“Halakoa da bizitza erreala”

Mina, inpotentzia, pena, galdera berriak… Aktoreek bukatu dute saioa, eta hitzok entzuten dira jendearen artetik. Minutu batzuk lehenago ikusitakoak barrua mugitu die. “Halakoa da bizitza erreala”. Egunerokoan ohikoak diren egoerak planteatu dizkiete bi aktorek Eibarko esperientzia eskolakoei, Eta hik zer? antzerki forumean. Sei istorio labur, edonori pasa dakizkiokeenak, eta horiei aurre egiteko moduak. Adibide bat: gai jakin bati izkin egin nahi izateagatik, eguraldiaz hitz egiten hastea.

Bizikidetza eta adiskidetzea sustatzea du oinarrian antzerki forumaren egitasmoak. Elkarbizitza arazoei irtenbide errealak bilatu nahi dizkiete, ikuslea sortzaile bihurtu, eta fikzioa aldatzen hastetik errealitatea aldatzera iritsi. Horretarako, antzerkia darabilte, gizartearen errealitatea ezagutu eta eraldatzeko tresna gisa. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak eta Baketik fundazioak elkarlanean jarri dute martxan egitasmoa, hiru galderaren erantzun bila: Zer gertatu da eta zergatik?; Zer egin dezakegu orain?; eta Zer egin dezakegu etorkizunean errepikatu ez dadin?

Hogei bat lagun bildu dira astearte goizez Eibarren. Elena Aranbarri eta May Gorostiaga aktoreek egin diete ongietorria hondartza dirudien ingurune batetik. Ordu erdiko tartean, pertsonaia ugari gorpuztu dituzte bi aktoreek eszena ezberdinetan: ilea garbitu berri duen bizilaguna leihotik begira, emakume bat autobusaren zain, haurdun dagoen beste bat etxean telefonoz hizketan… Pertsonaia horiek baino gehiago, inguruak eta haien bueltako egoera jakin batzuek sortu dute korapiloa.

Gai gatazkatsuak izan arren, umorerako tartea ere bada. Okindegian sortutako egoerak eragin du barre gehien. Denbora- pasa, hizketan ari da amona bat okinarekin: “Erretiratuek bi gauza ditugu: memoria asko eta denbora asko”. Ogi barra batez hitz egiten jarri dira. Semea kartzelan duen bezero batek txapata erdia erosten du egunero; beste erdia, berriz, ETAk koinatua hil zion lagun batek. Ez dakite bata bestearen berri. “Oraindik beldur handia dago hitz egiteko”, okinak amonari. Eta hark, esperientziaren ahotsak, berriro errepikatu dio: “Denbora eta memoria”.

Saioaren bigarren zatiak hausnarketari ireki dizkio ateak; ikusleak parte hartzaile bihurtu dira. Lehenik, errepasoa egin diote ikusitakoari, eta aldatuko lituzketen jarreretan jarri dute arreta. “Amak ez luke horren intransigente jokatu behar”, edo “isilik geratu beharrean, pentsatzen duena esan beharko lioke”, proposatu dute. Gaiaz jardun ondoren, galdera egin die Aranbarrik: “Posizionatzea beharrezkoa al da enpatizatzeko?”. Ezezkoa da erantzuna. Eta honela gehitu du parte hartzaileetako batek: “Ni sentibera naiz bi aldeetako minarekiko, baina ez dago zertan posizionatu”. Okindegiko amonaren esaldiarekin ere bat etorri dira: “Urteekin beste modu batera juzgatzen dira gauzak”.

Hizketaldiaren ondoren, proposatzetik egiterainoko pausoa eman dute. Egoerak erreal egin dituzte, eta eurak jarri dira antzezle lanetan. Saioaren amaieran, bi txartel banatu dizkiete: batak desioak eskatzen ditu; besteak konpromisoak. Norberak bereak idatzi ditu, eta antolatzaileek gorde dituzte. Saio guztietan bildutakoak ikusgarri egingo dituzte 2016ko hiriburutzaren barnean.

Ehun saio

Martxoan hasi ziren egitasmoarekin, eta 2017ko urtarrilera arte Gipuzkoa osora hedatuko dute: ehun saio antolatu nahi dituzte, elkarbizitzan sakontzeko. Saio irekiak nahiz itxiak dira, eta antolatu nahi duten elkarte edo kolektiboek ere badute horretarako aukera: kultur eta auzo elkarteekin, unibertsitate arloko irakasleek, ikasleek… Hizkuntzari dagokionez, euskaraz nahiz gazteleraz izan daitezke.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

antzerkiforuma.dss2016.eu

Leave a Reply

Your email address will not be published.