiloan egin ditut libururako irudiak ere; marrazki sinpleak eta kolore planokoak dira. Soilak dira marrazkiak.
Liburua egin bai, baina nola kaleratu duzue?
J. A.: Azkoitiko Udalaren laguntza jaso dugu.
G. G.: Bai, udalak diruz lagundu digu, eta Azkoitiko FK grafikakoek diseinatze eta inprenta lan txukuna egin digute. Udalak eman digun laguntzarekin eta babesarekin batera hitzarmen bat sinatu dugu. Akordio horren barruan Azkoitian liburu aurkezpen bat antolatu genuen. Gero, bi ipuin kontaketa egingo ditugu, eta ikastetxeetan euskal mitologiaren inguruko bi tailer emango ditugu. Horrez gain, gai hau landuz herriko haurrek eskulanak eta marrazkiak egingo dituzte, eta Torre Zurin erakusketa bat antolatuko dugu. Gure ahalegina ez da bakarrik liburua ateratzea. Mitologia eta kondairak lantzeko premia handia dago. Badaude aitona-amona batzuk kontu hauen berri badakitenak, baina bilketa metodiko bat egin beharko litzateke eta azterketa bat egin, zehatz eta zorrotz bilduz. Guk gaiaren inguruko interesa dugulako, pixka bat azaleratu egin dugu liburu honen bidez, baina oraindik lanketa eta bilketa hori guztia egiteko dago.
Azkoitian hasi zarete gaia lantzen, baina Urola eskualdera ere zabaldu nahi duzue, ezta?
G. G.: Bai, Azpeitian apirilerako lotu ditugu bertako udal liburutegiarekin liburuaren aurkezpena eta ipuin kontaketa bat. Gero, gaia lantzen hasteko tailer solasaldi bat egingo dugu jendea animatzen bada. Horrez gain, Zestoan, Errezilen eta Beizaman ere nahiko genuke gaia lantzeko zerbait antolatzea.
Leave a Reply