Komunikazio esparruko ikasketetan sortu zitzaion irudiarekiko interesa, eta hortik murgildu zen diseinu kontuetan Ariane Retegi (Oiartzun, 1987). Bere kasako lantxoak egiten ditu etxean egokitzen ari den gunean, eta uste du modak guztiongan duela eragina, janzteko estiloak bakoitzaren izaeraz zerbait esaten duela.
Diseinurako berezko zaletasuna duzula esan daiteke.
Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, eta diseinuaren munduak betidanik erakarri izan nau ordutik, diseinuak, edo irudiak berak, akaso. Lizentziatura amaitutakoan Bartzelonara joan nintzen graduondoko batzuk egitera, argazkigintza eta arte zuzendaritzaren ingurukoak. Eta, han nengoela, iruditzen zitzaidan diseinuaren munduari urrunetik begiratzen niola. Itzuli nintzenean, krisi garaia zen justu, eta ez nuen lanik. Interneten-eta jarraitzen nituen arropa marka bat edo beste, eta denbora aprobetxatzeko, pentsatu nuen: “Zergatik ez dut gustatzen zaidan edo erakartzen nauen zerbait egiten?”. Horrela hasi nintzen, eta esango nuke amona-eta josten ikusi izanak ere eragin didala, edo eraman nauela saltsa horretan sartzera.
Ikasketetako lan bat izan zen zure lehen ekoizpena ere.
Bilbon egin nuen master bateko amaierako lana izan zen, bai. Abiapuntua zen arropa sortu behar genuela oihala ez zen zerbaitekin. Paperezko serpentinekin lanean hasi nintzen, eta horiekin egin nuen lehen bozetoa. Ondoren, apaingarri modura erabiltzen diren xingolekin egin nuen soinekoa, janzteko zail samarra, baina polita. Egin ditudanen artean gustukoen dudanetako bat da; izan ere, tailer batean parte hartzeko aukera izan nuen, eta gero soineko hura Balentziaga museoan ikusgai jarri ahal izan nuen. Beste bat ere asko gustatzen zait, egitea dezente kostatu zitzaidalako, akaso. Lagun bati egin nion soinekoa izan zen. Nik oinarrizko prestakuntza jaso dut, baina, gero, gauza asko probatzen ari naizela ikasi ditut. Izan ere, diseinatzea gustuko izan arren, ez dakit gauza asko nola josten diren; tela bakoitzak bere ezaugarriak izaten ditu, gainera. Eta soineko hura egiteko erabili nuen oihala nola josi asmatzen kostatu zitzaidan.
Nola diseinatzen dira arropak? Nondik hasten zara?
Etxean lan egiten dut; etxe handi samarra dugu, eta leku txiki bat lapurtu dut bertan, eta egokitzen ari naiz. Normalean, sortu nahi dudan horren inguruan eginda dauden gauzei begira aritzen naiz, irudien bidez ideiak jasotzeko. Gero, ideia horiek jantzi zirriborroetara eramaten ditut, ordenagailu bidez. Hortik, patroiak sortzen ditut, eta poliki-poliki oihalak markatu, moztu eta josten hasten naiz. Soinekoetara jo dut gehienbat, egunero janzten ez diren gauza horietara; egun berezietako gauzak sortzen ditudala ohartu naiz. Erorkera duten materialak erabiltzen ditut gehienbat, eta kolore liso ez oso deigarriekin lan egiten dut. Zaila baita ikusi gabeko estanpatu politak topatzea.
Diseinurako zaletasuna izanda, jendearen janzteko estiloari erreparatuko diozu, ezta?
Betidanik erreparatu diot; jendeari begiratzeko ohitura badut, zer estilo duen, zer janzten duen. Azken boladan, blog batzuk ere jarraitzen ditut, eta gustuko ditudan marken bilduma berriak ateratzeko zain ere egoten naiz. Iruditzen zait bakoitzaren janzteko estiloak zerbait esaten duela, ez dakit modak gure izateko moduarekin lotura zuzena duen, baina zer gustatzen zaigun eta zer ez igartzen da. Esango nuke umetatik ikasi dugun kontua dela; oso barneratuta daukagula. Batzuei, eurengatik zerbait esateko balio die modak; besteoi, ikustea eta gauza berriak probatzea gustatzen zaigu. Modak eragiten ez digula esaten dugun arren, oso barneratuta daukagula uste dut.
Ingurukoek jotzen al dute zugana aholku eske?
Bai, batzuek badute ohitura “hau zer iruditzen?” galdetzeko, gero kasu egiten didaten edo ez beste kontu bat da. Pertsonaren eta harekin izan dezakedan konfiantzaren arabera, lasaiago edo ardura handiagoarekin ematen dizkiot aholkuak. Nire ikuspuntutik, gauza batzuk edo kolore batzuk hobeto doazkiola pentsa dezaket, baina bere gustuak ere kontuan izan behar dira.
Nahi zenuke, baina ez zara diseinatzetik bizi.
Oraintxe bertan, zaila egiten ari zait horri denbora eskaintzea. Gustatuko litzaidake lanbide bihurtzea, baina, bereziki, sorkuntzarako denbora hartzeko aukera izatea gustatuko litzaidake. Baina beste arlo guztietan bezalaxe, nahiko zaila dago.
Leave a Reply