Juan Karlos Izagirre “Donostia eraldatzen ari da”

Aldaketa “hitzetatik ekintzetara” eramateko konpromisoarekin hartu zuen alkate kargua Juan Karlos Izagirrek (Donostia, 1963) 2011ko ekainean. Orduan hasitako proiektuari segida eman nahi dio EH Bilduk maiatzaren 24aren ondoren ere: “Donostiak aldaketa eskatu zuen orain lau urte. Eta Donostia eraldatzen ari da”. Aste honetan bertan aurkeztu du koalizioak datozen lau urteetarako programa; ehun proposamen, orain arteko ildoei eutsiz: ezkerreko politikak eginez, behetik gora, eta parte hartzea bultzatuz: “Ez dugu murrizketarik egingo arlo sozialetan, eta baztertuak lehenetsiko ditugu”.

Lau urteko agintaldian desadostasunak izan ditu oposizioarekin; Igeldoren desanexioaren auzia izan da horietako bat. PPk eta PSE-EEk Izagirreren dimisioa eskatu zuten, eta EAJk desegokitzat jo zuen alkatearen jarrera. Donostia 2016 kultur hiriburutzan egindako kudeaketa ere ezbaian jarri dute sozialista eta popularrek; proiektua behar bezala ez gidatzea egotzi diote.

Dena den, krisia, murrizketak eta zorra kudeatzea izan dira zailtasun nabarmenenak Izagirrerentzat. Alkatearen arabera, lortu dute krisira eraman dituen “logikari buelta ematea”, eta horrek emaitzak ekarri ditu: “Gure eskumena izan gabe ere, guztientzako laguntza sozialak bermatu ditugu. Jaurlaritzak ordaindu gabe utzi dituen larrialdietarako laguntzak barne”. Besteak beste, ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko inbertsioa milioi batetik 7 milioi eta erdira igo du Izagirre buru duen taldeak, eta udalak ematen dituen laguntza sozialak “hirukoiztu” dituzte. “Gehien behar duten auzoetan gehiago inbertitu dugu, Urumea inguruan, esaterako”.

Pausoak eman arren, “asko” dago egiteko. Erronka nagusien artean, arlo sozialari lehentasuna emango dio EH Bilduk: “Enplegua sortzen laguntzeko ahalegina egitea eta babes soziala behar dutenei jasoko dutela ziurtatzea”. Hiria euskalduntzen jarraitzea ere garrantzitsutzat du. Bakean eta bizikidetzan aurre egiteko, berriz, kultura “tresna ezin hobea” dela iritzi dio, eta, ildo horretan, baita Donostia 2016 proiektua ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.