Meskitari erreparatu diote

Azkoitian, Floreaga Berri plazan meskita berri bat eraikitzeko asmoa du herriko musulmanen komunitateak, eta kezka sortu du horrek bertako auzotarren artean. Horregatik, “harrituta” daude komunitate horretako kideak. Hala dio Azkoitiko meskitako presidente Hommad Chigerrek: “Orain dela ia bi urte erosi genituen Floreaga Berriko lokalak, meskita lekuz aldatzeko. Orduan inork ez zuen ezer esan, eta orain justu hauteskunde kanpainan auzolagun batzuk mobilizatu egin dira, autoen aparkaleku falta aitzakia hartuta”.

Azkoitiko gaur egungo meskita txikia gelditu zaie, eta hilero-hilero gastu handia eskatzen die. Horregatik, lekuz aldatzeko lokal handiago bat erosteko erabakia hartu zuen Azkoitiko meskitako zuzendaritza batzordeak orain dela hiru urte. Xehetasunak ere eman ditu: “Egungo meskitak 40 metro koadro inguru ditu, eta hilero 500 eurotik gorako alokairua ordaintzen dugu. Horri, uraren, argiaren eta abarren hornidura gastuak gehitu behar zaizkio. Gainera, ostiraletan eta ospakizun egunetan denok biltzeko ez dugu tokirik han, eta Elkargunean areto bat alokatu behar izaten dugu, ordainduz. Gastua asko igotzen zaigu, eta, horregatik, lokal propio bat izateko erabakia hartu genuen”.

Meskitaz, informazioa

Floreagan auzotarren artean bilkura batera deitu zuten aurreko astean, meskita berria hartuko duten lokalen aurrean. Izenik eman nahi ez duen auzotar baten arabera, bilkura ez zuten justu meskitaren aurka antolatu: “Auzoan aparkaleku arazo handia dugu. Auzoan meskita bat egiteko asmoari buruz informaziorik ez dugulako da batik bat gure haserrea. Lehen aparkaleku arazoa daukagu, eta orain udalak ez gaitu informatu hor meskita bat egingo denik”.

Meskita bat behar izatea ulertzen dutela dio Floreagako bizilagunak, baina salatu du haiek duten arazoari ez diotela irtenbiderik ematen: “Jarri behar den tokia kontsentsuz erabaki beharko litzatekeela uste dugu. Denon artean hitz egin ondoren”. Onartu du meskita hor jarri behar dutela jakin dutenean hasi direla bizilagunak mugitzen, eta ez hauteskunde kanpaina delako. Sinadura bilketa hasi dute.

Auzotarrak dioenez, ez daude inoren kontra: “Arrazakeria eta xenofobia leporatu dizkigute. Baina guk ez dugu ezer inoren kontra”. Halere, meskitako baimenak eta prozesua legez egin diren aztertzeko abokatu bat hartzea aztertzen ari direla aurreratu du.

Informazioa eskatutako denei helarazi izan zaiela dio, ordea, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak. Dena den, argitu du udalak ez duela ematen bideratzen diren aktibitate guztien berri. Hala ere, udaletxean meskitaren lekualdaketaz informazioa eskatu duten denei erantzun diete: “Harreratik udaletxera sartzen diren aktibitate eskaera denen berri dute udaleko alderdi politikoek, eta udal batzordeetan behin baino gehiagotan hitz egin da meskitaren lekualdaketaz”. Horrez gain, iazko maiatzaren 7an Floreaga Berriko 3. zenbakiko etxepekoek meskita lekuz aldatzeari buruzko informazioa eskatu zuten Azkoitiko Udalean, eta informazioa idatziz jaso zuten 2014ko maiatzaren 30ean, alkateak azaldu duenez: “Meskita Floreaga Berri plazara lekualdatzeko txostena eman zitzaien auzotarrei, eta baita horren nahi adina kopia ateratzeko baimena ere”.

Azkoitiko meskitako kideek ez dute ulertzen mobilizatzen hasi direnen jarrera: “Lehendik San Martingo 1. zenbakian dugun meskitak urteak daramatza zabalik, eta bizilagunekin inoiz ez dugu arazorik izan. Orain, ez dugu ulertzen Floreagako auzotarrak meskitaren kontra hastea. Auzoan aparkaleku arazoa badago eta horri irtenbidea eman behar bazaio, alde guztien artean egin beharko dugu irtenbidearen alde”, esan du Chigerrek.

Auzotar batzuek hartu duten jarrerarekin meskitaren eta musulmanen kontra ari direla uste du Chigerrek, baina eurak lasai daudela dio: “Gu ere hemen bizi gara, eta guk musulman gisa gurtza toki bat izateko eskubidea dugu. Guk gure eskuekin eta gure diruarekin ordaindu eta aurrera ateratakoak dira. Gure erlijioak bizilagunekiko errespetua izan behar digula erakusten digu, eta hori betetzen dugu bai etxean eta bai meskitan ere”.

Bizilagunik ez da harremanetan jarri Azkoitiko meskitako arduradunekin: “Gugana inor ez da ezer galdetzera etorri. Guk eskatu nahi dugun bakarra politika eta erlijioa ez nahasteko da”. Azkoitiko alkateak gogorarazi du urte askotan dagoela Azkoitian meskita bat, eta elkarbizitza arazorik ez dela egon: “Integrazio prozesu batean gaude, eta elkar ezagutzeko bideak landu behar ditugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.