“Saiora joan aurretik errezelo gehiago izaten da momentuan bertan baino”

Urteak darama Elena Aranbarri aktoreak (Tolosa, 1967) antzerki forumaren metodoa lantzen. Aktore modura aritzeaz gain, antzerki tailerrak ere ematen ditu. May Gorostiaga kidearekin batera prestatu du Eta hik zer? egitasmoa.

Nondik sortu zen bizikidetzaren gaia antzerkiaren bitartez jorratzeko ideia?

Zortzi urte daramagu antzerki teknika bera lantzen. Beste gai batzuen inguruan aritu gara orain arte: eskola jazarpena jorratu dugu, berdintasuna, arrazakeria, immigrazioa… Ikusten genuen egunerokoan, ia guztiaren atzean, gatazka zegoela, eta hortik sortutako gizarte arazoak. Gaia airean zegoen, eta hura aztertzen hasi ginen. Argi genuen kaleko jendearen artetik hasi behar genuela, guk lan egiten dugun ingurutik. Testigantzen bitartez eta bildutakotik idazten hasi ginen, eta ikusi genuen Donostia 2016ko hiriburutza plataforma on bat zela proposamena aurkezteko.

Eguneroko bizimoduan gerta daitezkeen sei egoera aukeratu dituzue. Nola egin jendearengana ailegatzeko?

Idatziz gindoazela, egiten genuena elkarri kontatzen genion Mayk eta biok, eta bi jarraibide zehaztu genituen prozesuan. Batetik, beharrezkoa ikusten genuen jendearen gertukoa izango zen hizkuntza bat erabiltzea, jendea identifikatuta sentitzeko. Eta, bestetik, garrantzitsua zen enpatian oinarrituta lan egitea, eta ez politikan oinarrituta. Antzerki forumean garrantzitsuena ez da antzerkia bera, baizik eta hori zertarako erabiltzen ari zaren. Antzezlanaren ondoren gertatzen denak inporta du azkenean.

Esperotako erreakzioak biltzen ari zarete?

Egun bakoitza ezberdina da. Askotan, kosta egiten zaigu sentimenduez hitz egitea, eta agian lehen momentuan jendeak ez du gai horietan sartu nahi. Baina guk enpatiaz eta eraikitzeaz hitz egiten dugu. Normalean, joan aurretik errezelo gehiago izaten da momentuan bertan baino; saioan oso giro polita sortzen da. Eibarko saioa, adibidez, opari bat izan zen. Parte hartzaileak segituan jarri ziren hitz egiteko prest. Gai baldin bagara pauso hori emateko, uhin eraikitzaileak sortzeko, ekarpena egiten ariko gara.

Parte hartzaileen adinaren arabera, aldatzen da jarrera?

Gazteenek eta edadetuenek ikuspegi eskuzabalagoa eta adeitsuagoa dute, bizitza ikusteko beste modu bat. Gaitasun handiagoa dute enpatizatzeko. 20 eta 50 urte arteko adina, adibidez, konplikatuagoa da. Baina asko daude bestearen lekuan jartzeko orduan, eta barneratuta dauzgun ideiek pauso hori ematea galarazten digute. Gazteenek, berriz, 17-18 urte ingurukoek, gaia urrutiagotik bizi dute emozionalki. Horiek ere bizi izan dute eta bizi dute, noski, haiek ere jaso dute herentzian, baina sufrimendu gutxiago dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.