Orendainen izena ez da azaltzen agirietan XIV. mendearen erdira arte. Gipuzkoako Orendain herriarena, behintzat. Ernesto Gonzalez Castrok Orendain, Txindoki eta Oriaren artean liburuan azaldu duenez, bazen Orendain izeneko herri bat, Nafarroan, gaur egun desagertuta dagoena, Mañeruko bailaran, Lizarrako merindadean, eta hari buruzko agiriak badaude, XII. eta XIII. mendeetakoak. “Informatikaren eta ordenagailuen gure mundu honi aurrea hartuz, agiri horiek moztu eta itsatsi, eta gure Orendaini egokitu zizkioten. Zuloa estali zuten. Horrela, gure Orendaini buruzko notiziak XIV. mendetik XII-XIII. mendeetara lehengoratu zituzten”, idatzi du Gonzalez Castrok.
Lehen aipamenak, beraz, XIV. mendekoak dira: 1350ean, Iruñeko Elizbarrutiaren barruan dagoen parrokia gisa agertzen da Orendain; 1374an, Tolosako auzotasuna eskuratzen duten bilguneetako baten eran; eta 1384. eta 1390. urteetan, Enirio eta Aralar Batasunaren barruan, Amezketako Batasunaren parte diren kolazio edota eliza bati atxikitako auzotarren bilguneetako baten moduan.
Orendain betidanik egon da lotuta Enirio-Aralar mankomunitatera, eta egun ere horren parte da. “Enirio mendiak eta Aralar mendilerroak erabateko garrantzia dute Orendain eta inguruko beste hamalau herri txikiren historian eta ongizatean”, azaldu du Gonzalez Castrok. Haren historian aldaketa handia ekarri zuen 1374. urteak. XIII. mendean Gaztelako erregeek hiribilduen sorrera bultzatu zuten, eta XIV. mendean herri txikiak taldekatzen hasi ziren hiribildu horien aldera. Orendainen kasuan, Tolosa hiribilduari lotu zitzaion urte horretan. “Herri txikiek bere autonomiaren parte bati uko egiten diote hiribilduaren mesedetan, eta, trukean, segurtasuna eta bere produktuentzako irtenbidea jasotzen dute. Baina hiribilduari ere mesedegarri zaio, ikuspegi sozial eta komertzialetik begiratuta”.
Hasierako segurtasun hori, baina, urteak pasatu ahala menpekotasun bihurtzen joan zen hiribilduei lotutako auzo eta herrientzat, baita Orendainentzat ere. “Denboraren poderioz, areagotu egin ziren agintekeria kasuak, hiribilduaren mesederako eta elkartutako herrien kalterako, neurri interesatuak, era askotariko ustelkeria eta nagusikeria kasuak salbuetsi gabe. Horri guztiari gehitu behar zaio udalbatzetako parte hartze mugatua”. Herriek hiribilduaren erabakien eta gastuen zehaztapenean eta kudeaketan parte hartu ahal izatea eskatu zuten. Azkenean, herri independente izateko prozesua martxan jarri zuten Tolosari lotuta zeudenek, eta 1615ean jaso zuten baimen hori. Horrek sekulako zama ekonomikoa sortu zien, eta Orendain ez zen salbuespena. Bizilagun bakoitzeko, herriak 25 dukat ordaindu behar izan zuen, bakoitzak 9.375 marabedi. Orendainek egiazko 117 bizilagun eta dudazko bost zituenez, 1.096.875 marabedi ordaindu behar izan zituen, gehi kostuak: guztira, 1.153.125 marabedi. Kostu horri aurre egiteko, udalak Segurako Maria de Jauregiren eskutik 2.000 dukat jaso zituen, “zentsu modura”.
Batzar Nagusietan parte hartzeko eskubidea lortu zuen, eta kostu horri aurre egiteko, beste herri batzuekin batu zen. Baina horretarako ez zituen aukeratu Enirio-Aralar mankomunitatean Bozue Nagusiko kideak, Alegia eta Ikaztegieta baizik. Izan ere, hiribildu izaera lortzerakoan, Orendainek eta beste zenbait herrik mankomunitatean ordura arte ez zituzten jabetza eta jurisdikzio eskubideak aldarrikatu zituzten. Ezezkoa jaso zuten, eta prozesu horrek seguruena eragina izango zuen Batzar Nagusietarako kideak bilatzeko unean. Batetik, beraz, Aralarri begira zegoen, eta, bestetik, Oria ibarrera.
Gipuzkoako Batzar Nagusietara begira, Orendainek 11 boto zituen, eta desiratutako eskubidea lortu bazuen ere, gastu handiak zekartzan. Horregatik, Aizpuruako Batasunean elkartu zen Alegia eta Ikaztegietarekin batera. Batzar Nagusietan txandaka ordezkatu ziren: Alegia hiru aldiz, Orendain bi aldiz eta Ikaztegieta behin. Batasun eskritura hogei urtean behin berritzen zen, eta azkena 1865ean egin zen. Ordurako Gipuzkoako gizartea asko aldatu zela dio Gonzalez Castrok: “Krisi urteak ziren. Batzarrak hilzorian zeuden, baina Orendainek eta Aizpuruako Batasunak azken unera arte eutsi zioten, 1876-1877 urteetara arte”.
Gaur egun herri independentea bada ere, orain gutxi Orendainek beste batasun batean parte hartu zuen. Izan ere, 1966. eta 1988. urteen artean Iruerrieta izeneko udalerri elkartua osatu zuen ondoko Ikaztegieta eta Baliarrainekin batera.
Leave a Reply