Donostiako apezpikuaren ekimen adoretsuetara ohituta, azkeneko hau ausartegia iruditu zait. Erdi bana bada ere, sexuari buruzko liburu bat argitaratu berritan da. Nire kalkuluen arabera, aitorleku laiotzetan ikasi du Jose Ignacio Munillak gaiaz dakien ia guztia. Eta inoiz sotanarik batere kendu gabe ibiltzen denari halako testu delikatuan bizpahiru akats tartekatu izana ulergarria da. Behin atrebentziekin hasita, eta nik ere jantzita nahi baino denbora gehiago pasa ohi badut ere, antzeman diodan eta oker izkiriatu duen xehetasun bat nabarmendu nahi nioke.
Donostiako apezpikuak dio masturbazioa “gure gorputzaren aurkako indarkeria moduko bat” dela, haren errotik “orgasmo bat ateratzen” saiatzen garelako. Ez dakit nork kontatu dion halakorik Munillari, baina prozesu osoa hori baino dezentez atsegingarriagoa dela zehaztu nahi nioke. Bere kontakizuna irakurrita, badirudi ohean etzan, biluzi eta kanpaiari joka hasten garen bakoitzean Aste Santuko prozesioetako sufrikario odoltsu berbera pairatu ohi dugula. Kontrakoa gertatu ohi da ordea: gorputzak berak eskertu egiten digu bera mimatzeko ordu laurden hartu izana, eta tentsio eta kezkarik gabeko une gozoekin eskertu.
Donostiako apezpikuak esango dit hori ni bezalako maniako baten eskarmentu pertsonala bakarrik dela. Baina gogoan dut udalekuetan-eta egiten genituela logelan banakako festa kolektiboak, berrogei lagun bakoitza bere bazterrean dale fuego. Oinaze aurpegirik ez nuen batere ikusi.
Donostiako apezpikuari kontu batean arrazoia eman beharrean nago ordea. Gogoan dut unibertsitatean azterketa garaia iristen zenean eta dena azken ordurako uzteagatik etxeko logelan egunero 20 ordu eman ohi nituenean bizpahiru ordutik behin masturbatzen nintzela, asper-asper eginda. Laugarren edo bosgarren saioan bai, orduan gorputzaren aurka indarkeria erabili beharra neukan haren errotik orgasmo bat ateratzen saiatzeko. Tinko eta luze astindu, edo zeharo zukutu eta zimeldutako trastetxo harekin ez zegoen gehiago jostatzerik. Neurrian aritzea komeni zela ikasi nuen orduan, bortizkeriarik gabe.
Donostiako apezpikuak egia biribilen bat ere tartekatu du gainera liburuan, aitortu beharra daukat. Maitasunik gabeko sexua “bizio” bilakatzen dela idatzi du, eta halakorik kontatu dionak ez dio gezurrik esan, ez horixe. Menpekotasunari aurre egiteko Munillak proposatzen duen metodoa betirako ezkontza katolikoa da. Eta ezin uka hori ere eraginkorra izan daitekeela: pertsona berarekin luzaro oheratzea bromurorik onena da sexuarekiko grinarik gaiztoena ere itzaltzen joateko.
Leave a Reply