“Gogorra da eutanasia egitea beharrezkoa denean”

Umetatik sortu izan diote kuriositatea hegaztiek eta animalia exotikoek Jose Antonio Albisuri (Donostia, 1935). Gaur egun, Igeldoko Arrano Etxeko arduraduna da. Zauritutako hegazti, ugaztun zein narrastiak sendatzen aritzeaz gain, bertako fauna iraunarazteko lana egiten dute han. Dioenez, Arrano Etxera heltzen den animalia bakoitzak istorio bat du atzetik, eta iruditzen zaio gainerako jendeak ere animalien zaintzarekiko geroz eta kontzientzia handiagoa duela.

Gaztetako zaletasuna ofizio formal bilakatu zaizu.

Duela hogeita hamar bat urte hasi zen kontua. Ni, lanbidez, medikua naiz, baina hegaztiekiko zaletasuna askoz lehenagokoa dut. Gazterik hasi nintzen Aranzadi elkartearekin kolaboratzen. Txema Faus laguna Ordizian aritzen zen zauritutako hegaztiak sendatzen, eta bere espazioa txiki geratu zen. Gure Igeldoko etxea erosi genuenean, lursail ederra zuenez, horretarako gunea hemen egokitzea erabaki genuen Aranzadikoekin batera. Horrela hasi ginen lanean, eta, geroago, aldundiarekin hitzarmena egitea erabaki genuen, legez babestuta dauden espezieekin ere aritzen garelako.

Hasieran, ehiztariek zauritzen zituzten hegaztiak jasotzen hasi zineten, ezta?

Egia esan, edozein jatorritako hegaztiak jasotzen genituen, edozein elbarritasun izan zezaketenak: ehiztariek zauritutakoak, habiatik eroritako kumeak, autoren batekin talka egindakoak… Eta, gaur egun, hegaztiak, ugaztunak eta narrastiak sendatzen ditugu.

Nola funtzionatzen duzue? Zein da Arrano Etxearen egunerokoa?

Eguneko 24 orduetan zabalik edukitzen dugu zentroa, animaliaren bat artatu behar bada. Hona iristen diren espezieak zergatik etortzen diren baloratzen dugu lehenik eta behin, animaliaren bat albaitariak ikustea komeni dela iruditzen bazaigu, Lardy klinikakoekin jartzen gara harremanetan, eta hangoak arduratzen dira ebakuntzak-eta egiteaz. Horrez gain, arratsaldeetan, hiru langile etortzen dira zentrora, eta animaliak mantentzeaz, garbitzeaz eta elikatzeaz arduratzen dira.

Behin sendatuta daudenean, zer egiten duzue eurekin?

Bada, ongi sendatzen direnean, eta etorkizunean arazorik ez dutela izango bermatzen dugunean, berriro ere naturan uzten ditugu. Hegaztien kasuan, aske utzi aurretik Aranzadik eraztuna jartzen die, jasotzen ditugun espezieetako zein ale berreskuratzen dugun kontrolatu ahal izateko. Ugaztunen eta narrastien kasuan, besterik gabe uzten ditugu aske; normalean, aldundiko basozainak arduratzen dira horietaz.

Eta zer gertatzen da konponbiderik ez dutenekin?

Kasuak eta kasuak daude. Konponbiderik ez izateaz gain, etorkizun oso txarra izango dutela iruditzen zaigunei eutanasia praktikatzen diegu. Baina, batzuetan, gertatzen da naturara itzultzeko moduan osatzen ez badira ere, bizirik jarrai dezaketela; kasu horietan, Arrano Etxean geratzen dira. Halakoxea da gure lana: badu alde ona, arazoekin etorritako edozein espezie naturara itzultzen dugunean; baina badu alde txarra ere, gogorra baita eutanasia egitea beharrezkoa denean.

Animaliaren batzuekin istorio xelebreak ere izango zenituzten.

Bitxikeria asko gertatu zaizkigu, izan ere, hona iristen den piztitxo bakoitzak bere istorioa izaten du. Gogoan dut, behin, Donostiatik ihes egin zuen loro bat ekarri zigutela, eta berehala etorri zela haren jabea zela esaten zuen bat. Loroak ez zuen ez txipik eta ez paperik, baina ustezko jabeak zioen amonak herentzian utzi ziola. Guk ezin genuen berea zela ziurtatu, ordea. Hala, loroak hitzen bat esaten ote zuen galdetu genion jabeari, eta ikerketa lana eginda ondorioztatu genuen baietz, berea zela.

Zainketaz eta zaurituak sendatzeaz gain, Gipuzkoakoak ez diren espezieetako animaliei ere aterpea ematen diezue.

Gure zereginen artean dagoelako basoko fauna oneratzeko eta fauna arrotza erreskatatzeko etxe modura aritzea ere. Beraz, babestuta dauden espezieak gurean mantentzen ditugu, badugu horientzako bereziki prestatutako gune bat. Denetarik dago: gehienak herritarrek ekartzen dizkigute, baina, batzuetan, ertzainek, udaltzainek edo basozainek ekarritakoak ere jasotzen ditugu.

Beraz, esan daiteke jendeak animalien zaintzarekiko kontzientzia baduela?

Geroz eta gehiago. Baditugu ehiztariek ekarri dizkiguten animaliak ere: legez ehizatzeko aukera izan, eta, eurek gorde ordez, hona ekarri izan dituzte zenbaitek. Beraz, bai, esango nuke geroz eta kontzientziatuagoa dagoela jendea. Kasuak bestelakoak direnean ere, lan egitea tokatzen zaigu guri. Oraintxe bertan, esaterako, belatz handi bat tiroz hil zuen ehiztari baten aurkako epaiketa baterako paperak prestatzen ari gara. Espero dut epai zentzagarri bat emango dutela kasu horretan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.