“Poza ematen du hitz eginez akordioak lortzeak”

Inazio Azkarragaurizar (Elorrio, Bizkaia, 1962) Bergarako udaltzaina da lanbidez. Duela lau urte Arrasateko alkatetzara iritsi aurretik, zortzi urte egin zituen Debagoieneko LABeko administrazio arduradun lanean. Ez da berriro alkate izateko aurkeztuko; kargua uzten duenean, Bergarara itzuliko da udaltzain lanbidera: “Deskonektatu nahi dut”.

Zer moduzko esperientzia izan da Arrasateko alkatea izatea?

Esperientzia izugarria izan da, paregabea. Beldurrarekin sartu nintzen, eta azkenean nahiko gustura aritu naiz. Egoera ekonomikoa nolako latza izan den ikusita, nik uste dut harro egoteko modukoa izan dela legealdia. Gatazka handirik gabekoa izan da, gainera.

Orain dela lau urteko egoera gogora ekarrita, EH Bildurentzat ez zen erraza izan zerrendak osatzea, legez kanporatzeak eraginda.

Baina, beste aldetik, onuragarria ere izan zen. Jende berria sartu zen, eta nik uste hori politikarako behar-beharrezkoa dela. Askotan politikan hori falta da, aurpegi berriak, jendearen inplikazioa, sektore desberdinen inplikazioa. Nik uste dut Bilduren arrakasta hortik etorri zela.

Zeintzuk izan dira agintaldiko ahulguneak eta indarguneak?

Ahulgune garrantzitsuena egoera ekonomikoa izan da. Horrek baldintzatzen du dena. Indargunea, berriz, sartu ginenean geneukan ilusioa, gauzak egiteko gogoa. Gogo horrekin gauza asko posible izan dira. Talde ona izan dut, eta denon artean saiatu gara gauzak ahal den ondoen egiten.

Egoera ekonomikoa aipatu duzu. CSICen arabera, Arrasate da krisiari sendoen eutsi dion udalerria estatu osoan. Zer balorazio egin duzu?

Kontuan hartu behar dugu ikerketa horretako datuak Fagor etxe tresnak itxi aurrekoak direla. Ikerketa horretan hainbat faktore hartzen dira kontuan: ehun industriala, berrikuntzetarako inbertsioa, enpresa kopurua, biztanleko produktu gordina… Gizarte arloa ere aintzat hartzen da: etorkinak, gazteen emantzipazioa, errenta… Garbi dago ehun ekonomiko indartsua dugula. Kooperatibismoa hor dago, eta horri esker dago ondo ehun ekonomiko hori. Baina inkesten emaitzak tentuz hartu behar dira. Errealitatea da langabezia tasa handia dugula, %15 ingurukoa. Jende asko gaizki pasatzen ari da.

Nola eragin du Fagorren itxierak Arrasaten?

Ekonomikoki eta sozialki oso gogorra izan da. Kolpe latza jasan genuen. Merkataritzan nabaritu genuen gehien. Desilusio handia izan zen jende askorentzat. Iruzur sentimendua, bizi guztiko aurrezkien galera… fede handiz jarrita zeukaten eredu baten porrota izan zen. Hainbat elementu nahastu ziren, eta nahasketa eta desilusio handia eragin zuen.

Inbertsioei dagokienez, aurrekontuak aukerarik utzi al du inbertitzeko?

Oso zorrotz jokatu dugu inbertsioekin eta diruarekin. Periodifikazioa erabili dugu obrak egiteko orduan. Lehen, urtebetean egiten ziren lanak, eta, orain, urte batzuk behar izaten dira. Gizarte ongizateko bulegoak horrela egin genituen. San Jose auzoan ere fase desberdinetako obrak egiten ari gara. Udala auzoan, Takolo proiektua ere bai, Arrasate pasealekua ere hor dago… Udaletxearen zorra dezente jaitsi dugu.

Arrasateko pasealekuan obratan ari zarete. Zeresana eman du obrak merkatarien eta bizilagunen artean.

Garai arriskutsuan gaude, hauteskunde garaian, alegia. Kontuan izan behar dugu proiektu horren alde alderdi guztiok gaudela. Baina moduetan ez dago adostasunik. Hauteskunde garaian gaude, eta batzuek jendearen haserrea aprobetxatu dute. Arrasate pasealekuan, oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emanez, plataforma bakarreko bide bat nahi dugu, oztopo arkitektonikorik gabekoa. Baina txarto ulertua egon da. Esaten ari dira oinezkoentzako soilik izango dela, baina hori onartu gabe dago. Aukera hori hor geldituko da. Momentu batzuetan ixteko aukera egongo da, alde zaharrean egiten den bezala. Gero erabakiko da.

Azoka plaza biziberritzeko asmotan ere bazabiltzate.

Proiektu garrantzitsua da. Bi milioi euro inguruko proiektua da. Udazkenean hasiko gara, eta datorren urtean bukatuko da. Arrasateko azoka birpentsatzeko Gureztatu prozesua jarri genuen martxan, herritarren parte hartzearekin. Bizi-kalitatea eta ongizatea sustatu nahi dira, eta elikadura osasungarria, lehenengo sektorea, merkataritza bultzatu nahi dira. Kultura ekitaldiak bultzatuko dituen aisialdirako aukerak ere emango ditu. Gaur egun azokak bi egunetan funtzionatzen du, eta aste osoan funtziona dezan nahi dugu, indarra emanez.

Kulturaren arloan, Erlojuaren eraikinean daukazue helburua jarrita.

Sekulako balioa du eraikinak, eta metro asko daude. Momentu honetan talde kultural gehienak hor daude; hamabost talde. Gure asmoa da eraikina mintegi bihurtzea, herriko elkarte eta talde gehienak egoitza berean jardun dezaten. Etorkizunean Arrasate Musikala ere horra eramatea da asmoa, eta, horretarako, proiektu orokor bat behar da. Aurten egingo da proiektu orokor hori.

Hondakinen gaia polemikoa izan da Gipuzkoako herri askotan.

Gatazkatsua izan da Arrasaten ere, baina ez beste leku batzuetan adina. Nahiz eta gai gatazkatsua izan, mahai baten bueltan esertzeko gai izan gara, eta denok helburu bera oinarri hartuta gai izan gara akordio bat lortzeko. Oso garrantzitsua izan da. Hondakinen kudeaketan gure helburua da ahalik eta gehiena birziklatuko duen sistema aurkitzea. Organikoarentzako eta errefusarentzako edukiontziak txiparekin jarri ditugu. Poza ematen du hitz eginez akordioak lortzeak; askotan, proiektuak berak baino gehiago.

Ez zara berriro alkate izateko aurkeztuko.

Ni prest nengoen berriz aurkezteko eta taldeko erdiak jarraitzeko, beste modu batean pentsatu da eta sartu garen moduan irtetzen gara. Nire lanpostura joango naiz Udaltzain lanpostura, momentu honetan deskonektatu nahi dut.

Zer gelditu zaizu egiteko?

Gauza asko. Azken batean, legealdi batek ez du askorako ematen. Hainbat proiektu bukatu gabe gelditu dira. Legealdia azkar pasatzen da, eta proiektu garrantzitsuek legealdi bat baino gehiago behar dute. Baina, lehen esan dudan bezala, oso pozik nago; esperientzia izugarria izan da, aberasgarria benetan. Baina hori ez du alkate batek egiten, talde batek baizik. Norberak ez du baloratu behar, herriak baloratu behar du.

Zein gomendio emango zenioke hurrengo alkateari?

Herriaren alde egitea dela garrantzitsua. Parte hartzea bultzatzen jarrai dezala, eta desberdinen akordioak lortzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.