Donostiako Udalak 2015-2019 epealdirako Euskararen Plan Orokorra onartu berri du. Euskara “guztiz berreskuratzea” eta “euskararen Donostia” eraikitzea xede hartuta atondutako plana da. Izan ere, Euskal Herriko hirietan Donostia izanik ere euskaldunen proportzio handiena duena, erabilera datuak urrun daude ezagutza datuetatik.
Donostiarren %40,6 dira euskaldunak, %28,6 ia euskaldunak eta %30,8 erdaldun elebakarrak. Ezagutza %70ekoa izan arren, %15,9koa da kale erabilera. “Beraz, ezagutza areagotzearekin batera, erabilera indartzea izango da egiteko nagusia”, dio planak.
Hiru helburu estrategikotan banatzen dira planak jasotako ekinbideak: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.
Donostiako Udalak parte-hartze prozesu baten bidez atondu du plana. Zuzeneko bilerak eta webgunea erabilita, herritarren ekarpenak jaso dira. 2011-2015erako euskara planaren memoriatik hartu dituzte datu kuantitatiboak, eta eragileen ekarpenek eskaini dute azterketa kualitatiboa. Horietan oinarrituta, “balorazio estrategikoa”, diagnosia egiten du planak.
Transmisioaz, esaterako, guraso euskaldun gero eta gehiago dagoela dio; euskaraz aritzeko gaitasun ona duten arren, euskararako joera falta dutela nabarmentzen du. “Umeek eta gazteek kontraesana nabari dute: askok umeei bakarrik egiten diete euskaraz, eta horrek erdara erabiltzea dakar”. Euskarari prestigioa eman beharra hainbat ataletan aipatzen den egitekoa da: familia, lan mundua, kalea, hedabideak…
Irakaskuntzan, D ereduaren aldeko hautua argia da: 3 urteko umeen %86,84 eredu horretan matrikulatu zituzten iaz. Halere, 6-10 urtekoen artean erdaraz hitz egiteko gero eta joera handiagoa antzematen dela dio planak; eta, gazteei dagokienez, hitz egiteko jariotasuna falta zaiela eta euskara ez-formala landu behar dela.
Denda eta tabernetan, bestalde, aurrerapausoak nabariak direla jasotzen du planak. “Merkataritzan hasi dira euskara ikasteko beharra sumatzen”, baina “erabiltzaile eta bezeroak ez dira ausartzen euskaraz egitera”. Aisialdia —haur, gazte zein helduena— euskararekin eta euskal kulturarekin lotu beharra ere estrategikotzat jotzen du planak.
Hizkuntz normalizazioa auzoetan landu beharreko gaia dela dio planak, halaber. Auzoz auzoko lanketa estrategikotzat jotzen du, bakoitzak duen errealitateari erreparatuta. Donostiako bederatzi auzotan daude osatuta jada euskara batzordeak.
Familia bidezko transmisioan erabilera areagotzeko sentsibilizazioa lantzea aurreikusten du planak: gurasoengan eragitea, hizkuntza ohituren eraginaz jabe daitezen; bikote euskaldun eta mistoen kasuan, seme-alabekiko hizkuntza ohiturak lantzea; eta euskararekin lotutako produktuak ezagutaraztea.
Atal honetan familia barruko erabileraren datuak aipatzen dira. %12,2koa da euskararen erabilera familia barruan, %9,63k gaztelania zein euskara erabiltzen dituzte, eta %76,10ek, gaztelania soilik. Ildo horretan, familia barruan erabilera sustatzeko, guraso eta umeek euskara erabiltzeko guneak sortu eta elikatzea proposatzen du.
Euskara Zerbitzuaren esku hartzea aurreikusten da eskolaz kanpoko jardueretan, eskola barrukoa ez baita udal eskumena. Udala aisialdiaz eta kalean egiten denaz arduratuko da, eta erabilera areagotzeko bideak landuko ditu. Hezkuntza esparruan, euskararen erabilera soziala aztertu eta bultzatzea litzateke egitekoetako bat: nerabe eta gazteen erabilera ezaugarriak aztertzea eta euskara harreman hizkuntza gisa bultzatzea, besteak beste.
Euskara ikasteko baliabideak eskaintzen eta ikasleentzat diru laguntzak handitzen jarraitzea aurreikusten du planak. Hala, finantzaketa sistema egonkor bat ahalbidetzeko aukerak landu eta abiatuko ditu udalak. Langabeentzat doako ikastaroak antolatzen jarraitzea —besteak beste, lan mundurako sarbidea errazteko laguntza direlako— eta gizarte esparru guztietara heltzeko ikastaro laburrak sustatzea lehentasunezko ditu.
2014an, Donostiako Udalak 296.760 euro erabili zituen helduen euskalduntze-alfabetatzerako; eta Donostiako euskaltegietan euskara ikasten ari ziren 3.327 ikasleetatik 1.723k jaso zituzten diru laguntzak. Horrez gain, euskaltegietako gelaz kanpoko bost jarduera lagundu zituen diruz: Mintzalaguna, mintzodromoak, Mintzanet…
Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2013-2017 Plana indarrean dago, eta hiru helburu ditu: herritarrekiko harremanetan zerbitzu hizkuntza izatea, lehentasuna euskarari emanez; beste administrazioekiko harreman hizkuntza izatea; eta euskara udaleko lan hizkuntza izatea.
Udaleko langileen hizkuntza gaitasuna asko hobetu dela dio planak: “Ia bermatuta dago zerbitzua euskaraz ematea”. Planaren arabera, lanpostu berrietan, hutsetan eta lehiaketara ateratzen direnetan derrigortasun datak jarriko ditu udalak, eta ikastaroak eskainiko ditu langileen hizkuntza gaitasuna hobetzeko.
Atal honetako datuei dagokienez, udaleko langileen %59k egiaztatu dute hizkuntza eskakizuna, eta lanpostuen %73,75ek dute derrigortasun data. Erabilerari dagokionez, herritarren %25ek erabiltzen dute euskara udaleko zerbitzuetan. Datu hori hobetzeko, herritar eta udal langileen sentsibilizazioa eta motibazioa lantzea jasotzen du euskara planak.
Merkataritza eta ostalaritzan, hasitako ibilbideari jarraipena ematea aurreikusten da. 2014an Euskara Zerbitzuak esparru honetako eragileekin gogoeta abiatu zuen, eta hurrengo lau urteetarako lan ildo eta proposamenak adostuta daude. Helburu nagusia, arreta euskaraz eskain dezaketen establezimenduak identifikatu eta haiek bezeroei lehen hitza euskaraz egitea. Erosle eta herritarrak aktibatu beharra nabarmentzen du puntu honek, haien bidez lortuko baita merkatari eta ostalarien artean euskararen aldeko jarrera eragitea.
Merkataritza munduan, euskara erabiltzeari prestigioa ematea proposatzen du; sustapen eta komunikazio ekintzak gauzatuz, eta euskara kalitatearekin, lehiakortasunarekin eta ongizatearekin identifikatuz.
Datuen arabera, Donostian 500 establezimendu dira zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai.
Aisialdi ekintza berriak antolatzeko premia baino gehiago, beste sailekin (Donostia Kultura, Gazteria, Gizarte Ongizatearen Zerbitzua…) elkarlanean hiriko eskaintzetan eragiteko premia ikusten da. Planak ezinbesteko jotzen du aisialdi enpresa eta taldeen eskaintzan eta jardunean eragin ahal izatea. Eta hausnarketa bera egiten du kirol esparruan ere. Kirol arloko eragileekiko lankidetza proposatzen du.
Aisialdiko eskaintza modu zabalean ulertzea (zinema, antzerkia, telebista, literatura…) eta euskarazko ekinbideak adin tarte guztietarako zuzentzea jasotzen du planak.
Hirian dagoen euskarazko kultur eskaintza indartzea eta eskaera areagotzea sustatuko du udalak. “Eskaintzaren sustapen eta komunikazioan eragin beharko da, euskaldunen sareak eta guneak aprobetxatuz”. Ezinbesteko jotzen da elkarlana, bai Donostia Kulturarekin eta Udaleko beste zenbait kultur programatzailerekin, eta baita hiriko kultur eragileekin ere.
Hainbat neurri proposatzen ditu planak: euskarazko kulturaren kontsumoa bultzatzea, euskarazko kultur ekoizpenak kontsumitzeko pizgarrien sistema bat eratuz, elebidun pasiboak erakartzeko kultur ekintzak antolatuz, eta haur eta gazteentzako kultur ekoizpenak lehenetsiz; euskarazko sorkuntza sustatzeko neurriak hartzea, euskarazko sorkuntza bultzatzeko egitasmoak abian jarriz eta indartuz; eta euskarazko kultur produktuak zabaltzea.
Planaren arabera, euskarazko produkzioaren kalitatea bermatzea da administrazioaren beste zereginetako bat. “Euskara Zerbitzuak beste udal zerbitzuetako produkzioari jarri behar dio arreta”. Horrez gain, udalak euskararen erabilera publikoaren kalitatea bermatu beharko du, eta hiriko kale izendegi eta toponimia zein hizkuntza paisaia zaindu eta eguneratu beharko du, Euskaltzaindiarekin batera.
Euskarazko hedabideak laguntzea eta herritarren artean kontsumoa sustatzea estrategikoa dela jasotzen du planak. “Bertako informazioa gertu-gertutik eta euskaraz jasotzeko baliabide egoki gisa aurkeztu behar zaizkie herritarrei”. Sektorea diruz laguntzen jarraituko du Euskara Zerbitzuak.
Administrazioaren eta sektorearen arteko lankidetzaren oinarriak finkatu eta, sektorearekin adostuta, euskarazko hedabideen garapen estrategikoaren ildo nagusiak zehaztea jasotzen du euskara planak. Baita hedabideen ezagutza, hedapen soziala eta eraginkortasuna bultzatzea ere. “Hedabideekin batera, euskarazko produktuen kontsumoa sustatu eta prestigioa emateko kanpainak antolatu eta emaitzak neurtuko dira”. Tokiko euskal hedabideei dagokienez, planak dio 61.355 erabiltzaile dituela Hitza-k, eta 12.000 Hamaikak.
Euskara ikasi eta erabiltzeko motibazioa askotarikoa izan daiteke: afektiboa, identitateari lotua, pragmatikoa… Planaren arabera, “batzuetan zein besteetan sakontzea da gakoa”. Euskara balio positiboekin eta modernitatearekin lotzeko ekinbideak aurreikusten ditu planak. Bestalde, leku guztietan lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz herritarrak ohartarazteko hasia duen lan ildoari jarraitzea aurreikusten du planak: Udalean ere euskaraz, Dendan ere euskaraz, Kirolean ere euskaraz… Donostia, euskararen hiria marka indartu behar dela dio.
Leave a Reply