Historiaurrea unibertsala da, eta unibertsala den horrek Urola erdialdeko bailaran ere badu bere isla. Elefanteen eta gizakien hezurrik ez da azaldu, baina harri industria, bai”. Jesus Tapia arkeologoa ari da hizketan. Antxieta arkeologia taldeko kideekin batera, azken ukituak eman berri dizkio Azpeitiko Ingurumen Etxean historiaurreari buruz muntatu duten erakusketari. Hala, bukatutzat eman dute Hezurren Egia proiektuko lehen fasea.
Urola erdialdeko historiaurrea gizarteratzeko eta bailaran egindako aurkikuntzak ezagutarazteko proiektua da Hezurren Egia. Azpeitiko Antxieta arkeologia taldeak eta Azkoitiko Munibe taldeak aurkitutakoak plazaratu nahi dituzte. Lehen fasean, historiaurrea, eboluzioa eta Urola erdialdeko ondare arkeologikoa gizarteratzea izan dute helburu, tokikoei bertakoei bailaran zer dagoen ezagutaraztea.
Aberatsak dira Urola erdialdean historiaurreko ondarea eta aztarnategiak. Baina, Tapiaren ustez, ezin da babestu ezagutzen ez dena: “Arkeologoak askotan kexatzen gara guk aurkitu eta ikertutako hori jendeak ez duela baloratzen. Baina, horrelako zabalkuntza lanak egiteko lan gutxi egiten dugu. Lana, batik bat, maila akademikoan eta zientifikoan egin da”.
Antxieta eta Munibe taldeek egin duten lan boluntarioari esker ezagutzen dira Urola erdialdeko historiaurreko aztarnategi gehienak. Antxieta taldea 1965ean sortu zuten Azpeitian Andoni Albizuri, Katxo zenak eta Rafael Rezabalek. Ordutik, Goi, Erdi eta Behe Paleolitoko hainbat aztarnategi aurkitu dituzte taldekideek. Garrantzitsuenen artean, Ekain (Deba) izan zen aurrena, 1969an. Ordutik, bailaran beste aurkikuntza asko egin dituzte: Erraillan (Aizarna, Zestoa), Arnailletan (Errezil), Irikaitzen (Zestoa), Urkulun (Lastur) eta azken bi urteotan Danbolinzulon (Zestoa), Ezkuztan (Azpeitia) eta Erlaitzen (Zestoa). Ekaingo Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia aurkitu eta gero lanean segitu dute Antxietakoek, baina azken bi urteotan jaso dituzte fruitu garrantzitsuak. “Antxietakoek egin duten lan jarraituari eta neketsuari esker”.
Arautua da arkeologiako taldeen lana. “Miaketa denak Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontrolpean egiten ditugu. Baimenak eskatuta, eta aurkitzen dugun dena eta guztiaren txostenak aurkeztuta. Gainera, taldeko kideak arkeologian amateurrak garenez, profesional baten kontrola dugu. Azken urteotan, Mari Jose Iriarte da gure zuzendaria”, azaldu du Arrietak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2013ko aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek aukeratutako proiektu bat izan zen Hezurren Egia. 2014ko abenduan onartu eta abian jarri zuten. Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako, Errezilgo eta Beizamako udalek hartu dute parte. Proiektuaren aurreneko zatia osatzeko urtarriletik gaur arte hainbat ekitaldi egin dituzte historiaurreaz: Urola erdialdeko bost udalerrietako etxeetara eskuorriak banatu; udaletxe sarreretan proiektuari buruzko zutabeak jarri; Azkoitian eta Azpeitian hitzaldiak antolatu; eta, azkena, Azpeitiko Ingurumen Etxean osatu duten erakusketa da.
Bigarren fasea orain hasi nahi dute, Ingurumen Etxean muntatutako erakusketa lantzen hasiz. “Aurrena eskoletakoentzat eta gero gainerako jendearentzat. Horretarako, erakusketarekin lotuta tailerrak antolatu nahi ditugu, eta bailaran bisita gidatuak”.
Dagoeneko bailaran dauden azpiegiturak eta baliabideak osoosorik hartuta jardun nahi dute: Azkoitiko Munoaunditik hasi eta Zumaiako Algorri eta flyschetaraino iritsiz; tartean, Zestoako Ekainberri, Irikaitz eta beste aztarnategi batzuk kontuan hartuta. Hirugarren fasean, berriz, Urola erdialdean foku dinamizatzaile bat sortu nahi dute, “harago joan eta gehiago sakontzeko”.
Hezurren Egia proiektua dauden baliabideen neurrian eta bailaran dagoenari zukua ateraz egin nahi dute: “Munduaren eboluzioan gizakiak egin izan duen bezalaxe, dagoenera egokituz eta moldatuz”.
Leave a Reply