Boto zuriaren aldeko kanpaina martxan jarri dute Albizturren

Ez dute alderdi bat bozkatzerik nahi; ez dute alkategai baten aldeko botoa eskatzen. Albizturren, boto zuriaren kanpaina jarri du martxan Aizalde gazte elkarteak. Helburua: hautagaitza aurkeztu duten bi alderdiek alkatetza ez lortzea.

PSE-EEk eta PPk aurkeztu dituzte zerrendak herrian. Patricia Ainhoa Val izango da sozialisten alkategaia; PPrena, berriz, Jose Manuel Huidobro. Duela lau urteko emaitzak ikusita, Aizalde elkartekoek uste dute bi alderdi horiek ez dutela herriaren gehiengoa ordezkatzen: PSE-EEk bederatzi boto jaso zituen; PPk, berriz, bakarra. Zuriak 32 izan ziren. Aralarreko Gregorio Iraola da alkate egun; 117 boto jaso zituen 2011ko hauteskundeetan.

Whatsapp bidez egin zuten deialdia lehenik, eta gutunak banatzen aritu dira gero herriko etxeetan, egoeraz informatzeko. Bozkatzera joateko deia egin diete herritarrei, eta, boto zuria aukeratzekotan, gutuna hutsik uzteko. Ander Malbadi Aizalde elkarteko kideak Tolosaldeko Ataria-ri azaldu berri dionez, mezua gehienbat etxeko zaharrenei edo bozkatzera joateko ohitura gutxien dutenei bidali diete. Ordezkaritza izateko beharrezkoa da gutxienez botoen %5 eskuratzea —alderdi bati emandakoak edo zuriak dira balioa dutenak—. Baliogabeak ez dira aintzat hartzen ordezkaritza izateko kopuruak zenbatzerakoan.

Eskualdean badute aurrekari bat: Iruran, 2007an. EAEren hauteskunde zerrendak baliogabetuta, boto zuria eskatu zuen Marimi Ugalde alkateak: 606tik 562k boto zuria eman zuten. PSE eta PPk ez zuten botoen %5a lortu, ezin izan zuten udal talderik sortu eta Ugartek jarraitu zuen alkatetzan.

Hautagaitza bakarrekoak

Gipuzkoan zerrenda bakarra aurkeztu diren herriak ere badira: Errezil, Mutiloa, Leintz-Gatzaga, Altzo, Elduain, Gaintza, Hernialde, Orendain eta Orexa.

Baliarrainen kasua berezia izango da: ez da hautagaitzarik aurkeztu. Hori horrela, sei hilabeteko epean berriro deitu dituzte hauteskundeetara. Orduan ere zerrendarik ez bada, Gipuzkoako Aldundiak kudeaketa batzorde bat eratuko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.