2007tik ari da Urko Rodriguez (Donostia, 1978) Dbuseko gidari lanean. Berez, aste batean izaten duen ordutegia eta ibilbidea bost urte igaro arte errepikatzen ez badu ere, badaki linea bakoitzean zein galderei erantzun beharko dien etengabe. Lagunak baino etsai gehiago egin ditzakeela iruditzen zaio.
Lan munduan denetarik probatu duzu autobus gidari izaterako.
Psikologia ikasi nuen bere garaian, eta arlo horretan hasi nintzen lanean. Baina, gero, hainbat lanbidetatik pasatu nintzen. Lanik gabe nengoela, Lanbideren bidez autobus gidari izateko baimena atera nuen, eta diskrezionalak deritzenak egiten hasi nintzen: eskualdetako autobus bidaiak, ibilaldiak… Hortik elektronikako gauzak egitera pasatu nintzen; hori utzi nuenean, autobusetara itzuli nintzen, lineakoetara, eta 2007tik hona horretan ari naiz. Nahiago dut lineako autobusak gidatzen aritzea; ordutegi finkoak ditugu, behintzat. Diskrezionalak ostalaritza bezalakoak dira, ez dago ordutegi finkorik: goizeko seietan bidaia bat egin beharra izan dezakezu; gero, etxera lotara itzuli; arratsaldean, eskolaren bateko buelta, eta, gero, gaueko bidaia bat.
Eta, zein dira zuk gidatzen duzun autobusaren ordutegia eta ibilbidea?
Esango nuke oso plan originala dugula Donostiako autobusetan, sekulako sarea dago ordutegiekin. 200 ordutegi edo ibilbide daude daude. Gidari bakoitzak bat hartzen du, eta astero txandakatzen ditugu. Beraz, nik aste batean izaten dudan ordutegia txandan nire atzetik dagoenak egingo du, eta gero haren atzekoak, eta horrela. Beraz, ziklo osoa 200 aste eta gero betetzen dugu, bost urtean, alegia. Astegunetarako ordutegi bat dago, larunbatetarako beste bat, eta igande eta jai egunetarako beste bat. Uste dut Donostia dela estatu mailan halako sistema duen bakarra. Beste lekuetan, gidari bakoitzak ibilbide bat edo bi izaten ditu, eta ez da horietatik ateratzen.
Beraz, bidaiarien aurpegiekin geratzea ez da erraza izango.
Ez, etengabe aldatzen goaz eta. Hala ere, bidaiariek ere ez dute beti linea bera hartzen; beraz, beste uneren batean ikusten dituzu. Batzuetan, gertatzen da ordutegi bera errepikatu beharra, badaudelako aste batzuk egokitzen zaigun ordutegirako libre egoten garenak; horrelakoetan, aurreko astean egindakoa errepikatzea tokatzen da.
Eta lagunak egiten al dira autobus gidari izanda?
Uf… etsaiak gehiago, igual. Gauzak ongi eginez gero, inork ez du ezer esaten. Baina zerbaitekin tronpatuz gero, atea irekitzeko botoiari ematen pixka bat atzeratuz gero edo, badakigu tarte baterako zer esana emango dugula. Gainera, ez da erraza beti adeitsua izatea. Nire egoteko jarrera, normal nagoenean izaten dudan aurpegia, oso serioa da, eta batzuetan nabaritzen dut jendearekin distantzia markatzen dudala. Gainera, gertatzen da etengabe galdera berdinak egiten dizkigutela, etengabe erantzun berdinak ematen ditugula, eta, halere, jendeari ez zaizkiola gogoan geratzen. Gidariok linea bat hartzen dugunean, badakigu goiz edo arratsalde osoa zer erantzuten pasatuko dugun. Gure lanbidearen alde ona eta txarra ia gauza bera dira: jendea, jendearen alde okerrena eta onena ikusten dugu, autobus barruan zein kanpoan.
Gauez lan egin behar izanez gero, parrandatik bueltako jendearekin zer?
Gidarion protokoloaren arabera, lanpostuko oposizioak egin eta hurrengo bi urteetan edo, lan poltsa jakin batean egoten gara. Egunekoak egiten hasi, eta Hontzak egitera pasatzen gara, gaueko zerbitzuak. Nik aspaldi ez ditut egin. Ordutegi horiek nahiko bereziak izaten dira. Izan ere, arauak dio mozkortuta daudenek ezin dutela eguneko lineetako autobusera sartu, baina egizu hori Hontza batean. Gainera, kontuan izan behar da autobus horiek horretarako jartzen direla; bestela, jendeak autoa hartuko luke.
Dbusen zalaparta dezentea sortu zuen hizkuntz eskakizunen auziak. Zuei eragin al zizuen?
Bai, eta oraindik ere eragiten digu. Kontua da lan poltsa horretan eskatzen zuten euskara mailaren bueltan sortu zen auziaren ondoren etenda geratu zela prozesua, eta berez sartu behar zuten langileak ez daudela. Horrek zer esan nahi du? Guk metatzen goazen ordu batzuk ditugu, gero jai egunak eskatu ahal izateko. Baina langile horiek falta direnez, jai egunak eskatu arren, ez dago gure ordez nork lan egin. Beraz, egunean 40 langilek orduengatik jai eskatzen badute, horietatik hiruri soilik ematen diete jai, eta urtebete daramagu horrela. Auzi horretan nire iritzia epaiak esandakoaren bera da: uste dut hizkuntz eskakizuna ongi eginda dagoela, eta hori egiteko modua dela gaizki dagoena. Nik oposizioa egin nuenean, bost esaldi genituen euskaratik gaztelaniara itzultzeko, eta beste bost alderantziz egiteko; bada, hamar esaldi horiek itzuli gabe utzita ere gaindi zitekeen azterketa. Uste dut egungo eskakizuna egokiagoa dela gutxieneko hizkuntza maila bat bermatzeko.
Zein da gidari izandako urteotatik ahazten ez duzun pasadizoa?
Bada, gogora etorri zaidana ez da oso barregarria, nahiz eta badauden halakoak ere. Behin, nirea ez den geltoki baten nengoen. Adineko emakume bat etorri zen eta atea jo zidan; nik, ezetz esan, eta ez nion ireki, eta negarrez hasi zen. Berez, ezin nion atea ireki, baina egon nintzen atzekoa ireki eta galdetzekotan ea zer zuen, ez bainekien nire ezezkoagatik zen edo bera galduta zegoelako. Oraindik ere ematen dizkiot bueltak horri. Sustoak ere mordoxka izan ditut. Lasai ibilita ere, eguneko lana amaitu eta autobusa garajera eramaten dugunean, gidariok askotan aipatzen dugu ez dakigula nolatan ez dauden bi hildako egunean. Nik, autobusean bidaiatzen dudanean, erreparatzen diet gidariaren ekintzei, baita bidaiarien jokaerei ere.
Autobuseko kontuak, autobusetik ikusitakoak… Twitterren idazteko ohitura duzu.
Bai, ez dakit zenbat denbora daramadan, baina linea batzuetan, azkeneko geltokian-edo denbora tartea izaten dut, eta hori aprobetxatzen dut. Aurrekoan, adibidez, Ategorrietan sekulako istripua egon zen, eta, linea amaieran Boulevardera iritsi nintzenean, txiokatu egin nuen.
Leave a Reply