“Babesa aurrera egiteko palanka da”

Internazionalismoaren aldeko babes ekitaldia antolatu du Askapenak biharko Zarauzko Modelo aretoan, 12:30ean. Herrion suak bizirik darrai lelo hartuta egingo dute. Internazionalismoa ez da delitua kanpainaren baitan, Euskal Herrian eta nazioartean jasotako babesa biltzeko balioko du ekitaldiak, Julen Zulaika (Zarautz, 1981) Askapenako kideak azaldu duenez.

Nondik norakoa izango da Askapenak biharko antolatutako ekitaldia?

Otsailean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Askapenako bost kideren aurka [Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez] seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta Askapena, Askapeña, Elkar Truke eta Herriak Aske antolakundeak legez kanporatzea. Ordutik, Internazionalismoa ez da delitua atxikimenduak biltzeko kanpaina egin dugu, bai Euskal Herrian eta bai nazioartean ere, alderdi politiko, sindikatu, herri eragile eta norbanakoen babesa bilduz. Azkenean, babes handia duen proiektu internazionalista bat delako, legez kanpo utzi nahi dute. Bildutako babes horren berri emateko antolatu dugu Zarauzko ekitaldia.

Jasotako babesaren balorazioa nolakoa da?

Zarautzen egingo dugu publiko, oraindik orain atxikimenduak jasotzen ari garelako. Baina, orain arte bildutakoaren balorazioa positiboa da: Euskal Herrian, eremu sozialean eta sindikalean babes zabala jaso dugu, eta 40 eragiletik gora dira atxikimendua eman dutenak. Nazioartean, berriz, ehundik gorako zerrenda da, eta pertsona esanguratsuek ere babesa eman dute. Oso pozik gaude, denbora gutxi honetan asko izan direlako atxikimendua eman dutenak. Horrek, gure borrokan eta gure eguneroko lanean jarraitzeko indarra eta hauspoa ematen digu.

Fiskalak egindako zigor eskaerari aurre egiteko modua Askapenak bere lanean segitzea dela esan duzue.

Eraso hau internazionalismoa lantzeko modu baten aurkako erasoa da: internazionalismo abertzalea, sustraiak Euskal Herrian dituena eta bere borroka internazionalista Euskal Herriaren beharretatik eta interesetatik praktikatzen duena. Gainera, sistema kapitalistaren oinarriak jomugan jartzen ditu, eta internazionalismoa herri mugimenduen ikuspegitik egiten du. Hiru ezaugarri nagusi horietan oinarritzen da Askapenaren izatea. Horren guztiaren kontra egiten ari baldin badira, erantzunak Euskal Herri mailakoa izan beharko luke. Internazionalismoa bera inoiz baino indartsuago eta gehiago aldarrikatzeko unea da, ez soilik defentsa parametro batzuetan: guk internazionalismoaren beharra inoiz baino gehiago aldarrikatu behar dugu.

Hemendik aurrera zer egingo du Askapenak?

Babes horrek aurrera egiteko palanka izan behar du, eta horretan oinarrituko gara. Askapenari babesa emateko balioko du, baina herri bezala erantzuteko unea da, internazionalismoa ez delako eragile internazionalista baten betebeharra bakarrik. Internazionalismoan sakontzea edozein eragile, alderdi edo sindikaturen betebeharretako bat ere bada, beste arlo batzuk izan daitezkeen bezalaxe. Jasotako babesaren berri instituzioetan, nazioarteko foroetan eta bestelako instituzioetan zabalduko dugu. Internazionalismoa inork eta inoiz baino gehiago lantzen eta lanketa desberdinak egiten saiatuko gara, ahalik eta indar gehienarekin eta eragile gehienekin.

Zarautzen bertan Askapenaren talde berri bat sortu da; beraz, mugimendua ez dago geldirik, ezta?

Brigada kanpaina itxi berri dugu, eta ia ehun brigadista potentzialek eman dute izena antolatutako brigadetan. Baina, orain, gure indar guztiak Askapenaren aurkako epaiketan jarri nahi ditugu; Espainiako Estatua bezalako estatu integrista batek jomugan jarri nahi gaituen testuingurua gure borrokan segitzeko aprobetxatu behar dugu. Epaitu nahi gaituen horri oinarri internazionalistekin erantzungo diogu, eta internazionalismoaren beharra aldarrikatuko dugu.

Zarauzko biharko ekitaldia festa girokoa ere bada.

Bai, hala da. Ekitaldi politikoaz gain, musika eta dantza ere izango dira. 14:30ean, herri bazkari bat egingo dugu Putzuzulo gaztetxean; gero, Havana 572 Kubako taldearen kontzertua egongo da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.