Batasunak eta elkarlanak ematen duen indarrarekin, familia ugarien eskubideen alde lanean ari da Hirukide federazioa. Gizartean eragin nahi dute, Natalia Diez Caballero lehendakariak dioenez: “Elkarte transbertsala gara; arlo guztietan lan egiten dugu. Ez bakarrik zerbitzu sozialen alorrean. Hezkuntzan, arlo fiskalean, garraioan ere bai”. Hauteskunde garaian, hainbat alderdi politikotako ordezkariekin bildu dira, beren politiketan familia politikak kontuan har ditzatela eskatzeko.
Genero edo ingurumen ikuspegiak aintzat hartzen dituzten bezala, familia ikuspegia ere kontuan izateko eskatu diete, aldundiak eta udalek dituzten eskumenetan: “Gobernatzen ari direnek eta oposizioan daudenek adostasuna izan dezatela familien gaian; ahalik eta kontsentsurik handiena izan dadila, Europako eredura gerturatzeko”.
Hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familien elkarteen federazioa da Hirukide; dagoeneko Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 21.000 familiaren bozeramaile lanak egiten dituzte. Haur ugaridun edo elbarrituren bat duten familiak biltzen dira.
Etorkizuneko herri ereduaz hitz egiten dute: “Zahartzen ari den herrialdea gara; belaunaldi erreleboa ez dago bermatuta. Emakumeko 1,3 haur edukitzen da batez beste. Etorkizunean zein herri eredu nahi dugu? Orain egiten dugunak epe laburrean eragingo du, eta epe luzean zer esanik ez”. Diez Caballeroren arabera, arazo demografikoaz ohartzen dira alderdi politikoak, baina kezka agertu du aurrera eramaten dituzten politika aktiboen inguruan.
Ildo horretan, familiek, askatasunez, nahi adina seme-alaba izateko eskubidea aldarrikatu du Diez Caballerok, familia politika egokiak sustatuz. “Gaur egun, haur gehiago izan nahi dituzten bikote asko dago, baina aukerarik ez dute, ezegonkortasun ekonomikoarengatik. Beharbada, zerbait gaizki egiten ari gara gure gazteek haurrak ez izatea erabakitzen badute. Kezkatzekoa da”.
Gaur egungo sisteman, uste du haur baten jaiotzagatik ematen den unean uneko laguntza ez dela nahikoa: “Hausnarketa egin behar da gai honen inguruan. Familiek haurrak edukitzeko apustua egin dute, eta laguntzak behar dira horretarako. Heroia izan behar al duzu haurrak edukitzeko? Tristea da”.
Familia ugarien kolektiboa “etorkizuna sortzen” ari da, “etorkizunean inbertitzen, herria egiten”. Haurrak herri baten etorkizunerako beharrezkoak direla aldarrikatu du Hirukideko lehendakariak. “Gure pentsioak mantentzeko beharrezkoak dira haurrak”. Pentsioen gaiari lotuta, uste du pentsio sistemak kontuan hartu beharko lukeela “familia bakoitzak sistemari eman dion haur kopurua”.
Udalerri arduratsuak
Udalerri Familiarki Arduratsuen Dekalogoa ere egina du Hirukidek, eta udal ordezkariei aurkezten ari zaie. “Esan nahi diegu udalak aurrera eraman ditzakeela familien aldeko politikak”. Zortzi arlotan egiten zaie proposamena udalei, familia ugariekiko konpromisoa har dezaten. Esaterako, ordenantza fiskaletan hobariak edukitzea. Bi adibide jarri ditu Diez Caballerok: “Etxebizitza sozialak banatzerakoan, etxerik handienak utz ditzatela familia handienentzat. Uraren tasagatik ordaintzeko sistema ere ez da egokia familia ugariontzat”. Ibilgailuen zergari dagokionez, kide gehiago izateagatik ibilgailu handiagoak behar dituzte, eta horien zerga garestiagoa da. Hori ere kontuan hartzeko eskatu dute. Izan ere, Hirukideren helburuetako bat zerga politika bidezkoagoa lortzea da, “seme-alaba gehien daukaten eta ondorioz gizarteari ekarpen handiagoa egiten dioten familiak era zuzenean trata daitezen”.
Hirukideko lehendakariak azaldu duenez, familia guztiek bezala, kide ugariko familiek ere behar handiak dituzte aurrera egiteko. Hezkuntzan, adibidez: “Askotan ezin dugu ikastetxe bat askatasunez aukeratu gure haurrak eramateko. Testu liburuekin, hileko kuotekin… asko ari dira sufritzen familiak”. Haurrak handitzen ari diren neurrian, gainera, “ikasketak gero eta garestiagoak dira”. Aisialdian ere “ekintza askotan” ezin dute parte hartu, ezin dutelako ordaindu.
Murrizketak eta igoerak
Murrizketek eta BEZaren igoerak kalte handia egin dietela adierazi du Diez Caballerok: “Beste guztiei bezala, baina guri gehiago. Kide ugariko familiok, adibidez, argi eta gas gehiago gastatzen dugu. Kulturako BEZa igota, zinemara joatea luxua da guretzat”. Igoerez gain, “alde guztietatik murrizketak” etorri zaizkie: “Familia eta lana uztartzeko laguntzak jaitsi egin dira, eta bigarren eta hirugarren umearengatik gehiago oraindik”.
Hirukide, dena den, indarrak batuta, kide ugariko familiei laguntzen saiatzen da. Bezeroei aholkularitza, informazioa, laguntza, aholkularitza juridikoa eta hainbat zerbitzu eskaintzen saiatzen da. Ildo horretan, abantailazko hitzarmenak sinatuak dituzte hainbat sektoretan (elikadura, telekomunikazioak, automobila, osasuna, hezkuntza, aisialdia…). Hirukideko bazkideek beherapenak dituzte saltoki horietan. “600 establezimendu inguruko zerrenda daukagu dagoeneko. Kontsumistak garen kolektiboa gara, eta herrietako merkataritza txikiarekin lan eginez, gure bazkideentzat abantailak lortzen saiatzen gara”. Harreman horrekin, era berean, merkataritza txikia ere bultzatu nahi dute.
Leave a Reply