2014ko martxoan sortu zuten Azpeitian Herritarren Foroa. Urtebetez isilean jardun ostean, 11 partaideek kontakizun bakar bat osatu eta publiko egin berri dute. Aitziber Blanco Lokarri elkarteko kideak (Bilbo, 1972) jardun du hasieratik foroan gidari lanean. Beste herri batzuetan sortutako prozesuetan ere antzeko lanean ari da Blanco; Tolosan, esaterako. Aukera hori izatea “luxu bat” dela dio: “Bizikidetza denon artean nola berreraiki ikasten ari gara, garatzen ari garen prozesu orokor bat da, eta ekarpen txiki bakoitzak laguntzen du urrats positiboak egiten. Horrelako foroetan egoteak partaideengan eragina du, eta, pertsonalki, baita neuregan ere”.
Zein helbururekin osatu zenuten Herritarren Foroa Azpeitian?
Bizikidetza hobetzeko helburuarekin. Urte luzeetako indarkeria, giza eskubideen urraketa eta bazterkeriaren ondorioz, konturatu ginen herrietan sufrimendu egoera desberdinak bazeudela eta badaudela, baina batak bestea ez duela ezagutzen. Orain arte urrunduta egon diren pertsonak eta egoerak hurbiltzeko, elkar ezagutzeko eta ulertzeko helburuarekin sortu zen foroa. Elkarren bizipenak entzunda, besteak sufritzen duena ezagutu, eta aitorpen gabezia horri aukera bat emateko. Azkenean, iraganari begiratuta, etorkizunerako desberdinen artean bizikidetza egokiagoa eraikitzeko.
Nolakoa izan da Azpeitiko Herritarren Foroaren prozesua?
2014ko martxoaren 18an bildu ginen aurrenekoz; hilabetean behin bildu gara, denera hamalau bat bilera eginez, bakoitza bi ordukoa. Argi dago foroko 11 lagunek ez dutela ordezkatzen herri mailako errealitatearen konplexutasun eta aniztasun guztia. Baina askotariko ikuspegiak bildu dira, eta hori garrantzitsua da. Aniztasunaz gainera, foroarekiko konpromisoa ere garrantzitsua da, eta hori parte hartzean eta intentsitatean ikusten da, eta kasu honetan horrela izan da.
Nolako ibilbidea izan du?
Partaideek uste baino baliagarriagoa eta emankorragoa izan dela esan dute. Hasieran ez zuten elkar ezagutzen, edo beste esparru batetik ezagutzen zuten elkar. Baina Azpeitiko taldeak oso azkar hartu zuen konfiantza. Huste lan bat da, besteen aurrean biluzi behar da, besteak ulertzeko egoera desberdinak nola bizi izan dituzun. Taldeak zintzotasun osoz hitz egin du, errespetuz entzun diote elkarri eta aitortu diote besteari; hurbilketa oso polita izan da. Bileretara urduritasun pixka batekin joaten zirela azaldu zuten kontakizunean, bazekitelako egitera zihoazen ariketa egiazkoa zela; hau da, min ematen dizuten gauzak esan eta entzuten dituzu, ez duzu gozatzen. Gauza gogorrak dira, baina errespetuzko eta halako segurtasunezko giro batean egiten da. Azpeitiko talde honetan benetan hustea handia izan da.
Proiekturako dirua Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen, baina Azpeitiko Udalak bultzatuta sortu zen foroa.
Bai, Azpeitiko Udalak Lokarriri deitu zion, eta guk azaldu genien udalean bizikidetzan zer egin zitekeen. Herritar desberdinen arteko elkarrizketa esparru bat edo foro bat sortzea proposatu genien udalekoei, beste herri batzuetan baliagarria zela frogatuta geneukalako. Eta alderdi denak ados agertu ziren. Hala, eurei eskatu zitzaien foroko kide izan zitezkeenen zerrenda osatzeko.
Foroan norbanakoek parte hartu dute, ezta hala?
Norbera soilik bere burua ordezkatzera joaten da forora. Hori ere aldez aurretik eskatzen da. Alde batetik, horrek pisua kentzen du, baina, era berean, pertsonalki sekulako konpromisoa da: isilean edo bakarrik zure hurbileko esparruan mantendu dituzun hainbat gauzaz hitz egiten da, pixka bat zugandik urrun daudenekin. Azkenean, bizipenek hartzen dute garrantzia, eta Azpeitiko foroan egon diren bizipenen kalitatea, indarra, pisua eta gogortasuna azpimarratuko nituzke nik.
Partaideek erabakitzen dituzte foroaren nondik norakoak?
Bai, hori hala da. Nahiz eta foroan parte hartzeko udalak deitu, prozesuaren jabeak eta prozesuko erabaki guztiak foroak berak hartzen ditu. Foroak erabaki behar du zein urrats egin nahi dituen, zer landu nahi duen eta bere lana diskrezioan noiz egin behar duen. Azpeitiko kasuan ere horrela izan da.
Urtebetean isilpean egin da prozesua, eta gero egin da publiko. Beharrezkoa al da atetik barrurako lan hori?
Bai, uste dut diskrezioa mantentzea beharrezkoa dela. Esperientziaz ikusten ari gara isilpeko urtebeteko epe hori gutxienezkoa izaten ari dela. Azkenean, diskrezio horretan ez dago kanpoko presiorik, ez dago inor zain. Horrek lasaitasun handiagoa ematen du prozesuak eramaten zaituen tokira joateko, ez daukazulako epemugarik. Gainera, benetan gai zara prozesuaren burujabe izateko.
Azpeitiko Herritarren Foroak kontakizun bateratu bat egin zuen publiko. Orain foroa zertan gelditu da?
Prozesua ezagutzera ematea euren erabakia izan zen, uste zutelako baliagarria izan zitekeela eurentzat, herriarentzat eta bizikidetzarentzat. Hemendik aurrera zer urrats egingo dituzten beraiek erabakiko dute. Une honetan erabaki gabe dute.
Herritarren foroek zer-nolako eragina izan dezakete udale- tan eta bestelako erakundeetan?
Bizikidetzaren alde egiteko edo bizikidetza berreraikitzeko ardura denona da; denok egin dezakegu zerbait. Horrelako foroek erakusten dutena honako hau da: herritar batzuek egin badezakete, zalantzarik gabe udalean eta alderdien artean ere egin beharko luketela. Elkar entzun eta ezagutzeko beharra badagoela adierazi dute. Horrez gain, bakoitzak bere esparruan egin dezakeela adierazi dute foroko kideek, bai gizartean eta baita politikan ere.
Leave a Reply