Maitatu nahi dut, eta zer ez dakit

Borja Senperren poesia bilduma berria maitasuna eta maitasun ezaren ingurukoa dela dio azaleko tituluak. Amodioa zentzu zabalenean bainoago, alabaina, bikote harremanak dira pieza guztien mamia, salbuespenik gabe. Modu ziniko samarrean zirriborratzen ditu Senperrek; hastapen kartsuetatik banantze saihetsezinera doan txango errepikakor bezala. Guztia amaitutakoan, ironia da traumak arintzeko errezetatzen zaigun botika.

Ikuspegi modernoa da poemetakoa. Egungo indibidualista porrokatuarentzat, maitalearekiko interesa ez da joan ohi konkista erotikoa bera gauzatzetik askoz harantzago. Jomuga gisa ipinitako horrentzat erakargarri suertatu izana baieztatzea nahikoa da egoari masajea emateko. Behin helburua lortuta, niaren gotorlekura itzuli, zubia altxa eta atetzarrak lau giltzarraporekin ixtea tokatzen da.

Modernoaz gain, hiritar samarra ere bada fenomenoa, nire susmoa horixe da behintzat. Zarautzen, ez dut aspalditxotik bikote berberarekin ez dabilen nire adineko lagun edo familiartekorik ia. Lau milioi pertsonako oraingo bizilekuan, mutil-laguna duen ezagun bakarra daukat, maitasunaren boterea nahiko new age moduan aldarrikatzen duen neskato xelebre bat. Nire adiskide batek kapitalismoaren merkatu legeetan oinarritutako azalpen sinplea du azken egitate honentzat. Herrixkan, banantzeari ikara omen diote gehienek, eskaintza murritzak eta testuinguru hertsiak betirako sexurik gabeko bakartzearen zigorra ekar dezakeelako. Hiria aukeraz betetako habitata da, berriz, adin guztietako biztanleentzat, egunero metroan ibili edo kafetegira sartzea nahikoa baita engaiamendurik izan ez eta ohekide posibleak aztertzen ari den jendea topatzeko.

Azalpen merkantilistaz gain, norbanakoak gehienetan bilatu ohi duen onarpen sozialak ere eragin dezake harremanei aurre egiteko moduan. Auzoko plazan, ez da falta bakarrik dagoena oraindik koitadutzat jotzen duenik. Metropolian, norbaitekin bizitza partekatzea erabakitzen duenak aukeraz betetako mundu kitzikagarriari uko egiten dio. Eta hurkoek zeharka bada ere aurpegiratuko diote, parrandara doazenean mezurik bidali gabe, adibidez.

Dikotomia hau guzti hau ez da hain garrantzizkoa, halere, amodioaz ari bagara. Izan ere, desarmatzen ari gara pixkanaka Eliza katolikoa, alboratzen bikotekideari esklusiban bideratutako obsesio erromantikoa. Baina azpian behar lukeen indar miresgarri hori nola bideratu jakin gabe jarraitzen dugulakoan nago. Batzuek maite dituzte landareak eta animaliak, besteek Reala edo euskal presoak. Beranduegi baino lehen mundua aldatu behar lukeen eta gure eskuetan dagoen tiramen handiko armak aktibatu gabe segitzen du ordea. Nik neure ahalmena pizte aldera, azalpen bila irakurri dut Borja Senperren liburua. Poema guztiak aztertu, eta tituluan maitasuna hitza erabiltze hori nahiko iruzurtia iruditu zait. Hemendik aurrera, nire lagun new ageari arreta handiagoa ipiniko diodala uste dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.