“Espazioko eguraldiak gero eta garrantzi handiagoa du”

Eguzkiak egungo gizartean gero eta eragin handiagoa duela uste du Itziar Garate Lopez astrofisikariak (Zarautz, 1986). Orain dela bost urtetik, EHUko Zientzia Planetarien Taldekoa da; zientzia planetariak ikertzen dituzte, hau da, eguzki sistemako planeten atmosferak. Eguzkikadak hitzaldia eman zuen Garatek atzo, Zarautzen, Arkamurka natur elkarteak antolatutako Astronomia Astean. Jardunaldien barruan, denboraz ariko da gaur Esteban Esteban —20:15ean, Arkamurkaren egoitzan—, eta bihar eguzkiaren behaketa egingo dute Munoan, eguerdian eta gauean, Santa Klara komentuaren atzeko parkean.

Eguzkikadak izan dituzu hizketagai. Zer dira?

Izenburua asmatutakoa da. Artikulu dibulgatibo batetan irakurri nuen hitza, eta gustatu egin zitzaidan. Azken finean, eguzkia denbora guztian aldatzen ari da, eta zenbait fenomeno gertatzen dira; gehien ezagutzen ditugunak gainazalean azaltzen zaizkion orban ilun batzuk dira. Baina badaude beste fenomeno asko, eta fenomeno horiez guztiez hitz egiteko, horrelako izen bat jartzea erabaki nuen. Zientzian gehien erabiltzen dena espazioko eguraldia da, space weather. Baina hori pixka bat hotza egiten zitzaidan.

Zeintzuk dira, bada, espazioko eguraldian gertatzen diren fenomenoak ?

Eguzkiari azaltzen zaizkion orban ilunez gain, eguzki haizeak eta eguzki ekaitzak ere sortzen dira. Edozein izarrek, baita eguzkiak ere, horrenbestez, une oro eta etengabe partikula korronte bat igortzen du, norabide guztietan. Horri, oro har, eguzki haizea deitzen zaio. Gero, noizean behin, eztanda batzuk ere badaude: korronte hori handitu egiten da, eta eztanda moduan, dentsitate handiagoan, partikulak igortzen ditu; horri ekaitza deitzen diogu. Horiez gainera, oso energia handiko argi flash-ak ere badaude; Lurrera begira badaude, gugan eragin handia izan dezaketen fenomenoak dira.

Horiek denek eragiten al digute?

Gehienek bai, era batera edo bestera, zuzenean edo zeharka.

Ilargiaren eraginak ezagunagoak dira. Eguzkiaren fenomenoek nola eragiten digute?

Batik bat, eguzkitik datozen partikulak gure atmosferan sartzen direnean eragin dezakete. Adibidez, aurorak. Eguzkitik datozen partikulak dira horren erantzule, eta hori eragin positibo bat da. Baina, badaude eragin negatiboa dutenak ere; esaterako, teknologian eragin dezaketenak. Hondamenak ekar ditzakete: abioiak ezin du oso ondo nabigatu; nabigazio sistema guztiak pixka bat nahasi ahal dira, GPSak, sakelako telefonoetako nabigazio sistemak. Orduan, horrelako ekaitz edo partikulen dentsitate haize handi bat gugana datorrenean, neurriak hartu behar ditugu.

Beraz, gaur egun teknologiak duen garrantzia kontuan izanda, eguzkiaren eragina handiagoa da?

Bai, hori horrela da. Gero eta teknologia gehiago daukagu, eta zaurgarriagoak gara. Horregatik, space weather edo espazioko eguraldiak gero eta garrantzi handiagoa dauka. Hori orain dela hogei bat urte sortutako zientziaren arlo bat da, astronomiaren eta meteorologiaren artekoa, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da, teknologia gehiago daukagulako eta sentikorrago garelako.

Arkarmurkaren Astronomia Astean parte hartu duzu. Denbora da harremanetan zaudela haiekin, ezta?

Bai. Leioan (Bizkaia) Fisika ikasten ari nintzenean, zer espezialitate egin nahi nuen erabaki gabe nuen oraindik. Kasualitatez, Arkamurkak antolatutako Astronomia Asteko hitzaldietara joan nintzen, eta horrek piztu zidan astronomiaren inguruko interesa; badago esatea haiek izan zirela pixka bat nik Astronomia ikasi izanaren errudunak. Gero, jakin zutenean bazegoela zarauztar bat Astrofisikan doktoretza egiten, nirekin harremanetan jarri ziren, eta, hortik aurrera, Arkamurkakoekin harreman handiagoa dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.