SAGARDOA, KULTURA ETA HISTORIA

Txotx garaian, urtarriletik apirilera arte, sagardotegiko menu tradizionala eskaintzen dute. Arkumea burruntzian eta txerrikumea labean ere jan daiteke, aurretik eskatuta. “Jendeak bakailaoa saltsan edo bakailaoa tomatearekin, zapoa edo beste arrainen bat eskatzen badigu, horrelakoak ere prestatzen ditugu”, Nerea Artolaren hitzetan.

Udan, ekainetik irailera arte, bestelako jakiak ere eskaintzen dizkiete bezeroei. Garaian garaiko produktuak: “Tomatearen garaia denez, tomate entsaladak prestatzen ditugu; antxoa Getariako portura sartu bada, antxoa jartzen dugu, eta mendrezka ere bai”.

Udan, zabalik

Satxota sagardotegia udan zabalik egongo da. Uda sasoi ezin hobea da sagardoa dastatzeko, edari freskoa eta gozoa delako, eta oso erraz eta gustura edaten da. Satxotak udan etortzeko gonbidapena egiten du. Zer hobe sagardo freskoa upeletik edatea eta bazkari eder bat dastatzea baino? Gainera, Satxotak terraza polit bat dauka, eguzki goxoaz gozatzeko aproposa.

Satxotak ateak zabalik dauzka urte osoan. Irailetik aurrera ere joan daiteke, enkarguz, taldeka edo bisita gidatu baten barruan.

EUSKO LABEL ETA BERTAKO SAGARDOAK

Botilan ere urteko sasoi guztietan saltzen dute sagardoa. Sagardo berria martxo inguruan hasten dira botilatzen, baina bezeroek sagardoa upeletik dastatzeko aukera dute urte osoan.

Satxotak bi sagardo natural mota egiten ditu: Eusko Label ziurtagiria duena eta bertako betiko sagardoa. “Eusko Label marka duena hemengo sagarrarekin bakarrik eginda dago. Sagar horrek kalitatezko kalifikazio batzuk izan ditu, eta horretarako beharrezkoak diren azterketa eta dasta guztiak gainditu ditu”.

Saratxota izena du Eusko Label sagardoak, eta Satxota bertakoak. Sagardotegiaren izena familiako baserriaren izenetik dator.

Bisita gidatuak urte osoan

Aurretik eskatuta, bisita gidatuak urte osoan egiten dituzte. Sagardoaren munduaren nondik norakoak jakinarazten dituzte. Sagardoa egiteko prozesua zein den erakusten dute: “Sagarra jasotzen noiz hasten garen, sagarra noiz jotzen den, hartzidura noiz izaten den… Sagarra iristen denetik sagardoa bihurtu arteko prozesu guztia azaltzen dugu”. Dolare tradizional bat daukate, eta txalaparta bat ere bai. “Txalaparta nondik datorren azaltzen dugu, sagardoarekin daukan lotura”.

Satxotak sagardogile moduan egin duen ibilbidearen berri ere izaten du bisitariak, eta Euskal Herriko kulturan sagardoaren historia zein den ere bai. “Azkenean sagardoa ez da sagardoa edatea bakarrik, gure herrian kultura bat izan da. XII. mendetik behintzat hemen kontsumitu den edari bat da, eta gure kultura eta gure bizimodua pixka bat horren bueltan joan da, eta jende askok hori ez daki. Esaterako, arrantzaleek balea edo bakailaoa arrantzatzera Ternuara eta beste hainbat tokitara joaten zirenean eskorbuto gaitzak ez harrapatzeko sagardoa eramaten zutela, eta kanpoan Euskal Herria sagardoari eta arrantzari esker ezagutu dela”.

Bisita gidatuak beste hainbat erakunderekin elkarlanean egiten dituzte. Besteak beste, Orioko Arraunetxe arraunketako eta piraguismoko teknifikazio zentroarekin. Bisita gidatu batean, Arraunetxe zentroa erakusteaz gain, arraunaren historia ezagutarazten dute —balea arrantzatzeko erabiltzen zela, Ternuara joateko espedizioak, lanbide hura kirol nola bihurtu zen…—, traineru, kayak edo kanoa batean ibiltzeko aukera ematen dute, eta Satxota sagardotegian, bisita gidatua egiteaz gain, bazkari eder batez gozatzen dute.

Iturraran parketxearekin ere bai. Hala, Satxota sagardotegia ez ezik, Iturraran parketxeko Agorregiko burdinola eta erletegia ezagut daitezke bisita gidatuen bidez.

Biek ala biek lotura estua daukate sagardoaren munduarekin. “Garai batean burdinola alokatzen zuenak sagardoa erosi behar izaten zuen, eta kontratuan jartzen zuen nori erosi behar zion, garai hartan sagardoa edaten baitzen”. Beraz, sagardoak foruetan, kontratazioetan eta lan publikoetan izan duen garrantziaz jabetuko da bisitaria. “Gure kulturan utzi dituen aztarnen berri eta gure kultura sagardoari oso lotuta dagoela jakingo du”.

Erletegia bisitatuz gero, bisitariak polinizazioren nondik norakoak jakingo ditu, eta sagardoa egiteko erleak funtsezkoak direla.

Iturraran parketxean bertan dolare baten aztarnak dituen baserri bat ere badaukate. “Azken batean, baserriak dolareak babesteko sortu ziren, eta gero bizileku bihurtu ziren”.

Halaber, Satxota sagardotegiarekin batera, handik hurbil dagoen Zarauzko Talai Berri txakolindegia ere ezagut daiteke beste bisita gidatu batean. “Sagardoa eta txakolina hemengo edariak dira, eta elaborazioa antzekoa izan arren, desberdinak dira. Haien upeltegia oso modernoa da, eta gurea, oso tradizionala. Jendeak atsegin du kontraste hori”.

Satxota sagardotegia ezagutzen dutenek oso gustukoa dute. Sagardoarekin eta janariarekin oso gustura gelditzen dira. “Jende askok esaten digu sagardotegia horrela uzteko, ez aldatzeko. Sagardotegia egurrezkoa da, eta upelak eta dolarea ere egurrezkoak dira. Sagardoa lehengo eran egiten dugu. Sagardotegi tradizionalaren aldeko apustua egin dugu”.

Bisita gidatuetan atsegin handiz parte hartzen dute. “Oso interesgarriak egiten zaizkie, sagardoaren inguruko historia eta gainerako nondik norakoen berri jakiten dutelako. Jendeak parte hartzen du, galderak egiten ditu eta lagunartean bezala ibiltzen gara, giro onean”.

Inguru ederRA eta lasaia

Satxota sagardotegia inguru eder eta lasai batean dago. Aiako Santio erreka kaleko 3. zenbakian. Oriotik oso hurbil. Autoa erabili behar izan gabe joan daiteke, Orioko tren geltokian jaitsi, eta bidegorri batetik kilometro eskas bateko paseo polit bat eginez.

Satxota sagardotegiari buruzko informazio gehiago www.sidreriasatxota.com helbidean lor daiteke. Sagardotegian erreserba bat egiteko edo bisita gidatu bat antolatzeko 943-83 57 38 edo 618-30 35 84 telefono zenbakira deitu behar da, eta WhatsApp bidez ere egin daiteke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.