Zer moduz?”, galdetu dio Ane Olariaga Azkoitiko Auzoko proiektuko dinamizatzaileak Umar Fayazi. “Ondo”, erantzun dio. Auzoko-ko lehen hitzordurako hiru lagun eta dinamizatzailea bildu dira. Euskaraz zenbakiak, hilabeteen izenak eta abarrak gogorarazten jardun dute mahaiaren bueltan. Ikasturte berria hasi dute, baina astebete aurretik tea hartuz elkartu ziren asmo berriez hitz egiteko. “Egun batzuetan jende gehiago eta beste batzuetan gutxiago biltzen gara. Jendea ahal duenean etortzen da. Batzuk gogo eta interes handiarekin”, azaldu du Olariagak.
“Nola hurbildu euskaratik urrun bizi diren herritarrak gure hizkuntzara?”. Galdera horren inguruan jarri zuten Auzoko proiektua Gipuzkoako hainbat tokitan. Ez da euskaltegi bat; hiru ditu helburuak zehatz: euskaratik urrun daudenak euskarara hurbiltzea; herritarrak herriko aniztasunaren berri izaten laguntzea; eta euskara komunikazio eta integrazio tresna moduan erabiltzea. Topaguneak sortutako proiektua da, baita materiala ere.
Dinamizatzailearekin batera, auzokideek eta auzotarrek osatzen dute Auzoko: “Auzotarrak, herrikoak, bertan bizi izan direnak dira; eta auzokideak, beste lurralde batzuetatik etorri direnak bizitzera. Oinarria bietatik egotea da, euskaraz aritzeko astean behin lagunartean”. Baina zailena auzotarrak bilatzea zaie: Azkoitian ere izan dituzte batzuk, baina orain auzotarren talde finko bat falta dute. “Orain helburuetako bat auzotarrak Auzoko-ra erakartzea dugu. Gero, auzokide gehiago etor daitezen zabalkundea egin beharra daukagu, proiektua pixka bat indartzeko”.
Bost urte dira Rizwan Ali Azkoitian bizi dela. “Euskaraz aurreneko hitzak eginda ate asko ireki daitezke herrian. Herrian integratzeko giltza da euskara”. Gustuko du jendearekin egotea eta gauza desberdinetan parte hartzea. Euskaraz moldatzen da. Goizean lan egin, bazkaldu eta lo kuluxka eginda etorri da Auzokoren saiora. “Euskaraz jarduteko gune aproposa da, aukera ederra. Aurretik herrian beste euskarazko saio batzuetan ere ibili naiz: Banaiz Bagara-rekin, AEKn…”.
Umar Fayaz eta Shakeel Naz ere jatorriz pakistandarrak dira, Ali bezalaxe. Horiek denbora gutxiago daramate Azkoitian. “Lagun bat euskara ikasten ari zen, eta Auzoko-ren berri hitz egin zidan. Aurrenekoz harekin etorri nintzen. Ni bere hizkuntza propioa duen lurralde batean bizi naiz, eta bertan bizi hobea izateko eta lana aurkitzeko bertako hizkuntza jakitea ona dela pentsatzen dut”, dio Fayazek.
Lagun giroan euskaraz
Ali “harro” sentitzen da euskaraz hitz egiteko gai dela sentitzen duenean: “Orain dela 60-40 urte etorritako etorkin askok ez dute euskara ikasi; orain gu etorri gara, eta euskaraz ikasi nahi dugu. Euskaraz ondo hitz egiten dudala esaten didatenean oilo ipurdia jartzen zait”.
Auzoko-k euskaraz jarduteko lagun giro bat eskaintzen diela diote hiru auzokideek: “Konfiantzan jarduten dugu, lotsarik gabe, eta horrela ikasi egiten da”. Herri batera etorri eta bertako egiteko nonbaitetik hasi behar da; horretarako Auzoko bezalako talde batean parte hartzea bide ona dela diote. Alik hala dio: “Niri abestea asko gustatzen zait, eta abesbatza batean ere ibili nintzen. Euskal kanta politak ikasi nituen; orain lanean zarata handia dagoenean euskaraz kantuan jarduten dut”.
Bertakotzeko beharrezkotzat dute euskara ezagutzea: “Jendeak esan ohi du euskarak irteerarik ez duela; igual Euskal Herritik kanpo ez, baina gu hemen bizi gara. Bertako historia, kultura, hizkuntza ezagutu behar dira pixka bat, eta, horretarako aukera badagoenez, horri heldu behar zaio”.
Hainbat komunitatetatik etorritako jendeak elkar ezagutzeko ere baliagarria da Auzoko, Olariagaren hitzetan: “Alde horretatik, oso ondo funtzionatzen du, eta ikusten da hainbat gauzatan fruitua ematen duela proiektuak: konfiantzan jarduten dute, elkarren ohiturak ezagutzen dituzte…”.
Gelatik kanpo ekintza gehiago egiten dituzte, eta egiteko asmoa dute. Esaterako, uztailean Azkoitian Ipaka kultur aniztasunaren festa egin zuten, eta Auzoko-ek festa antolatu eta parte hartu zuten, Azkoitiko Udalak lagunduta. “Herritar askok parte hartu zuen. Horrelakoek asko balio dute, elkarrekin hitz egin, jendea ezagutu eta kontaktu berriak egiteko”.
Ekintza berriak eta irteerak egiteko asmoa dute hilean behin: “Elkarren ohitura desberdinak, jakiak, janzkerak landu eta ezagutarazteko ideiak ditugu. Badira batzuk euskara praktikatzeko hitzorduetara etortzen ez direnak baina ekitaldietan parte hartze handia dutenak. Beraz, horiek Auzoko-rekin lotuta segitzea nahi dugu”. Dena adostuta egiten saiatzen dira, “denon erara moldatuz”.
Leave a Reply