Lakaxitaren okupazioaren 10. urtebetetzean Jaion Zirikus Bidasoaldera iritsi da: Erle Lakaxitianak, jostalariak, jatorrak, euskaltzaleak eta zirikatzaileak desfilearen aurrean doaz. Lakaxitaren antzerako eremuetan, non natura eta sormena batzen diren, loreen nektarra xurgatzen dute erleek, egitasmo herrikoiak eta sortzaileak eraikitzeko loreztia erregai bilakatuz. Erleek elikadura burujabetza eta kulturaren autogestioa bermatzen dituzten ekimen aurrerakoiak barreiatzen dituzte Bidasoalde osoan zehar Herri Ziztaden bitartez. Herri Ziztadak herritarrontzako eztitsuak diren neurrian mingotsak dira udalarentzat.
Jarraian soka lasaian dabiltzan funanbuluak ditugu etxe kaleratzearen amildegia oinen azpian dutela. Immigranteek, etxe barruan eta kanpoan lan egiten duten emakumeek, lanpostu ziztrinak edo batere lanposturik ez dituzten langileek, gazteek eta abar luze batek esku joko trebeak burutzen dituzte hil bukaerara iritsi ahal izateko. Emakume Indartsuak hipoteka esku batekin altxatzen du eta argindarren faktura beste eskuarekin. Aspaldi zintzilikatu zituen udalak jendarte eta kultur politikak enpresa pribatuen trapezioan, eta herritar askok oreka galdu dute gutxi batzuen etekinen amildegian eroriz!!!
Listor Oiassoatikoek irekitzen dute udalaren desfilea. Herri Ziztadak ez dituzte maite Listor Oiassoatikoek, erakunderik gabe zenbat gauza egin daitekeen erakusten dutelako.
Udal Aztiak diru publikoa ezker eskuarekin hartzen du, txisteran sartu, eta eskuineko eskuan agertzen da magiaren poderioz, pribatua bilakatuz. Ikusezintasunaren dohaina ere harro harro erakusten du Udal Aztiak eta Irunen dauden ehunka etxe hutsen inguruko datuak desagerrarazten ditu makiltxo magikoarekin kolpe bat emanez. Horrela, Irundarron diren eremu berdeak Porlan Deunari eskaintzen jarraituko du etxebizitza berriak eraikitzeko. Berarekin batera Burbuila Higiezina puztu eta puztu egiten da espekulazioarekin lehertu baino lehen, porlan tantekin dena zipriztinduz.
Udal Pizti Hezitzaileak Gizadiruzko Ordenantza ezarri nahi die piztiei Zigorrarekin, baina Moskuko Lehoiak askatasunaren eta aniztasunaren zaleak dira, beraz menperatzeko zailak!!!
Hiru Buruko Munstruo Santanikoak agintzen du Bidasoaldeko Udalaren desfilean: Irungo eta Hondarribiko alkateen buruak eta Jaizkibelgo sabelaren ura xurgatzeko prest dagoen Txinzer Elefante Burua ditu bihozgabeko munstroak.
Hiru buru baditu ere TTIP zer den oraindik ez daki.
Eta horren atzean, aurrean eta ondoan, azpian eta gainean Porlan Deuna daukagu. Irundarronak arnasguneak ziren berde eremu gehienak jan ondoren, Txenperenea, Zubieta, Gaintxurizketa, Ikust Alaia eta Blaia irensteko irrikitan dago pizti aseezin honek, porlana barra barra libratzeko eta Irun Arimarik Gabeko Porlanezko Basamortua bilakatzeko. Lehenengo Heriotz Jauzian, Hegoaldeko Ingurubidearekin eta autopistarekiko lotuneekin autoei ireki nahi diete bidea oinezkoen irisgarritasuna zailtzeko, auzokideen lasaitasunarekin bukatuko lukeen eta lurraldea bitan puskatuko lukeen hesi gaindiezina altxatuz.
Heriotz Jauzi Bikoitzan AHTa Irunera ekarri nahi du, gaurko trenbide eremua desagerraraztearekin batera Gaintxurizketan plataforma logistikoa agerrarazteko hango paradisua porlan azpian itoz.
Eta Heriotz Jauzi Hirukoitzan Zubietako baserri lurra aberatsa Miramon parke nanoteknologiakoarekin ordezkatu nahi du.
Listor Oassoatikoak aspaldi saldu zuen Udal Zirkoa eta Listor Espainensis berataz jabetu zen. Honen abilezi ezagunena errepresioa barra barra hedatzea denez, harro harro erakusten ditu lege joko bikainak. Hauen emaitza, euskal presoen funtsezko eskubideen ukazioa, Askapena bezalako herri mugimenduen aurkako zigor krudel funtsik gabeak, eta Hazia bezalako kultur elkarteen itxieraren mehatxua ditugularik.
Leave a Reply