Soinua zarata bihurtzen denean, arazo bilakatzen da. Gipuzkoako herri guztietan aurki daitezke kalean soinuak, trafikoagatik, industria jardueragatik, edo bestelakoengatik. Pasaian hori neurtzea erabaki dute: zaraten mapa osatzeko ahalegina egiten hasi da Pasaiako Udala. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du hori egiteko, eta ACC Acustica enpresa ari da ikerketa gauzatzen. 2015eko aurrekontuetarako EH Bilduren udal gobernuak eta Pasaiako Ezkerra-Ezker Anitzak lortu zuten akordioaren barruan dago egitasmoa.
Izan ere, Pasaia ingurua herrialdean kaleko soinu gehien duten inguruetako bat da. Donosti-Irun ardatzaren erdi-erdian egonda, bi udalerri horietara iristeko errepide —herri barruko bideez gain, A-8 autobidea eta haren loturak—nahiz trenbide azpiegitura asko daude —trena eta Topoa—. Gainera, enpresak ere badaude, eta horietatik nabarmentzekoa dira Pasaiako Portuan daudenak: ia jarduera guztia aire zabalean egiten dute, kargak, deskargak, materialen biltegiratzea, eta bestelakoak.
Pasaiako ikerketa aurrera daraman ACCenpresako kide Monica Tomasek adierazi duenez, euren neurketa egiteko bi aldagai nagusi hartuko dituzte: batetik, garraio azpiegituretan ematen diren soinuak, eta, bestetik, enpresetakoak, portukoak batik bat. Lehenak neurtzeko, zirkulazioan oinarrituko dira. Europako beste herrialde batzuetan jasotako datuen araberako metodologia erabiliko dute horretarako: soinua zuzenean neurtu beharrean, zirkulazio kantitatearen eta ibilgailuen motaren arabera oinarritzen da. “Formula matematikoak erabiliko ditugu horretarako, egungo zirkulazioan oinarrituta”. Zirkulazioak Pasaiako etxebizitzetan sortzen duen zarata neurtuko dute, horrela.
Mikrofonoak
Pasaiako Udalarentzako lanean ari den enpresako ordezkariek bi neurketa egingo dituztela zehaztu dute, mikrofono bidez. Lehena, udaletxean jarri duen mikrofono batekin —udaletxea Pasai Donibanen dago, Pasaiako badiari begira—; eta bigarrena ere egin dute jada: Pasaiako Portuaren barruan, azpiegituraren arduradunen baimenarekin, lanegun batean dauden soinuak jaso dituzte.
Behin udaletxeko datuak jasota, eta portukoak nahiz garraio azpiegituretakoenak interpretatuta, zarataren mapa osatuko du enpresak. Maiatzerako egina egongo dela esan du Tomasek. Hori, udalari eman, eta tokiko erakundeak erabaki beharko du nola aplikatu. Bere eskumenean ez dauden eragile, enpresa eta azpiegituretako arduradunei azalduko dizkiete datuak, behar izanez gero neurri zuzentzaileak aplika ditzaten eskatzeko. Ekintza plana egin beharko luke udalak, alegia.
Europako Batasunaren ingurumen neurrien zuzentarauen artean dago udalerriek zarataren mapak egitea, kutsadura akustikoa dagoen tokietan, horri aurre egiteko oinarri gisa. Pasaiak, mapa hori, 3D formatuan jasoko du: lurraren mailan zein altuera jakin batean, puntu berberean, soinuek intentsitate ezberdina izan dezaketela da mapa hori 3Dn diseinatzeko arrazoia.
Leave a Reply