Pasaia, zerbaitegatik ezaguna bada, industria arloagatik, portuagatik eta han egiten den jardueragatik da. Udalerriaren ekonomiarako onuragarria da azpiegituraren jarduera, besteak beste, Pasaiako eta inguruko herrietako biztanle askok han egiten dutelako lan. Herrialdearentzat ere nabarmena da portuak duen eragina, tokiko ekonomia mugimenduaren zati garrantzitsu bat handik bideratzen delako. Zuzenean, Pasaian du eragina; baita, zeharka, herrialde osoan ere.
Baina portuan egiten diren lan eta jarduera gehienak aire zabalean egiten dira. Eta horrek eragozpenak sortu ohi dizkie inguruko herritarrei; batez ere, Errenterian, Lezon eta Pasaian bizi direnei, kutsadura materiala nahiz akustikoa sortzen dutelako. Hori dela eta, herritarrak maiz kexatu dira, eta bere jarduna era kontrolatuagoan egiteko eskatu diote portuari.
Portuak, bere aldetik, hainbat neurri hartu ditu, azken urteetan batez ere, inguruan sortzen duen kutsadurari aurre egiteko; baina hainbaten iritziz, ez dira nahikoa. Zarataren maparen bitartez, zehatz jakingo da itsas azpiegitura horren jarduerak zein eragin izango duen inguruko herrietan.
Gatazka
Portuaren jarduerak sortzen duen kutsaduraz gaindi, Pasaiako Udalak eta Portu Agintaritzak azken urteetan interes gatazka dute. Udalaren arabera, portuak herriari gehiago begiratu beharko lioke, eta erabiltzen ez dituen eremuak, edo gutxi erabiltzen direnak, pasaitarren erabilerarako doitu beharko lituzke.
Horren adibide garbiena da Kaiko Herrera gunea: Trintxerpe barrutiaren, eta Donostiako Bidebieta eta Herrera auzoen artean dagoen lur eremu zabala da Kaiko Herrera, portuaren jabetzakoa. Han, hainbat enpresak aurrera daramate euren jarduna, baina portuak biltegi gisa erabiltzen ditu egun hango metro koadro gehienak. Horregatik, eta Pasaia biziberritzeko neurrien artean, Herrera Herrira batzordeak Kaiko Herrerarako antolamendu proposamena egin zuen, udalak bere egin zuena.
Proposamen horren oinarria da portuaren jabetzako lur eremu hori berrantolatzea, pasaitarren erabilerarako, kultur, aisia, ekonomia edo kirol azpiegiturak bertan eginaz, jakinda, Pasaiak udalerri gisa hedatzeko arazoak dituela, erabilgarri duen lur eskasiagatik.
Leave a Reply