Giza balio onez, bikote harreman sanoez eta ez sanoez eta tratu onez ahalik eta espazio gehienetan hitz egin beharra dagoela uste du Mariangeles Alvarezek (Donostia, 1957), Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialeko kideak. Bikotean ematen den indarkeriaz hitzaldia eman zuen joan den astean Donostian, Gipuzkoako Erizainen Elkargoak antolatutako jardunaldian. Osasunaren Mundu Erakundearen indarkeriari buruzko txosten bateko datu bat azpimarratuz hasi zuen jarduna: bikotean indarkeriaren ondorioz hildakoen kasuen %95ean gizonezkoa da hiltzailea eta emakumea hildakoa; eta %5ean, berriz, emakumea hiltzailea eta gizonezkoa hildakoa. “Horrekin adierazi nahi dut emakumeak, askotan, defentsan aritzen direla jasaten ari diren indarkeriari erantzuteko, baina gizonezkoek erasora jotzen dutela”.
Bikote harreman onuragarri edo sanoak eta hala ez direnak bereizi dituzu.
Horren berri eman behar da gazteen artean, bikote harreman onen inguruan eta tratu onen gainean hitz egin behar da, eta, horrekin batera, bikote harreman txarrez eta tratu txarrez. Tratu onak zeintzuk diren jakin beharra daukagu, askotan onuragarriak ez diren harremanetan sartzen joaten garelako pixkanaka, azpijoko bidez eta aurretik hori saihesteko beharrezko neurririk hartu ez dugulako.
Eta, nolakoa da bikote harreman sano bat?
Bikote batez hitz egitean, heterosexual, homosexual edota osatzen dugun edonolako bikote harremanaz ari naiz. Bikote harreman sanoa bikotekidearekin gustura gaudenean ematen da, elkar errespetatzen dugunean eta elkar ondo tratatzen dugunean. Elkarrekin gauzak antolatu eta ondo pasatzen dugunean. Elkarrengan konfiantza dugunean, elkarri entzuten diogunean, arazoak konpartitzen ditugunean. Nahi dudan hori sentitu eta esateko aske sentitzen naizenean, askatasun osoan.
Eta, sanoak ez diren bikote harremanak?
Bikotekideak errespetuz tratatzen ez nauenean, eta nire izateko era, gustuak edota janzteko modua kritikatzen dituenean. Beste neska batzuekin konparatzen nauenean, eta lagunen edota beste jende baten aurrean nitaz barre egin edo kritikatzen nauenean. Horrelakoetan asko sufritzen da, norberaren erregulazio emozionalak asko sufritzen du.
Horrelako harremanetan kontrol emozionala galdu egiten dela diozu. Horrek zer eragin du?
Erregulazio edo kontrol emozionala beharrezkoa da bizitza sano eta orekatu bat izateko. Eta bikote harremana ona ez denean, norberak asko sufritzen duen espazio bat sortzen da. Horrek ez digu uzten pertsona gisa garatzen eta norbere sentimenduen jabe egiten. Erregulazio emozionalaren oreka eragozten duten prozesu batzuk gertatzen dira, eta orduan gaizki sentitzen hasten gara. Etsipena, kulpa… sentitzen dira, eta etorkizunik ez duzula sentitzera iritsi zaitezke. Ikusezina den indarkeria horrek guztiak ere min handia egiten du emakumearen subjektibotasunean.
Nola eragiten du osasunean?
Emakumearen kontrako jarrera eta eduki guzti horiek, emakumeengan gaixotasunak eragiten dituzte. Gaizki sentitzen hasten dira, emozionalki suntsitzen ditu, beldurra, amorrua, bakardadea, kulpa… sentiaraziz. Horrek denak mendetasunak eta antsietatea eragin ditzake, eta era berean loaren, memoriaren eta atentzioaren galera. Ondo sentitzeko eta kontrol emozional orekatuta izateko ahalmenak gal ditzake. Hori dena genero estereotipo eta detaile txikien eraginez has daiteke.
Eta egoera horretara iritsi aurretik, noiz jarri behar gara adi?
Askotan, tratu txarrak jasaten ari direnean hartzen ditugu emakumeak psikologoek. Baina daukagun gizarte eredua oso kaltegarria da: edertasuna emakumea kontrolpean edukitzeko modu bat da, argal egotea ere emakumea esklabo bilakatzeko era bat da. Maitasun erromantikoa emakumea harrapatuta edukitzeko beste modu bat da, eta horren inguruko mitoek kalte izugarria egiten dute. Ideia, mito eta aurreiritzi horiek daramatzagu gainean, eta kalte handia egiten dio horrek gogo-berdintasunaren eta genero berdintasunaren aldeko lanari eta tratu onen ingurukoari. Emakumeok era askotako indarkeria jasaten ari gara, eta horren gainean hitz egin beharra daukagu aurrea hartu ahal izateko.
Nola hartzen zaio aurrea sanoa ez den bikote harreman bati?
Giza balioak zabaldu eta horien inguruan hitz egin behar da. Gaur egungo gizartean, ontasunari baino garrantzia handiagoa ematen zaio edertasunari edota polita egoteari. Lanean segitzen dugu, baina uste dut ez dela nahikoa egiten. Eskolan, balioak sorrarazten dira, eta balioez, mikromatxismoez, maitasun erromantikoaz, bikote harreman sanoez eta tratu onez hitz egin beharra dago bertan. Ahal dugun toki guztietan hitz egin behar dugu, eskola garaitik hasita.
Leave a Reply