Proiektu ausartak ditu gustuko Migel Zeberio Etxetxipiak (Tolosa, 1966). Txorieri proiektuan ari da orain Et Incarnatus orkestrako zuzendaria, bi maisu bidelagun: François Rosse piano jotzaile eta konpositorea eta Mixel Etxekopar txirulari eta kantaria.
Nola sortu da hilaren 8an Hondarribian aurkeztuko duzuen Txorieri proiektua?
Bultzatzaile nagusia Mixel Etxekopar izan da. Zuberoko txirulari, kantari eta musikari oso inportantea da. Azken urteotan bere lagun François Rosserekin elkarlanean ari da. Rosse alsaziarra da; berak dioen bezala, mugakidea. Musikari handia da, eta etapa luze batean Bordeleko kontserbatorioko irakaslea, konposizioan. Pianista eta konpositorea da. Dioenez, emari nagusia Olivier Messiaen konpositorearen aldetik jaso du, bere ikasle izan zelako. Messiaen, besteak beste, ornitologoa zen. Rossek musika klasikoa, musika herrikoia eta abangoardian egon daitezkeen elektroakustikako soinuak uztartzen ditu. Baina, nire ustez, haren lana oso garaikidea izanik, entzuteko ez da hain urruneko kontua. Publikoari berehala ematen dizkio mundu horietara hurbiltzeko zantzuak.
Nola suertatu zitzaizun beraiekin aritzeko aukera?
Etxekoparek proposatuta. Azkenean, proiektu bitxietan gabiltzanoi hala gertatzen zaigu, zakurrari arkakusoak bezala guri halako proiektuak hurbiltzen zaizkigula. Atsegina da, eta, azkenean, ibilbide baten emaitza.
Gotaineko (Zuberoa) Xiru jaialdian estreinatu zenuten Txorieri, eta haurrentzako kontzertua ere eman zenuten. Zaila dirudi halako lan bat haurren aurrean aurkeztea.
Xiru Jaialdiaren karietara prestatu dugu Txorieri, Mixel bertakoa delako eta berak antolatzen duelako jaialdia. Nik uste dut haurrentzako kontzertu hura oso polita izan zela. Hainbeste ume ikustea eta halako jarrerarekin… ni erabat hunkitu ninduen. Niretzat oso-oso polita da umeak dituzten erreakzioak ikusi ahal izatea, ez dutelako filtrorik.
Kontzertura Psilocybeneako gazteak eta gaztetxekoak gonbidatuko nituzke. Oso mundu estankoak ditugu; formalismoek muga asko jartzen dizkigute. Gotaineko jaialdia, adibidez, oso hippya da. Puskatu behar ditugu eskema horiek; normalean, gainera, errealitatetik ezer ez dutelako. Niri berebiziko ilusioa egingo lidake umeak egotea kontzertuan, eta baita gazte mugimenduetan ibiltzen direnak ere, filosofia hori delako.
Txoriei bereziki erreparatu diezue proiektu honetan. Zergatik?
Nire pasioak mendia eta natura dira, eta, alde horretatik, proiektuak asko erakartzen ninduen. Egia esan, txorien mundua kaletarrontzat ezaguna den bezala, ezezaguna ere bada, ez daukagulako gaitasunik txorien kantak bereizteko. Nik banituen ornitologiari buruzko erreferentzia batzuk. Euskal Herriko ornitologian eta hegaztien estudioan erreferentziazko bi pertsona izan dira; Ramon eta Jesus Elosegi anaiez ari naiz. Ramon Elosegi gazterik hil zen, eta Jesus oraindik bizi da. Euskal Herriko ornitologian aitzindariak izan dira biak. Hondarribiko kontzertua bi pertsona horien lana ezagutzera emateko probestuko dugu. Kontzertuan, Migel Mari Elosegi Luze bertsolariak parte hartuko du, haien ilobak. Berak egingo du kontzertu horren sarrera.
Zer espero duzu abiatu berri duzuen proiektuaz?
Niretzat, gure urteetako jardunean dugun pribilegio handienetakoa da beti daukadala aukera sekula pentsatuko ez nukeen jendearekin elkarlanean aritzeko. Hasteko, pribilegio bat da horrelako proiektuak egin ahal izatea. Horrez gain, espero dugu ahal den neurrian zabaldu ahal izatea, nahiz eta badakigun gure orkestraren funtzionamendua eta baliabideak oso mugatuak direla. Euskal Herrian, orkestra ofizial publikoak daude, eta ez dago gehiago ezer. Beste horrelako formazioentzako ez dago leku askorik. Beti izango dugu aukera gehiago Frantziako jaialdietan Euskal Herrian bertan baino. Errealitatea hori da.
Zirkuiturik ez, baina proiektuak soberan.
Grabaketak berrogeitik gora egin ditugu, baina zirkuituak mugatuak dira, eta, gainera, nahiko itxiak. Bakoitzak bere ingurumaritik tiratzen du, eta guk ez dugu izan ingurumari finko bat. Nahiko askeak izan gara, eta gure proiektua askea da. Hegalak ematen dizkigun bertute bat da hori, baina batzuetan mugatzen gaitu.
Et Incarnatus musika garaikidea lantzeagatik egin da ezagun. Zergatik garaikidea?
Ez dugu guk aukeratu. 1996. urtean hasi ginen, Gorritiren heriotzaren mendeurrenerako, baina, ondoren, berehalaxe gure garaiko jendearekin konektatu genuen. Jazz munduan Tejada eta Salvadorrekin, eta berehalako jauzia izan zen euskal kantautoreekin lan egitea. Guztiekin grabatu dugu, bai pop kantariekin eta baita euskal kantagintzakoekin ere. Valverde, Laboa, Imanol… Leterekin izan ezik, guztiekin lan egiteko aukera izan dugu. Gure garaiko eta gure adineko konpositoreekin lan asko egin dugu, eta horrek ate asko ireki dizkigu. Pelikuletarako eta telebistarako musika asko egin ahal izan dugu.
‘TXORIERI’
Sortzaileak. François Rosse, Mixel Etxekopar eta Et Incarnatus orkestra, Migel Zeberioren zuzendaritzapean.
Non. Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan.
Noiz. Hilaren 8an.
Ordua. 20:00.
Leave a Reply