Isilka kontatutakoak, plazara

Memoria historikoa berreskuratu eta aspaldikoak ez diren kontuak kontatzeko, antzerkia erabili dute tresnatzat segurarrek. 36ko gerra osteko egoera, hezkuntza sistema eta ikastolen sorrera gogora ekarri nahi izan dute Ez dira aspaldiko kontuak antzezlanarekin. Abenduaren 13an estreinatu zuten Seguran, eta, harrezkeroztik, Goierriko hainbat herritan antzezten aritu dira 32 segurar. Igandean, 16:30ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian antzezteko aukera izango dute, Giza Eskubideen Zinemaldiak gonbidatuta.

Lurdes Imaz izan da antzezlanaren sortzailea. Umetan eta gaztetan bizi izandakoa eta barneratutakoa azaleratu nahi izan du: “Pentsa gure garaitik hona zenbat aldatu diren gauzak”, dio Imazek. “Eskolara joaten ginenean, halako migrazioa egon zen, dena erdaraz egiten genuen. Ez zegoen euskaraz egiterik. Eskerrak etxean dena euskaraz hitz egiten genuen. Ume izanagatik, zerbait arraroa pasatzen zela ikusten genuen. Gurasoek beldur handia zeukaten. Gerran ibilitakoak ziren gure gurasoak”.

Orain arte 36ko gerraren inguruan isiltasuna izan dela uste du: “Gerran gertatutakoa etxean kontatzen ziguten, baina isilka. Beldurra izan da sentimendu nagusia”. Antzerkiarekin, gauza horietaz “berriro lasai hitz egitea” lortu nahi izan dute: “Oso urruneko kontuak dirudite, baina ez dira aspaldiko kontuak”.

Imazek berak bizi izandakoak antzezlan gidoi bihurtu ditu. Zazpi pasartetan, orduko egoera soziala, mojekin eta apaizekin izandako irakaskuntza, jolasak eta kantuak, frankismo garaia, doktrina —euskaraz entzun zitekeen leku bakarra Eliza zen—, eta abar jorratu ditu. Azkeneko bi pasarteak, berriz, ikastolen sorrerari buruzkoak dira. “Garai hartan gertatu zen herri mugimendu garrantzitsuenetako bat izan zen ikastolak sortzea. Beraz, herri guztiak egindako lanaren esker ona adierazi nahi izan dugu”.

Imazek berak lehenengo pertsonan bizi izan zuen ikastolen sorrerako mugimendu eta garai hura, Idiazabalgo ikastola berriko 20 urteko andereño gaztea zela. Beasainen eskualdeko gainerako herrietako ikastoletako batzordeetako guraso ordezkariek egiten zituzten bilerak barru-barruan gordeta ditu, eta bilera haiek antzeztu nahi izan ditu. “Bilera haietan zegoen indarra eta energia izugarria zen; irakaskuntza aldatzeko gogoa, beste era batera lan egiteko, eta euskaraz ikasteko beharra. Guraso haiek zeukaten indarrarekin txundituta gelditzen diren andereño gazteak”.

Garai hartan guraso gazteak ziren Goierriko zenbait herritako kideak aktore bihurtu ditu horretarako: Joxe Bikuña ataundarra, Antonio Irastortza lazkaotarra, Joxe Joakin Lasa beasaindarra, Julian Urteaga idiazabaldarra, Jose Ramon Agirre zegamarra eta Gregorio Elorza segurarra.

Helburuak lortuta

Belaunaldi askoren arteko loturak sortu ditu herri antzerkiak. Batetik, herri antzerkiaren aitzakian, 12 eta 80 urte bitarteko segurarrak elkartu dira aktore lanean, eta “oso aberatsa” izan dela diote.

Bestetik, agertokiaren beste aldean dauden ikusleen artean eragitea izan da herri antzerkiaren helburuetako bat, transmisio lana egitea. Hainbat adinetako herritarrak antzerkiarekin identifikatuta sentitzea lortu dute segurarrek. Isa Iparragirre aktoreak adierazi duenez, Segurako saioa bukatu zutenean, jendea “erabat identifikatuta” sentitu zen. “Antzeztu dugun beste herrietan ere berdin geratu zaigu”.

Adin askotako ikusleengana iritsi da mezua: “40 urtetik gorakook hori dena bizi izan genuen, 40 urtez azpikoek entzuna daukate, eta ikusteak bizi eginarazten dizu historia. Gazteei, berriz, gertatu zenaz jabetzeko balio die. Lortu dute, beraz, lehenagoko egoera transmititzea: “Segurako sukalde guztietan hitz egin da gai horretaz, ikastola, moja, gerra… historia bizirik gordetzea lortu dugu”.

Idiazabalgo emanaldian, ikusleen artean Aranzadi elkarteko kide bat izan zen, eta hari esker iritsi dira Donostiara, Giza Eskubideen Zinemaldira. Agertokia ere garai bateko altzariz hornitu dute. “Segurako eskolako gela bat oso ondo dago irudikatuta. Orduko mahaiak dira, mantal zuriak, apreta gorriak, liburuak… benetako eskola bat ikusten du ikusleak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.