Olatua neurtzeko garaia

Lau urte igaro dira jada Donostiako Atano pilotalekuan Martin Garitano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia oholtza gainean besoak gorantz, garaipena ospatzen eta poza aurpegian azaldu zenetik. Lau urte, agintaldi oso bat egin du EH Bilduk foru gobernuan, eta iritsi da ordua garaipen hura berritzeko edo, bestela, garaipen aurpegi horiek beste alderdiren bateko hautagaien artean ikusteko.

2011ko maiatzean, iraulketa izan zen protagonista Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan; tsunami bat bezala sartu zen EH Bildu koalizioa panorama politikoan. Bildu efektua deiturikoa nabarmena izan zen lurraldean, eta ezker abertzalearen, EAren eta Alternatibaren arteko batasunaren emaitzak gainditu egin zuen boto batuketa hutsa. Ilusioa sortu zuen koalizio berriak eta, 2011ko maiatzaren 22ko hura hauteskundeetan bere lehen parte hartzea izan arren, indartsu sartu zen Hego Euskal Herriko lurralde guztietan. Baina, nonbait gailurra ukitu bazuen, Gipuzkoan izan zen, 119.100 botorekin. Batzar Nagusietan 22 eserleku lortu zituen, jokoan zeuden 51tik; eta, foru gobernua eskuratzeaz gain, lurraldeko 88 udalerrietatik 59tan lortu zuen alkate makila.

Eta ilusioak iraun egin zuen. Urte bereko azaroan, hauteskunde orokorrak ziren Espainian, eta EH Bildu osatzen zuten alderdiak eta Aralar batera aurkeztu ziren bozetara, Amaiur koalizioan. Sei hilabete lehenago Gipuzkoan lortutako emaitza onak hobetu egin zituen Amaiurrek, 130.000 botoren langa gaindituta (egun batzuk lehenago iragarri zuen ETAk armak uzteko erabakia).

‘Bildu efektuaren’ atzean

Hainbat faktore aipa daitezke Bildu efektu hori azaltzeko. Batetik, Gipuzkoa beti izan dela abertzaleen gotorleku, eta EArentzat eta ezker abertzalearentzat boto gehien eskuratu izan duten lurraldea ere bai. 1987ko foru hauteskundeetan, esaterako, ia 170.000 boto eskuratu zituzten bien artean; EAk irabazi zuen 85.800 botorekin, eta Herri Batasuna izan zen bigarren indarra 84.100 botorekin —EAJk 50.100 lortu zituen—.

1987tik aurrera, EA indarra galduz joan zen apurka-apurka, baina betiere Gipuzkoa izan zen alderdi horren indargunea. Gainera, EAJ eta EA bi hauteskundeetan batera aurkeztu ziren (1999 eta 2003an) eta koalizioa apurtu zenean, EAk koska handi bat jaitsi zuen boto kopuruan: 1995ean, 67.000 eskuratu zituen, eta 2007an, 34.000.

Ezker abertzalearentzat, 1999ko puntu goren hori igaro ostean, ilegalizazioaren aroa ireki zen. 2003ko eta 2007ko hauteskundeetan ezin izan zen aurkeztu, haren hautagaitzak legez kanporatuak izan zirelako. Boto baliogabeen bidez neurtu zen bi urte horietan ezker abertzalearen indarra, baina ordezkaritzarik gabe eta kanpaina egiteko aukera murriztuta, nabarmena zen ezker abertzaleari egindako kaltea: 2003an boto baliogabeak 63.900 izan ziren, eta 2007an, berriz, 72.900. Urruti gelditzen zen ezker abertzaleak Euskal Herritarrok hautagaitzarekin lortutako boto kopurua. Izan ere, EH siglekin aurkeztuta, 105.000 botoen langa gainditu zuen ezker abertzaleak 1999an.

Esan liteke, EAren eta ezker abertzalearen gainbehera hori 2011n gelditu zela, eta EH Bildura bilduta biak atera zirela irabazten, Ezker Batua alderditik banandutako Alternatibarekin batera.

Aurten, hiruko horrekin batera laugarren alderdi bat ere aurkeztuko da EH Bilduren barruan: Aralar. 2003an aurkeztu zen lehen aldiz Aralar Gipuzkoako foru hauteskundeetara, eta 18.600 boto eskuratu zituen. 2007an Ezker Batuarekin aurkeztu zen, eta 2011n berriro bakarka lehiatu zen bozetan; 17.200 boto lortu zituen.

Ikusi beharko da, Aralarrek nolako ekarpena egiten dion EH Bilduri boto kopuruari dagokionez. Botoak batuta, 136.300 izango lirateke 2011n, eta Batzar Nagusietako ordezkaritzari erreparatuz gero, berriz, 23 ordezkari izan dituzte azken lau urteotan.

Indar abertzaleen batasunak —EAJ kenduta betiere— 2011n izandako emaitza on hura eta sortutako ilusio hura errepikatuko den ikusi beharko da orain, lau urte geroago.

Ezker abertzalearen pausoa

Badirudi gipuzkoarrek 2011n saritu egin zutela koalizioan joandako alderdien ahalegin hura, baina egoera politikoa ere asko aldatu da ordutik. Baketzeari eta normalizazio politikoari begira urrats garrantzitsuak egiten ari ziren, eta ezker abertzaleak ziklo berri bat irekitzeko apustua egin zuen, betiere bide politiko hutsak erabilita. Bake eta konponbide iraunkor baterako bidean, ETAk ere su-etena emana zuen 2010eko irailaren 6an, eta 2011ko foru hauteskundeak egin zirenean oraindik armak uzteko erabakia hartu ez zuen arren, agerikoa zen konponbide betiereko bati begira jarrita zeudela indarrak ezker abertzalean.

Apustu hori tarteko sortu zen EH Bildu koalizioa, eta apustu hori tarteko lortu zituen 2011n lortutako emaitzak ere. Lau urte geroago, ETAren eta ezker abertzalearen apustuak eta konpromisoak bere horretan dirau. Baina, bost urteko su-etenak giroaren nolabaiteko apaltzea eta epeltzea lortu du. Askorentzat baketzea eta normalizazioa jada ez dira agenda politikoaren ardatz, eta gerta liteke aurtengo foru hauteskundeetan baketzearen eta normalizazioaren alde egindako ahaleginak baino pisu handiagoa izatea lau urteotan egindako kudeaketak.

Oposizioan aritzea eta gobernuan aritzea ez direla gauza bera esan izan da beti, errazagoa dela oposizioa egitea gobernatzea baino. Gipuzkoan, EH Bilduk, foru aldundia ez ezik, 59 udaletan ere izan du gobernua, hiriburua barne; eta Gipuzkoa Berria leloaren pean, hainbat eta hainbat aldaketa egin ditu bai kudeaketa moduari, bai jarduteko moduari eta bai gizarte ereduari begira ere. Aldaketa sakonak bultzatu ditu hainbat arlotan —hala nola errauste plantari eta hondakinen kudeaketari, hizkuntza politikari, gizarte zerbitzuei eta zerga politikari dagokienez—, baina jokatzeko modu berri hori eta hainbat inertzia haustea agian botoetan ordainduko du.

EAJ, alternatiba

Foru aldundiaren gobernurako kinielek alternatiba posible bakarra ematen dute: EAJ. Jeltzaleek ez dute erraza izango EH Bilduren boto kopurua gainditzea, ordea; 2011n, Aralar gabe, 39.000 botoren aldea izan zen bien artean, eta ekuazioan Aralar sartuz gero, EAJk 56.000 botoko koska gainditu beharko luke garaile irteteko. EH Bilduren porrota izugarria litzateke kasu horretan, eta EAJren gorakada nabarmena.

Baina, iraulketa alimaleko hori gertatu gabe ere, litekeena da EAJ foru aldundiaren gobernurako alternatiba izatea. 2011ko hauteskundeetan bigarren indarra izan zen EAJ, eta bakarka aurkeztuta inoiz lortutako emaitza onena eskuratu zuten jeltzaleek, 80.800 botorekin. Aurreko foru hauteskundeekin alderatuta, gainera, gorantz egin zuen EAJk lortutako babesak, 9.000 boto gehiago jaso baitzituen.

Bestalde, bigarren indarra izanda ere, EAJk aukera izan dezake gobernatzeko. Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariak “Bilduren olatua eta olatu haren aparra” desagertu egin direla adierazi zuen, Markel Olanoren hautagaitza aurkeztu zutenean, eta ziur agertu zen EAJ izango dela lehen indarra. Hala izango ez balitz garaileak “elkarrizketak abiatzeko duen eskubidea” errespetatuko luketela adierazi zuen Egibarrek; ez zuen argitu, ordea, zer egingo duten jeltzaleek elkarrizketetan garaileak gobernua osatzeko babesik lortuko ez balu. Hain zuzen ere, 2007an hauteskundeak irabazi gabe eskuratu zuen foru gobernua EAJk, EAren babesarekin eta EBren eta Aralarren abstentzioarekin. Jeltzaleek eta PSE-EEk batzarkide kopuru bera zuten arren, sozialistek boto gehiago jaso zituzten.

PSE eta PP, beherantz

Bigarren indarra izanda foru gobernua osatu nahi badute, PSE-EE izango litzateke ziurrenik EAJren bazkide. Baina, ikusteko dago sozialistek eta popularrek zer egiten duten hauteskunde hauetan. Izan ere, 2011ko bozak porrota izan ziren PSE-EErentzat. Lau urte lehenago Gipuzkoan lehen indarra zen alderdia hirugarren indar bilakatu zen —eta, aldi berean, Donostiako alkatetza ere galdu zuten—, 17.600 boto gutxiago jasota, gainera.

Sozialistek inoizko emaitza txarrena izan zuten ia. 1979ra joan behar da emaitza okerragoak topatzeko. Batzar Nagusiak osatzeko lehen hauteskunde haietan sozialistek 46.000 boto baino ez zituzten lortu. Urte hartan, baina, Euskadiko Ezkerra oraindik bere aldetik aurkezten zen, eta hark beste 35.000 boto lortu zituen. Biak batuz gero, inoiz ez dute sozialistek 2011n bezain babes gutxi izan.

PPren kasuan, Gipuzkoa ez da inoiz izan popularren gotorleku. 2001eko EAEko hauteskundeetan —Jose Maria Aznar gehiengo osoarekin ari zen gobernatzen Espainian— eskuratu zituen PPk inoizko emaitza onenak: 82.800 boto. Baina, Gipuzkoako foru hauteskundeetan sekula ez da kopuru horretara hurbildu; gehienez 55.000 boto (1999an) lortu baititu Batzar Nagusietarako hauteskundeetan.

2001eko kopuru hori abiapuntu hartuta, nabarmena da PPk ordutik egin duen beheranzko bidea. Izan ere, 2011ko foru hauteskundeetan 34.500 boto baino ez zituen lortu, eta 2012an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 30.400.

Ahal Dugu, sorpresa

2011ko hauteskundeekin alderatuko dituzte analistek maiatzaren 24ko emaitzak, baina aldaketa handia izan liteke, orain dela lau urte existitzen ez zen eta aurkeztu den hauteskunde guztietan indarrez sartu den alderdi berri bat sartuko baita Gipuzkoako jokalekuan ere: Podemos Ahal Dugu.

Euskal Herrian soilik behin lehiatu da Ahal Dugu hauteskundeetan. Europako Parlamentua osatzeko bozetan, jende gutxik ezagutzen zuen Pablo Iglesiasen alderdia; iritsi berria zen. Gipuzkoan 15.100 boto lortu zituen. Ahal Dugu-ren fenomenoa, baina, orduantxe hasi zen. Espainian bost eurodiputatu lortu zituen, eta alderdi handiekin lehian sartu zen. Ikusteko dago Gipuzkoako foru hauteskundeetan zeini kentzen dion pastelaren puska handiena, eta nola gelditzen den eserlekuen banaketa, lehiakide berria sartuta.

Hemendik hilabetera, arratseko 20:00 inguruan, hasiko da kopuruen dantza. Orduan argituko dira galdera guztiak: EH Bilduk eutsiko ote dion nagusitasunari, EAJk lortu ahal izango duen foru aldundira itzultzea; PSE-EEk eta PPk, behea jota, gorantz egingo ote duten; Podemos Ahal Dugu-k nori egingo dion kalte handiena… Olatua bezala sartu zen EH Bildu 2011ko panorama politikoan. Olatuaren tamaina neurtzeko garaia iritsi da berriro.

Leave a Reply

Your email address will not be published.