Anubis ginebra, munduko London Dry onenen pare

Anubis ginebra, munduko London Dry onenen pare

Abenduaz geroztik, Euskal Herrian eta, zehazki, Bizkaian sortutako ginebra berri bat dago merkatuan: Anubis. London Dry motako ginebra hori pixkanaka ari da bidea irekitzen, ekoizle eta marka handiekin lehiatu nahian. Sustatzaileak “oso pozik” daude harrerarekin. 3.000 litro jarri dituzte jada merkatuan, zuzeneko salmenta bidez gehienetan, eta nazioartetik ere iritsi zaizkie eskariak, besteak beste, Herrialde Katalanak, Belgika eta Italiatik.

Anubis ginebraren sustatzaileetako bat da Eduardo Fernandez Agirre, eta 15 urte baino gehiago eman ditu koktelgintzako eta ostalaritzako sektorean lanean. “Festa, koktel eta abarretarako, koktel egileak eta zerbitzari espezializatuak eramaten genituen; askotan, ginebra marka handientzako prestatutako festetan aritzen ginen lanean. Gin-tonicak nola prestatu erakusten genuen, eta ohartu ginen ez zegoela Bizkaiko ginebrarik; Euskal Herrikoak bai, Gipuzkoako bat eta Arabako beste bat, baina Bizkaikorik ez”. Hortxe piztu zen grina.

Linea klasikoko ginebra

Arabako Acha destilategian egiten dute Anubis. Fernandez Agirreren arabera, argi zuten nolako ginebra nahi zuten, baina, halere, bi urte behar izan zituzten formula egokia topatu arte. “Bagenekien zer nahi genuen, eta baita zer ez genuen nahi ere. Ginebra lehorra bilatzen genuen, apaingarririk gabea, lore eta fruitu zaporerik gabekoa. Linea klasikoko ginebra bat da, betiko ginebra kontsumitzaileari begira egindakoa”.

Bi urte eman zituzten formula egokiaren bila. “Hogei bat dasta antolatu genituen, bai Bilbon eta bai kanpoan”. Merkatuan dauden hainbat ginebra eta eurek egin asmo zutenaren prototipoa aurkezten zituzten itsuan egindako dastetara. “Horrek ideia bat eman zigun jendeak gustuko zuenari buruz, eta horrekin eta guk nahi genuena eta nahi ez genuena argi edukita, Anubis ginebraren formula topatu genuen”.

London Dry motako Premium ginebra bat da Anubis, %100ean destilatua. “Koloreztatzailerik eta esentziarik gabe egina dago, zaporea zuzenean fruituetatik hartzen du, eta %100 alanbikean destilatua dago. Horrek jada produktu on bat bermatzen du”, azaldu du Fernandez Agirrek. Baina horri elementu guztien arteko oreka gehitzen dio Anubis ginebrak. “Ginebra zaporea du, ez limoi zaporea, ez ipuru zaporea… ez dago besteen gainetik gailentzen den zaporerik. Anubis edaten duen jendeak ginebra goxoa eta leuna dela esaten du”.

Nerbioi ibaiko ura, bost aldiz destilatutako alkohola eta ipurua dira Anubis ginebraren oinarriak —ginebra batek %18-20an eraman behar du ipurua—, baina beste osagai ugari ere baditu, bakoitza bakarka destilatutakoa. Asentsio belarra, kardamomoa, kanela, izpilikua, martorria, curaçaoa, loto lorea, iris lorea, limoi azala eta azala, papiroa eta pomeloa. “Osagai batzuk exotikoak dira, besteak ohikoak, baina guztien arteko oreka lortu dugu”.

Merkaturatzea

Anubisaren merkaturatzearekin buru-belarri dabiltza. “Oraingoz, komertzializazioa guk egiten dugu, gehienetan bitartekorik gabe, eta hainbat delicatessen dendatan ere bagaude. Ostalaritzakoak dira gure bezeroak, eta oso eskertuta gaude ostalari txikiekin; gure bezero onenak dira. Tantaka sartu nahi dugu merkatuan, pixkanaka baina sendo, epe luzera irauteko asmoarekin”.

Ostalari txikiekin lan egiteak produktua ondo ezagutaraztearen abantaila ematen die Anubisekoei. “Produktua saltzeaz gain, bere ezaugarriak nabarmentzen dizkiegu, eta gin-tonic on bat nola prestatu erakusten diegu. Gin kopuruak berebiziko garrantzia du, eta ginebrari etekina ateratzeko ezinbestekoa da gin-tonic bat ondo egiten jakitea”.

Gin-tonica boladan dagoen edaria da, eta txanpa hori baliatu nahi dute. “Ginebra konbinatuetan edaten bat batez ere, baina ginebra on bat bakarrik ere edan daiteke. Eta garai onean dago orain ginebra; gelditzeko etorri den likore bat da”.

Jatorrietara itzuli nahi izan dute Anubis ginebrarekin, betiko ekoizpen moduetara. Eta horri zor dio izena ere. “Egipton egin ziren lehen destilatzeak, batez ere perfumegintzan, eta hortik dator izena. Anubis berpiztearen jainkoa da, eta guk jatorrizko ginebraren berpiztea irudikatu nahi izan dugu”. Bestalde, lauburu batek laguntzen dio Anubisen irudiari. “Hemengo ezaugarri bat sartu nahi genion; hemengo produktu bat da, Bizkaikoa, eta hori garrantzitsua da guretzat”.Ginebra kontsumitzaileei deia egiten die Fernandez Agirrek. Eman diezaiotela aukera bat Anubis ginebrari. “Ez dira damutuko”.

d

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Anubis Gin.

Telefonoa. 634-94 72 34.

Eskaintza. Botila 25 euroan, irailaren 23ra arte.

Eskaintza. www.euskalherrikoplaza.com.

Leave a Reply

Your email address will not be published.