“Gainontzeko animalia guztien gainetik dagoela uste du gizakiak”

Askekintza taldea 2010ean sortu zuten animalien eskubideen alde lan egiteko. Animaliak erabiliko ez dituen eta euren eskubideak errespetatuko dituen jai eredu baten alde egin nahi du taldeak, eta bide horretan jarri nahi ditu udalak. Beraiena borroka politikoa dela dio Lide Treku taldekideak (Donostia, 1982). Aldaketa kulturala eta gaia gizarteratzea ezinbestekoak direla argi du.

Gipuzkoako hainbat udalekin bildu zarete jaietako egitarauetan animaliak ez erabiltzeko eta horien eskubideak errespetatzeko eskatzeko.

Hala da. Festak ospatu, animaliak askatu kanpaina antolatu genuen 2014. urtean, eta horren harira zortzi herrietan egin genituen protestak. Festetan egiten den animalien erabileraren kontrako protestak ziren, eta beste jai eredu baten aldekoak. Kanpainaren gaineko hausnarketa egiterako garaian, konturatu ginen ekintza horiek antolatzearen gakoa udalek dutela kasu askotan, eta erabaki genuen udalekin bilerak egitea. Besteak beste, elikadura beganoari tartea uzteko ere eskatzen ari gara bilera horietan, eta herrietan txakurrentzat aisialdi guneak zabaltzea. Herri bakoitzaren gaineko diagnosia egin dugu, egoera tokian tokian aztertzeko eta eskaera zehatzak egiteko.

Zein harrera izan du zuen proposamenak udaletan?

Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Pasaia eta Zarauzko udaletako zinegotzi eta teknikariekin bildu gara. Orain Hernani, Urnieta, Lezo eta Lasartera joateko asmoa dugu. Harrera oso positiboa izan da, interes handiarekin entzun dute gure proposamena, eta Errenteriaren kasuan, adibidez, lortu dugu emaitza; guretzat garaipena da, lorpen handia.

Izan ere, zuen kanpainaren harira Errenteriako Udalak erabaki du idi demarik ez antolatzea aurtengo Madalen jaietan.

Askekintzak Youtuben zintzilikatutako bideoa ikusi zuten udaleko ordezkariek, eta han Errenteriako idi dema azaltzen zen. Harrituta gelditu ziren ikusten den krudeltasunarekin, eta gurekin harremanetan jarri ziren. Udalarekin lehen bilera bat izan genuen. Jai batzordean parte hartzea oso interesgarria zela esan ziguten, eta hala egin genuen. Errenteriako jai batzordeko hiruzpalau bileratan izan gara. Errenteriaren kasuan idi dema, sokamuturra eta usakume txapelketan erabiltzen dira animaliak. Azkenean jai batzordeak erabaki du idi demarik ez egitea, sokamuturra eta usakume txapelketa mantenduko badira ere. Orain bi horiek jai batzordean sartzea, horien gainean eztabaidatzea eta bertan behera uztea izango da gure erronka.

Protesta ekintzak egiten dituzue animaliak erabiltzen diren ekintzen aurrean, haiek salatzeko. Tentsio uneak biziko zenituzten, ezta?

Guk ez dugu harremanik animaliak erabiltzen dituztenekin eta protestetara joan garenean beraiek jarrera oldarkorra izan dute; mespretxu ugari jaso izan ditugu. Ez zaie gustatzen gu hor egotea. Oiartzunen protesta egin genuenean ez gintuzten jo udaltzaingoa aurrean zegoelako.

Gizarteak badu gaiaren gaineko kontzientziarik. Gizarteratuta al dago animalien erabileraren gaia?

Guk ez dugu sufrimenduaren mailakatzerik egiten, animalien esplotazioa bat dela uste dugu. Gizartean mailakatze bat dagoela ulertzen dugu, ordea. Jendearentzat ez da gauza bera zezenketa bat edo elikadura beganoa izatea. Idi dema konkretuki, ia ia zezenketa bat bezala ikusten du gizarteak, bortizkeria nabarmena delako, agertzen diren seinaleak ere gogorragoak direlako: idiak aparra botatzen du ahotik, odoldutako markak izaten ditu, makilakadak… Sufrimendua mailakatzen dugunean ematen du odol gehiago daukanak sufrimendu gehiago daukala, eta ez da horrela. Horren adibide argia torturarena izan daiteke. Pertsona bat torturatzen dutenean aztarna fisikoak agian ez dira oso handiak, baina psikologikoak oso oso larriak dira.

Zirkuez ere aritu zarete. Udaletan, adibidez, eskatu duzue ez onartzeko animaliak erabiltzen dituztenak. Zein egoera bizi dute animaliek zirkuetan?

Zirkuetan dituzten animaliak esklaboak dira, bere garaian beltzak esklaboak ziren bezala. Etekin ekonomikoa ateratzeko erabiltzen dituzte, etengabe euren eskubideak urratuta. Ikaragarrizko sufrimendu psikologikoa pairatzen dute. Zookosia deritzon jarrerak izaten dituzte, hau da: hainbesteraino eragiten diete dituzten bizi baldintzak, jarrera batzuk etengabe errepikatzen dituztela. Gizakiak gainontzeko animalia guztien gainetik dagoela uste du, eskubidea duela beste animaliak nahi duen erara erabiltzeko. Ahaztu egiten dugu gu ere animaliak garela.

Saiatu gara zirkuekin hitz egiten baina ez dugu ezer lortu. Italiako zirkuarena da adibiderik latzena. Izan ere, diote animaliak ez dituztela erabiltzen, baina erabiltzen dituzte, gezurretan ari dira. Mehatxuak jaso ditugu, eta hainbat epaiketa ere izan ditugu zirku horrekin zehazki, bere jarrera dela eta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.