Mende erdi darama errugbiak Landare ureztatzen, Hernanin. Agerikoa da; errugbi zelaira iristearekin batera, urteurrena gogorarazten duten afixak daude nonahi. “Ez nahastu, ez da elkartearengatik; nik ere 50 urte bete ditut aurten, eta denak ospakizunetan dabiltza”, dio txantxetan Joxe Kurutz Elosegi kirol zuzendariak (Donostia, 1965). Harro daude elkartekoak urteurrenarekin, eta nabari da.
Donostia inguruan, 1960ko hamarkadarekin batera hasi zen errugbia martxa hartzen. Garai hartan, gazte hernaniar dezente zebiltzan hiriburuko elkarteetan. Gipuzkoan tradiziorik ez zuen kirol hark, baina tokia egin zuen Hernanin. Ondo egin ere; urrezko ezteiak bete ditu jada. Ondo gogoan ditu hasiera haiek Rafael Larretxea presidenteordeak (Hernani, 1953). 1965ean sortu zuten elkartea, eta lehen urte hartan haurren mailako taldea soilik atera zuten. Hurrengo urtearekin batera hasi ziren senior mailakoak lehiatzen; Grupo Norte zeritzan mailan aritu ziren lehen urteetan.
50 urtean gauzak “ikaragarri” aldatu direla aitortu du Larretxeak: “Behin elkartea sendotu zenean, 1970 eta 1980ko hamarkadetan, gorengo mailan ibili zen taldea. Oso talde teknikoa zuen Hernanik; Donibane Lohizune eta Hendaia bezalako taldeei ere irabazten zien orduan”.
Iritzi berekoa da Elosegi: “Prestaketa fisikoak aldatu egin du jokoa bera. Lehen askoz geldialdi gehiago egoten ziren jokoan; mele jokaldiak oso ohikoak ziren”.
Aldaketa hori, baina, ez da prestakuntzarengatik soilik izan, Igor Genuaren arabera (Hernani, 1988). Gaztea izan arren, urte asko daramatza Genuak errugbian, eta bera hasi zenetik joko azkarragoaren aldeko apustua sumatu du: “Legeak aldatu dituzte jokoa azkartu dadin”. Hernanik arauetara etengabe egokitzeko beharra izan du azken boladan, eta prestaketa fisikoan ere nabari da. Larretxea eta Elosegiren garaietan astean bizpahiru entrenamendu egiten ziren. Egun, lau aldiz zelairatzen dira partida prestatzeko.
Kirol sakrifikatua izanagatik, ez dira kexatzen. Gustu handiz jaisten dira Landarera Genua eta Jon Insausti jokalariak (Hernani, 1984). Biek, aho batez onartzen dute taldeko giroak laguntzen duela. Taldekide baino gehiago, lagunak dira: “Hemengo elkartasuna eta izaten dituzun esperientziak dira kirol honen gauzarik onenak”, dio Insaustik. Antzera pentsatzen dute Larretxea, Elosegi eta Genuak ere. Azken horrek errugbiaren balioak azpimarratu ditu; momentu txarrenetan ere aurrera egitea ahalbidetzen diete.
Hori da errugbiak Hernanin duen arrakastaren gakoetako bat, Insaustiren esanetan: “Taldekide ia guztiak hernaniarrak izanda, jendea beti dator inguruko lagun eta familiakoak ikustera. Hemengo giroa ikusten dutenean askok probatzea erabakitzen du”. Ez da gaurko kontua, Larretxearen ustez: “Herrian oso txertatua dagoen kirola da. Sekula ez gara izan hogei zoro solte; 1980ko hamarkadan mila lagun etortzen ziren partidako”. Ez du zalantzarik 1977-1978ko denboraldian Ohorezko Mailara igo izanak ekarri zuela jende uholde hori: Oviedo, Madril eta Sevillako talde indartsuak Landaren ikusteak jendearen arreta piztu zuen.
Ez da gutxiagorako. Hernaniren tamainako herri batek Espainiako hiri handienetako taldeak oinperatu zituen maiz bolada hartan. Sekula ez da izan talde handienetakoa, baina bere txikitasuna handia da; eurentzat, Ohorezko Mailari eustea bera bada nahiko sari. 1977-1978ko denboraldian igo ostean, hor ibili ziren 1987. urtera arte. Bitarte horretan lortu zituen Hernanik bere historiako emaitzarik onenak; 1980, 1981, 1982 eta 1984. urteetan Espainiako txapeldunorde geratu zen. Seniorretako talde nagusiak ez ezik, bigarren taldeak ere emaitza bikainak lortu zituen 1980ko hamarkadan. Gogoan dute hori Urumearen bazterreko zelaian: 1983-1984ko denboraldian, Satorrak deituriko taldea Bigarren Mailako puntan ibili zen. Bolada ona 1987an amaitu zen, lehen taldea Ohorezko Mailatik jaitsi zenean. Horrek arrastatu egin zituen gainontzeko taldeak ere, eta Hernanik gorengo mailetan zuen presentzia nabarmen urritu zen.
Hori gutxi ez, eta Espainiako federazioak egindako berregituraketa bat tarteko, lehen taldea Euskal Ligara jaitsi zen 1991n. Oztopoak oztopo, zaleek orduan ere ez zuten hutsik egin. “Elkartea gaizki zegoenean ere, suharrak bizirik mantentzea oso garrantzitsua izan da aurten 50 urte betetzeko”.
Egun ere, zaleen laguntza oso handia da. Laurei oilo ipurdia jartzen zaie 2012an Alcobendasen gertatutakoa oroitzen dutenean; egun hartan zelaiaren hiru heren Hernaniko zaleek betetzen zuten, eta ez ziren isildu partida osoan: “Jan egin genituen”, oroitu du Elosegik.
Helduek haurrei pasatu diete lekukoa, eta “zalerik sutsuenak” direla uste dute laurek. Haien itsutasunak txundituta dauka Genua: “Gu, haurrak ginela, futbolean aritzen ginen, eta oraingoak errugbian ibiltzen dira”. Ez hori bakarrik: “Orain, haurrek gure kamisetak jantzi eta kalean goazenean ezagutu egiten gaituzte”. Badu bitxikeria bat gaztetxoen inguruan. Jokalariak inguruko ikastoletara joaten dira jokoa erakustera; bada, askotan, haiek dira azalpenak ematen dituztenak, eta zuzendu ere egiten dituzte tarteka.
Ez da harritzekoa. Euskal Errugbi Federazioaren arabera, Hernani da fitxa gehien duen elkartea. “Oso harrobi ona daukagu”, dio Elosegik. Azken urteetan, oso maila ona ari dira ematen gazteenak: azken denboraldian lehen eta bigarren postuetan sailkatu dira talde guztiak, eta ez dira gutxi. Helduen taldeak soilik kontatuta lau dituzte; gizonezkoen bi, emakumezkoena, eta beteranoen mailakoa. Hortik behera, maila guztietan dituzte taldeak; bat baino gehiago gehienetan. Horregatik, pauso bat haratago joan nahi dute: “Ipar Euskal Herrian lehiatzera eraman nahi ditugu 14 urtez azpiko mailakoak. Ez da erraza, bulegoetan lan handia eskatzen duelako, baina horretan gabiltza”. Etorkizunera begira, erronka gehiago dituzte. Besteak beste, “senior mailan talde gehiagoren beharra” dagoela uste du Insaustik: “Iaz 42 jokalari izan ginen seniorretan, eta gure filosofia mantendu nahi badugu, komeniko litzaiguke hiru talde izatea, 60 jokalari izatea litzatekeelako onena”.
Hori da Hernanik duen berezitasunetako bat; mende erdi batean ez du filosofia aldatu. Salbuespenak salbuespen, herriko eta inguruko kirolariekin aritu dira mende erdian, eta datu horrekin “harro” daude laurak. Nahiz askotan horrek taldea sufritzera kondenatu, Genuak ez du aldatu nahi: “Fitxatzea da errazena. Diru zorroa ireki, behar duzun jokalaria aukeratu eta kito. Gainera, harrobitik igotako gazteak baino trebatuago dago. Hala ere, nahiz eta lan gehiago eskatu, nik nahiago gure filosofia”. Gainerakoek ere berdin ikusten dute. Urtebete gehiagoz aritzea “salto nabarmena” dela uste du Larretxeak, batez ere lehiaketaren dinamika hartzen dutelako, eta indar aldetik ere “eginago” daudelako gimnasioko lanari esker.
Salto handiena, elkartearen ikuspuntutik, azpiegitura aldetik emango dute, kirol aldetik osasuntsu baitabil Hernani. Elkarteko kideen kezkek ez dute zelaiarekin zerikusirik. Hobeto esanda, zelaiko partidekin, jokaleku diren zelaien egoera beste upeleko sagardoa baita. Uholdeek urtero txikitzen dituzte bi errugbi zelaiak, eta egoera zailean dago Landare Toki. Konponbidearen bila dabiltzala argitu du Larretxeak: “Ura erakundeak darama auzia, eta Hernaniko Udalari ez ezik, Urnietakoari, Donostiakoari, Astigarragakoari eta Eusko Jaurlaritzari zipriztintzen die. Hainbesteren interesak jokoan egonda, egoera zaildu egiten da, eta ez gara oso baikorrak”. Hala ere, badaki “benetako egoera txarrean” daudenak ez direla eurak, inguruko bizilagunak baizik.
Euren kasuan nola edo hala aurrera ateratzen dira, Reala, Bera-Bera, Urnieta eta beste zenbaiti esker. “Hala ere, gaztetxoek frontoietan eta eskolako patioetan entrenatu behar izaten dute, eta egoera kaxkarra gertatzen da”. Are kaxkarragoa litzateke, Elosegik esan bezala, belardia zaintzeko inor ez balute: “Zaintzaileek egundoko lana egiten dute, eta segituan lortzen dute zelaia ondo jartzea. Txalotzekoa da euren lana”.
Zelaiko azpiegiturez gain, beharrezkoa deritzo Elosegik gimnasioa handitzeari: “Hainbeste talde izanda, barruan entrenatzeko guneak txikiegi geratzen zaizkigu, eta jakina da errugbian indarrak zer garrantzi duen”. Horretarako dirua behar da, ordea, eta ez dabiltza sobera; aurrekontuak betetzeko sekulako lanak izaten dituzte. Bazkide ugari ditu taldeak, eta lauzpabost enpresa sostengatzailerekin batera haiek dira mantentzeko iturri nagusia. Kirolgik eta udalak ere eskaintzen dute laguntza ekonomikoa. Hainbeste talde izanda, gastuak ez dira nolanahikoak. Autobusetan gastatzen dute gehien, jokalarien fitxekin batera: “Aseguruak direla-eta ikaragarri igotzen zaie prezioa”. Haien atzetik datoz hotelak, materialak eta epaileen soldatak.
Gastuak gastu, uholdeak uholde, ez dira errugbiaz nazkatzen. Horren adibide, Elosegirentzat gauzarik txarrena dena: noizbait erretiratu beharra. Larretxeak ere errugbiari berari ez dio alde txarrik ikusten: bestela ohartuko zen 50 urtean. Hori bai, ez zaio batere gustatzen errugbiak jendearen begietara duen fama txarra. Alde txarren bat ikusten dion bakarra Genua gaztea da; arropa garbitu beharra. Mende erdian zenbat garbigailu jarri ote dira martxan lokatzez jositako landareak garbitzeko. Onena, ez duela aldatzeko itxurarik.
Leave a Reply