Euskal kulturaren gainbehera

Kultura guztiak sortu, garatu eta hil egiten omen dira. Izaki bizidun baten antza handia dute kulturek; horien antzera, azken arnasa hartzen dute, eta denboraren zulo beltz honetan betirako ahazten dira, noizbait garai bateko kulturez interesatua dagoen antropologo batek ikertu eta haiei buruzko lauzpabost orriko tesi bat aurkezten duen arte. Horrelaxe gertatu da kultura feniziarrarekin, zeltarekin, eta gure euskal kultura ere horrelaxe doa, gain behera, zulo beltz horretan desagertu arte. Hau irakurtzen ari den edonork galdetuko du ea nondik atera dudan euskal kulturaren desagerpen apokaliptiko honen kontua; izan ere, euskal kultura bete-betean dago. Hor daude euskararen aldeko kilometroak, bertsolaritzaren elkarte eta finalak, euskal antzerki eta folklore topaketak, olerki errezitalak eta eusko-gastro-bertso-hop trikiti jaialdiak. Baina kultura ez da soilik errima eta dantza pausotan neurtzen, ez eta ere liburu batean edo bertso baten azken esaldian gordetzen. Kultura adar askoko zuhaitza da, eta gurearen adar gehienak eder eta bizi dauden arren, bada adar bat ustelduta eta erotzear dagoena. Erortzear dagoen adar galdu hori euskal eko-kultura da, gure kultura eta ingurumena batzen dituen adarra.

Idatzi gabeko kultura bat da, euskaldunen eta ingurunearen artean zegoen harreman estutik sortua eta ahoz aho igaro dena, eta garai bateko euskaldunentzat bizitzeko ezinbestekoa. Euskal eko-kulturak bertako zuhaitz guztien izen eta bere egurren erabilerak dakizki, inguruko landare eta belar ezberdinekin nola sendatu erakusten du, eta abere ezberdinen jokamoldeak azaldu. Gogoan dut nola nire aitona zenak, 6 urterekin artzain lizentziako ikasketak egina, azeriaren ehizatzeko moduak deskribatzen zizkidan, eta, haren esanetan, Aralarko artzain batek xomorroen mugimenduak ikusita omen zekien zein eguraldi egingo zuen. Zenbat kontu eta informazio ote dago gure zaharren buruan gordea, zenbat dokumental egin ote daitezke haien eko-kulturarekin. Lehen, bere ingurunea ulertzen zuena aurrera ateratzen zen; orain, nahikoa dugu supermerkatuko prezioak irakurtzea eta beherapenik hoberenak ulertzea egunero jateko. Euskalki, euskamolde eta esaera zaharren liburu eta elkarrizketez betea dago euskal kulturaren artxiboa, baina hutsa dago euskal eko-kulturaren tiradera. Errenterian aitona batek lepazuriaren argazkia ikusi eta “nire etxean animalia honi Foina esaten zioagu!”, esan zidan; kasualitatea ote da animalia horren izen zientifikoa Martes foina izatea? “Txindokiko belardietan hiltzen den behorrari lehenik beleek begiak jaten dizkiote”, zioen Amezketako agure batek, “hau gertatu arte ez da beste animaliarik gerturatzen gorpura”. Agure horrek askotan ikusi omen zituen basurdeak ardiak ehizatzen, eta arratsaldeko zazpietatik aurrerako zirimirian zapo txikiak erortzen omen ziren zerutik. Egin dira milaka ikerketa mendebaldeko euskalkiak euria hitzaren erabileraren eboluzioa aztertzen dutenak, bildu dira orain ehunka urte euskal apaiz batek egindako koplak ere; noski, kopla horiek gero txalapartarekin eta bertso musikatuekin fusionatu dira, eta milaka disko argitaratu dira.

Lan ugari egin da trikuharriak lurpetik atera, pintura gris eskukada bat eman eta biribilguneetan ipintzen ere; hori ere kultura duk/n, txo! Hor hil dira, ordea, azkonarraren elikatzeko moduak azaltzen zituen amonaren hitzak, eta oilotegiko oilarrak baserrien artean trukatzeko ohituren zergatiak. Ez zen, ba, ez lan zaila izango hogei etxetara joan, bertako zaharrenei elkarrizketa bat grabatu eta inguruko landare zein animalien argazkiak erakutsiz haien hitzak biltzea. Euskal kulturaren adar hau, ordea, erortzen utzi dugu, beste adarren loraldi baten trukean agian… eta adar bat erortzen denean ez da berririk ateratzen. Guk, berriz, bertso finaleko irabazleak erabilitako doinuaren luzera neurtzen edo herriko festetan benetako euskal kulturaren sinbolo diren harri-jasotzaileei animatzen jarraituko dugu. Nori inporta dio jakitea zein zuhaitz diren egokienak makilak egiteko edo arrano beltzak azeririk ehizatzen ote duen. Hori biologia dun/k, ez kultura.

Leave a Reply

Your email address will not be published.