Ezin uka aldaketa garaiak bizi gaituela, eta, halere, gogaitzen gaitu etengabe aldaketez mintzatu behar izateak. Irudi luke dena zaigula aldakor. Aldaketak datoz mundura, eta, hala ez balitz, aldaketen beharraz ari zaizkigu ertzetik erdigunera eta alderantziz. Mezu horrek zeharkatzen gaitu. Are gehiago Euskal Herrian hauteskunde ziklo baten atarian gaudela. Nork bere neurri eta noranzkoan, alderdi politiko denak ufatu dute aldaketa. Haizeak nondik joko, horixe galdera.
Gipuzkoan egoera paradoxikoa dugu. Orain kasik lau urte aldaketarako indarrak bildu zituen koalizioak kudeatzen ditu herrialdeko erakunde nagusiak. Eta aldaketaren mezua, ordu arte eta urte luzez, egoera bere horretan mantenduz gobernatu duten alderdien ahotik aditzen da ozenen. Bereziki EAJ-PNVren aldetik. Esan gabe doa auzokoen artean bolo-bolo dabilen “aldaketarako beharrak” ere eragin zuzena duela sortu berri edo eraberriturik aurkezten diren bestelako alderdien mezuetan.
Lehia eta lehiakideak argiak dira: EH Bildu eta EAJ-PNV. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen azken ikerketen emaitzei erreparatuta, lehia gordina agerikoa da. 2014ko azaroko boto aurreikuspenean, EAJ eta EH Bilduren emaitzak, hurrenez hurren, %25,8 eta %32,9 ziren, eta martxoko inkestan distantzia aise laburragoa da: %27,5 eta %29,5, hain zuzen. Eta zuzeneko boto asmoan, emaitza bera lortzen dute: %15,1.
Nago, gorago aipaturiko kanpo aldaketa faktoreek eragina galtzearen ondorio dela lehia estua. EAJk egina du aldaketaren botoa, kasu honetan EH Bilduren aurkakoa, bereganatzeko apustua. EAJ aurkezten da EH Bildu kudeaketa guneetatik kentzeko “boto baliagarri” gisa, PP eta PSEren gainbehera eta higadura baliatuz. Ez da kasualitatea EAJk hainbat gaietan PP zein PSErekiko agertzen duen otzantasuna, horien hautesleriak EAJ aukera gisa ikus dezan. Hala, auzo lurraldeetan gerta daitekeenaren kontrako noranzkoan, Gipuzkoan alderdi-bitasuna indartu daiteke.
Bikotasun hori, betiere, indar berrien araberakoa izango da. Eta indar berriez ari garela Ahal Dugu-z ari gara. Zein emaitza lortu, zer kenduko duen eta nori. Inkesten emaitzei erreparatuta, goranzko joera antzematen da argiki. Martxoko boto datuen arabera, %13,5ekin agertzen da alderdia. Erakundeetan sartzen den indarraren araberakoa izango da mapa elektoralaren zatikatzea. Eta horrek, esan gabe doa, eragina izango du bozen ondorengo itunetan, eta, bereziki, EAJ-PSE tandemean. Izan ere, horien arteko ituna aurreikustea ez baita soziologia itsua egitea. Itun horrek, baina, Gipuzkoa gainditzen du; beste herrialde eta hiriburu/hiri garrantzitsuetan ere eragina izango luke. Izan Lasarte, Eibar edo Barakaldo.
Itunetan eragingo duen beste gakoetako bat da EH Bildu sortzen saiatzen ari den marko berriak zein indar hartuko duen: erabakitzeko eskubidearen aldekoak vs aurkakoak. Asier Blasek berriki esan bezala, lehen ezker-eskuin politiken desberdintasunak txikiak baziren ekonomian, Europako Batasunak txikitu egin ditu. Beraz, “alderdi politikoek beren boto fideltasuna mantentzeko duten tresna inportanteena lurralde eta nazio identitateari loturiko elementuen defentsa da”. Eta ideologia klasikoek utzitako hutsunea nazioak hartu du. Irakurketa horrek Frantziako Estatuko azken bozetako emaitzen irakurketari erantzuten badio ere, distantziak distantzia, gurean ere badu eragina. Eta ez txikia.
Azkenik, zer gertatuko da Batzar Nagusietarako Ahal Dugu-ren aldeko boto ematera joan, baina herrian aurkezten ez denean? Horietako asko abstenitu egingo dira; baina, behin bozkatzera joanda… EH Bilduk aukera izan dezake udaletan emaitza hobeak lortzeko? Argia da baita ere Ahal Dugu-ren goranzko joera botoen kalkuluari dagokionez, Donostian kasurako. Udalerri horretan, martxoko inkestan, lehen aldiz legegintzaldi honetan, EAJ EH Bilduren aurretik ageri da. Boto asmoan puntu bateko aldearekin, baina zinegotzien banaketan berdinduta.
Gogaitzen gaitu, aldaketaren alde egin, eta aldaketa emanagatik ere, aldaketok ez direlako maiz uste edo nahi genituzkeen adinakoak. Eta aldaketak etorri badatozen arren, aurreikusten den lehiak aldaketon sakontasuna zalantzan jartzen duelakoan nago. Hauxe dugu politika instituzionala. “Hego haizea dator, ileak nahastu eta badoa”, Joseba Sarrionandiak esango lukeen modura. Nork ufatuko ipar haizea?
Leave a Reply