Pasabide nortasuna du Ataunek, izenean bezala izaeran ere. Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren arabera, ata- (ate-ren aldaera) eta -un(e) osagaien uztarketa dago Ataun izenaren etimologian. Geografikoki ere bat egiten du itxurak nortasunarekin: mendi arteko haran estua eta luzea da; Gipuzkoako udalerri luzeena da, alderik alde 14 kilometro dituela. XIV. mende bukaerara arte, gainera, Nafarroako Erresumaren gaztelu-gotorlekua eduki zuen, gaizkileen muga zaintzeko: Gaztela eta Nafarroaren arteko muga.
Beste teoria etimologiko baten arabera, -ano atzizki antroponomikotik eratorria litzateke Ataun izena. Julio Caro Barojaren ustez, Atano pertsona izena adieraz dezake: ata- (aita-ren aldera) eta -anum latindar atzizkiaren uztarketa. Antzinako fundus erromatar bat izendatuko luke, Caro Barojaren esanetan. XIII. mende hasieran, Athagun edo Athavit formak aipatu zituen Toledoko artzapezpiku Ximenez de Radak.
Hizkuntzaren aztarnez gain, Jentilbaratza harkaitzeko Nafarroako gazteluaren hondakinak dira Ataunen historia luzearen lekuko. Joxe Migel Barandiaranek XX. mende hasieran eta Suhar arkeologia taldeak duela urte gutxi egin zituzten indusketak han. Gaztelak Gipuzkoa 1200ean konkistatuta ere, 1390 ingurura arte Nafarroaren kontrolpean egon zen bailara. Baita Aralarko Ausa gaztelua ere.
Ataun mitologiaren gordailu aberats ere bada. Hala, elezahar batek dio Jentilbaratzeko gaztelua Tartalok berak eraikia dela. Bestalde, Usategietako koban, orain 40.000 urteko giza hezurrak aurkitu dituzte; bai eta erromatar txanponak ere.
Gaztelaren konkistaren ondoren, muga zaintzeko ezinbesteko morroi izan zen Lazkao etxeko jauna Gaztelako erregearentzat. Oinatz leinukoa, Nafarroari aurka egitea eta Ataun aldeko muga zatia defendatzea zuen bere egitekoa. Trukean, Goierriko eremu ia osoan jaun eta jabe zen Lazkao.
“Lazkaoko jauna izan da, bere historiako mendeetan zehar, ataundarrek izan duten areriorik handienetakoa”, dio udalaren historia-lan batek. Eskubide handiak zituen, herritarrenak zapaltzeraino: haren esaneko izan behar zuten ataundarrek, herriko lurren hirutik bat jauntxoaren jabetzakoa zen, erroten monopolioa zeukan, apaizak izendatzeko ahalmena eta San Martin elizaren patroitza zuen, eta laboreen hamarrena berari eman beharra zeukaten nekazariek.
Ataunek Ordiziaren magalera jo zuen 1399ko apirilaren 8an, gehiegikeria horietatik libratuko zelakoan. Ahaide nagusien boterea lurrundu ahala hasi zen burua altxatzen. 1584an, adibidez, Lazkao jaunarekin eztabaida luzea izan ondoren, elizako horman herriaren armarria jartzea lortu zuten Ataungo bizilagunek.
Ordiziaren auzo bihurtu ondoren, hiribildu haren ordainketetan parte hartu behar izan zuten ataundarrek, erregeari eman beharreko diruetan, edo harresiak, defentsa eta bestelako gastu arruntak finantzatzen.
Herri lurren jabetza, udalerriaren mugak, mendiak eta gainerako jabetzak bere esku mantendu zituen. Hala ere, 1404tik aurrera Lazkaoko jaunarekin erdibanatu behar izan zituen Agautz aldeko sailak. Mendiko abeltzaintza zen herriaren aberastasun handiena.
Lurrak kudeatu ahal izateak biztanleria handitzea eragin zuen. Udal gobernua hartzeko nahiko indar bazutela ikusitakoan, Ordiziatik bereizteko ahaleginak hasi ziren. 1615ean eman zion Filipe III.a erregeak hiri-gutuna, 2,8 milioi marabedi ordainduta. Goierriko herri handiena zen biztanlez, 304 eskubidedun biztanle eta 1.216 lagun ingururekin.
Leave a Reply