‘Lunpen’ hitza erabiltzeko aukera

Gizaseme bat ondradua den ala ez erabakitzeko badut nik metodo hutsik gabeko bat; beste behin hemen bertan kontatu nuela uste dut. Bigarren eskuko auto bat lasai erosiko ote niokeen hausnartzen dut. Hala ez dela deliberatuz gero, errespetua galtzen du arin nire begiotan, ezin dut saihestu.

Droga saltzaileen kasuan, beste prozedura osagarri bat erabiltzen dut. Ezagutzen ditut hautamen propioa galtzeko arriskuan direnekin negozioa egiteari uko egiten dioten gamelu duinak. Menpekotasunaren zorian dauden horiek Whatsapparekin tentaldira daramatzatenak ere bai. Erdi andaluziarra, erdi siziliarra, horretantxe ari da aspaldian nire bi ezagunekin. Bere speed txar eta garestia mutur aurrean ipintzen die kabroiak pareari, izerdi hotza antzematen dienean. Bera eta bera bezalakoak mespretxatzen ditut nik.

Aurkeztu zidatenean, bere buruaz harro aitortu zidan lehenbiziko xehetasuna izan zen zortzi urte lanik egin gabe zeramatzala. Bera erdi andaluziarra, erdi siziliarra izanik, Alemaniari diru laguntzak amaigabe osten aritze horrek grazia egingo zidala usteko zuen. Ateraldiari ez nion batere hortzik erakutsi, ordea, zinez saiatu nintzen nire aurpegiko muskulurik bat bera ere mugi ez zedin. Motxilan eskegita, Berlingo antifaxisten eta okupen txapa bilduma klasikoak oso-osorik zeramatzan. Kiratsa zerion.

Enkontruaren ondoren, nire baitan daramadan Mayor Orejak galdeketari ekin zion. Bere motxilako txapetan babesten diren iraultza guztiak emango balira, hiritar baliagarri izatera pasatuko al litzateke hondakin hori, lagako al luke bizkarroi bizitza? Bere motxilako txapetako leloak asmatu dituzten horiek sistema izatera pasako balira, lunpenetik —hitz hori beti erabili nahi izan dut zutabe batean— irten eta errenta aitorpenak zintzo osatzeari ekingo al lioke? Hurkoa erailtzeari utziz auzolan solidarioari ekin? Nire baitan daramadan Mayor Orejak maite ditu horrelako kasuak, erantzun ebidenteekin arrazoi duela aitortu behar izaten diodalako. Baina, batez ere, badakielako horrelako kasuek despolitizatuta eta indarge uzten nautela. Nire baitan daramadan Mayor Orejak despolitizatuta eta indarge maite nau.

Hirugarrenez Ben-en tabernan topatu nuen lehengoan andaluziar-siziliarra. Garagardo ziztrin bat ere eskatu gabe zegoen, beti bezala, sakelan zeramana saldu nahian. Boddinstrasseko manifara zihoala entzun nionean madarikazioa bota nuen ahapeka, ni ere bertaratzekoa bainintzen. Metroa hartu eta etxera alde egin nuen, ia sistemazale porrokatu bihurtuta, nire baitan daramadan Mayor Orejaren algara artean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.