“Gure musika ibilbide txikiko kontzerturik bereziena izango da”

Bihar iluntzean amaituko du bira John Berkhout taldeak, Oiartzunen. Bi Zaldi zaldibiarrekin batera ariko da, Elorsoro kiroldegian. Aspalditik ari dira kontzertua prestatzen, eta sorpresa ugari iragarri dituzte.

Duela urte eta erdi atera zenuten The Path lehenengo diskoa. Ordutik bidea egin duzue. Zer moduz joan da diskoa aurkezteko bira?

2013ko urrian atera zen diskoa merkatura. Hortik aurrera, orain arte, kontzertu asko eman ditugu Euskal Herrian zein hemendik kanpo. Hainbat hiritan jo dugu, baita Espainiako musika jaialdi garrantzitsu askotan ere. Egia esan, oso pozik gaude. Gaur egun, nahiko zaila da musikaren industrian sartzea. Mundu horretan sartu gara, eta esperientzia oso politak ari gara bizitzen.

Harrera ona izan al duzue?

Bai. Baina badakizu: behin sartuta, zuk ere gero eta gehiago nahi duzu. Jaialdietan jo nahi duzu, baina ordutegi hobeekin; areto batean ehun pertsona beharrean, 200 sartzea nahi duzu… Harrera ona izan da, baina asmo asko dauzkagu handitzen jarraitzeko eta gero eta jende gehiagorengana iristeko. Hasieran zaila da mota honetako musika jendearen belarrietatik sartzea, baina ongi sartu, eta jendeari gustatu zaio.

Zeintzuk izan dira birako momentu gogoangarrienak? Neil Youngen aurretik jo zenuten Miarritzeko Big Festivalen…

Bai, uste dut hori gure bigarren kontzertua zela. Pixka bat eromena izan zen, egia esan. Miarritzen jaialdi handi batean jotzea, agertoki handi-handi batean, Neil Young bezalako musikari baten aurretik aritzea… Hori oso berezia izan zen. Gainera, oso ongi jo genuen kontzertu hartan, urduri egon arren. Hala ere, kontzertu guztietan atera dira gauzak, onak edo txarrak izan. Beti dago zerbait: soka bat hausten dela, edo dena delakoa. Duela gutxi Zaragozan (Espainia) jo genuen, eguerdian, eta jende pila bat zegoen. Ez zuten taldea ongi ezagutzen, baina gustura geratu ziren.

Zein jaialdi zen?

Aurten, Girando Por Salas zikloan ibili gara. [Espainiako] Gobernuak ekitaldi kultural bat antolatzen du, eta hainbat kontzertu eskaintzen dizkizute. Horietako bat Zaragozan jotzea zen. Areto batean jo beharrean, merkatu batean aritu ginen.

Beraz, beti duzue zerbait kuriosoa kontzertuetan. Gainera, aspaldiko lagunak zarete…

Gauza on zein txarretarako, aspaldiko —eta oso— lagun izateak baditu bere kontuak: badakizu zeintzuk diren bakoitzaren maniak, baina oso ongi moldatzen gara. Gure arteko pikeak badaude, adar jotzeak, baina oraingoz ongi konpontzen gara.

Birako azkeneko kontzertua etxean emango duzue. Lehenengo aldia izango da, ezta?

Bai, bai. Jende askok galdetzen digu ea zergatik ez dugun jo Oiartzunen. Gauza batengatik edo bestearengatik, ez genuen aukerarik eduki. Hilabete asko dira Oiartzunen jotzea programatuta genuela. Asteak daramatzagu kontzertu hau prestatzen. Birako, edo gure musika ibilbide txikiko, kontzerturik bereziena izango da. Sorpresaren bat egongo da. Dena, gainera, gure gustuekin bat antolatu dugu: soinu ekipoa, argiak, proiekzio bat egongo da, Ibargain Musika Eskolako umeen abesbatza batek ere abestuko du… Jendeari asko gustatuko zaion kontzertua izango da.

Zein abesti joko dituzue?

Diskoko kantak; hiruzpalau berri ere, baita euskarazkoak ere.

Azkenean profetak izango zarete zuen etxean…

[Kar-kar] Jendeak, kanpoan jotzen dugunean, galdetzen digu ea nongoak garen. Donostia ondokoak garela erantzuten diegu. Flipatu egiten dute. Behin, Zarautzen jo genuen, estatubatuar batekin, eta guregana etorri zen. Gurekin hitz egiten hasi, eta ‘Nor da John hemen?’ galdetu zuen. Guk erantzun genion ez zegoela Johnik bertan… Horrelakoak askotan gertatu zaizkigu.

Abesti berriak joko dituzuela esan duzu. Bigarren diskoa egitea buruan al duzue?

Agian, primizia bezala, esan dezaket Gabonetan sorpresa txiki bat emango dugula. Bigarren diskoa aurten grabatuko dugu segur aski, baina 2016ra begira izango da. Disko oso ezberdina izango da. Abesti asko prestatuta ditugu, oraindik denbora dugu egiteko. Jendeak sorpresa handia eramango du… Ezin dut asko aurreratu, baina ezberdina izango da, bai.

Anbizioa edo gogoa badugu gauza berriak jorratzeko. Arrisku hori hartuko dugu. Aurreko taldearekin, Instepekin, ongi pasatzeko jotzen genuen. Orain, beste jarrera bat dugu, beste helburu batzuk. Serioago hartu dugu.

BI ZALDI ETA JOHN BERKHOUT

Non? Elorsoro kiroldegian.

Noiz? Bihar, 21:00etan.

Sarrerak: Garmendia okindegian, Elorsoro kiroldegian, Garbiñe estetika zentroan, Ibarreko gasolindegian eta Amazkar eta Miren tabernetan; Donostian, Koh Taon, zortzi euroren truke. Bihar, hamar euroan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.