Hilabete falta da udal eta foru hauteskundeetarako. Maiatzaren 24an argituko da, ondorengo itunak gorabehera, Gipuzkoako udalak noren esku geldituko diren. Egun, Gipuzkoako 88 udalerrietako 59tan EH Bilduk du gobernua, hiriburua barne; EAJk lau udaletan du agintea (Aia, Elgoibar, Urnieta eta Hondarribia); eta PSE-EEk, hirutan (Irun, Eibar eta Zumarraga). EH Bilduren hegemonia eta nagusitasun hori zertan gelditzen den ikusteko dago, beraz.
Arreta gehien erakartzen duen fokua, ordea, Donostia da. 1991tik 2011ra alkatetzan egon ostean, Odon Elorza sozialistak garaitezina zirudien Gipuzkoako hiriburuan; baina PSE-EEk izandako gainbehera izugarriak alkatetzatik kendu zuen. Botoetan ez zen alde handirik izan sozialisten (19.666) eta EH Bilduren (21.110) artean, baina nahikoa izan zen EAJk hiriburuan boto gehien jasotako zerrenda errespetatu eta EH Bilduri alkatetza hartzen uzteko.
EAJ laugarren indarra izan zen Donostian, 15.587 botorekin; urrun, beraz, lehen indarretik. Jeltzaleek, ordea, Donostiako alkatetza jomugan dute hauteskunde hauetan. Ikusteko dago EAJren botoek gorantz egiten duten, EH Bilduk bere boto poltsari eusten dion eta PSE-EEk orain lau urteko gainbehera hura gainditzea lortzen duen.
Aurreko hauteskundeetako emaitzei erreparatuta, gerta liteke hiru alderdiak lehia estuan ibiltzea, eta, kasu horretan, hauteskundeetako emaitzek baino pisu handiagoa izango lukete ondorengo negoziazio eta itunek. EH Bilduk irabazita ere, aukeren artean sartzen da EAJk eta PSE-EEk bat eginda alkatetza kendu ahal izatea; baina biak ere alkatetzarako lehian sartzeko moduan egongo direnez, ikusi beharko litzateke ea nork egiten dion uko alkatetzari bestearen mesedetan.
Hauteskunde osteko elkarrizketetan, baina, ez da erakunde bakar baten gainean negoziatzen, eta gerta liteke Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala negoziazio pakete berean sartzea. Hala, biren arteko akordioan erakundeen partizioa egin liteke; batek udala eta besteak foru aldundia hartzea, alegia.
Leave a Reply